
STOCKAREN AZOKA 2017. Tokiko merkataritzako hainbat sektoretako 45 establezimenduk 62 stand jarri zituzten Baluarten, lau egunez, eta 19.500 lagun izan ziren.
AUZOETAKO KANPAINA Herritarrak auzoetan erostea zein garrantzitsu den kontzientziarazteko, udaberriarekin batera, «Hurbileko merkataritza, hobe hurbil» kanpaina jarri da abian. Iruñeko 207 saltokik eta 7 auzok parte hartu dute; sustapen-kanpaina honen amaieran 5 hiri-bizikletaren zozketa egin zen, egindako erosketak saritzeko.
LIBURUAREN ETA LOREAREN EGUNA. Urtero, apirilaren 23an, eta Liburuaren Mundu Eguna ospatzeko, Iruñeko 17 liburu-dendak % 10eko beherapena eta 4.000 lore eskaintzen dituzte Karlos III.ak eta Orreaga Etorbideak bat egiten duten tokian.
MERKATARITZAREKIN, HIRIA, HIRIAGO. Ekainean jende guztiarendako jarduerak eskaini ziren, hala nola kaleko atrakzioak, puzgarriak, haur-lantegiak, dastatzeak, sustapen bereziak eta musika. Alde Zaharrean Gau Zuri Gorria ekitaldia egin zen; hau da, ia 100 dendak moda-desfileak, lantegiak, erakusketak, kalejirak, dastatzeak, kontzertuak eta deskontu bereziak eskaini zituzten, eta gaueko hamarrak arte zabalik egon ziren.
HIRU BURGUEN ERDI AROKO AZOKA. Batasunaren Pribilegioaren oroitzapenezko ekitaldien barruan, irailaren 7, 8, 9 eta 10ean egiten da, eta 120 postu jartzen dira Alde Zaharreko kale nagusietan. Erdi Aroko Iruñeko bizimodua oro har eta merkataritza bereziki erakusten duen ekitaldi honetan antzinako lanbideen erakustaldiak, antzezpenak eta kaleko musika ere izaten dira.
ZABALGUNEA LA NUIT ekimenak artea aukeratu du zortzigarren edizioaren ardatz izateko. Iruñeko Udalak eta Zabalguneko Merkatarien Elkarteak merkataritza eta ostalaritzako 74 saltoki biltzen ditu iraileko azken asteburuan, sasoi berria datorrela bezeroekin eta bisitariekin batera ospatzeko. Pintura, musika, dantza, kontzertuak, sustapenak eta beherapenak, besteak beste, Zabalgunea merkataritzaren eta herritarren jai handia izan dadin.
TOKIKO PRODUKTUEN II. ASTEA. Bost egunez ekitaldi hau egiten da, eta harrera ona izaten du herritarren zein, urriaren 12ko zubiaz baliatuta, Iruñera datozen bisitarien aldetik. Gaztelu plazan Nafarroako Elikagai Artisauen Elkarte, NNPEK eta INTIAko ekoizleen 50 postu izan ziren. Baionako eta Hondarribiko produktu batzuk ere izan ziren. Hirirako eta Nafarroarako oro har bertako produktuak zer garrantzi duen erakusteko ekimenaren osagarri, erakustaldiak, dastatzeak, hitzaldiak, lantegiak eta txangoak ere egin ziren. «De aquí/Hemengoak» logo ofiziala zuten 4.200 poltsa banatu ziren.
BLACK FRIDAY. 2017ko azaroan sustapen-kanpaina honen laugarren edizioa izan zen; Iruñeko ia 200 saltokik bat egin dute kanpainarekin. Udalak eskaintza eta beherapen handien berri emanez parte hartu zuen sustapen honetan, Eguberrietako erosketen aurretiko urrats modura.
EGUBERRIETAKO ARGIAK. Blachere Ilumination da argi-kontratuaren adjudikazioduna, eta argiak piztuta edukitzeaz arduratu da 2017ko azaroaren 29tik (San Saturnino, Eguberrietako kanpainaren inauguraziorako ohiko eguna Iruñean) 2018ko urtarrilaren 6ra arte. Kaleetan 193 arku jarri dira, eta 140 apaindura-motibo faroletan. Horrez gain, argiztapen berezia ere jarri da bost plaza hauetan: Merindadeena, Vianako Printzearena, Askatasunaren plaza, Gaztelu plaza eta Udaletxe plaza. Gainera, Karlos III.eko oinezkoentzako pasealekuan neurri handiko Eguberrietako bi zuhaitz jarri ziren eta, berritasun gisa, Gayarre antzokiko fatxada argiztatu zen.
GARRAIO PUBLIKOAREN SUSTAPENA. Iruñeko Udalak Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Eskualdeko Hiri Garraioarekin hitzarmena sinatu du, garraio publikoa, batez ere Eguberrietan, baina baita merkealdian ere, sustatu eta bultzatzeko. Hitzarmen honen bitartez doako 42.860 ticket banatu ziren Alde Zaharreko eta Zabalguneko 308 saltokiren artean, Eguberrietako erosketak egiten zituzten bezeroei eman ziezazkieten. Sustapen-kanpaina xede bereko beste ekimenetako bat da, eta hortaz, herritarrak Iruñeko erdigunea den atari zabaleko merkataritza-gune handiaz gozatzera animatu nahi ditu, bertan dauden merkataritza- eta ostalaritza-establezimendu guztiekin, erosketak beti, eta bereziki kontsumorako hain garrantzitsuak diren Eguberrietan, horietan egin ditzaten.
EGUBERRIETAKO AZOKA ETA BESTE ANIMAZIO-GUNE BATZUK. Eguberrietako Azoka zabalik egon zen abenduaren 15etik 2018ko urtarrilaren 7ra arte, eskulangileen 27 posturekin. Bi animazio-gune handi ezarri ziren Iruñeko erdialdeko bi merkataritzagune nagusietan: 400 metro koadroko karpa bat Gaztelu plazan, eta Meraki haurrentzako dinamizazio-gune berezia Amaia kalean. Bi gune horietan era guztietako jarduera erakargarriak ezarri ziren, familiei eskainita oro har. Eguberrietako ibilaldi gozoak, herri txokolate-jana eta gabon-kantak, ibilaldiak dromedario gainean, Sarasateko pasealekuko joko-pista, auzoetako animazioak ere izan ziren hurbileko merkataritzarako urteko animazio- eta dinamizazio-eskaintzarako hain garrantzitsuak diren Eguberrien osagarri.
Iruñeko Udalak eta Zabalguneko eta Ermitagañako udal-merkatuek jarduera batzuk egiten dituzte urtean zehar (dagoeneko aski finkatuta ekitaldi-egutegiaren barruan), Udal Merkatuak produktua eta marka, produktu freskoen eta kalitatezkoen erreferente gisa, sustatze aldera.
Urtarrila: Merkatuen logoa duten 4.000 poltsa berrerabilgarri banatu ziren, 15 eurotik gorako erosketen truke.
Otsaila: Hamarna euroko 225 erosketa-txekeren zozketa, udal-merkatuetan erabiltzeko.
Martxoa eta azaroa: Merkatuen erruleta 2009tik abian jarritako sustapen-ekintza bat da, zeinaren bidez, herritarrek, merkatuan erosteagatik, postuetako ehunka produkturen zuzeneko zozketan parte hartzen duten.
Martxoa, ekaina, iraila eta abendua: Lantegi bereziak, oporraldietan (Aste Santuan, udan eta Eguberrietan) eta eskolara itzultzeko garaian (iraila). 8 eta 12 urte bitarteko umeendako, 2 euro pertsonako. Ia 200 umek parte hartu dute lantegi horietan.
Apirila eta urria: Ahogozatu Udaberria eta Ahogozatu Udazkena. Merkatuetako produktuez eginiko 900 pintxo dastatzea. Iruñeko sukaldari ezagunek egin zituzten pintxoak, eta euro bat ordainduta jan ahal izan zituzten, Nafarroako ardoaz lagundurik. Bildutako dirua helburu sozial eta solidario batera bideratzen da beti; 2017an, ANA (Nafarroako Autismo Elkartea) eta Munduko Medikuak izan dira lortutako diruaren hartzaileak.
Maiatza: Nafarroako produktuen dastatzeak: Bezeroen artean 450 errazio idi-masail banatu ziren.
Ekaina: Merkataritzarekin, Hiria Hiriago – Bizi uda Iruñeko merkatuetan: egun horretan merkatuetan erosten dutenei loreak (gerberak) ematen zaizkie, udari ongietorria emateko.
Ikasturte osoan: Iruñeko ikastetxetarako bisitak «Elikatu ongi bertako produktuekin», Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailetako ikasleendako. Merkatuko postuak ezagutzea, nutrizioari zein ohitura osasungarriei buruzko informazioa eta errezetak zuzenean egitea, umeek hamaiketakoan jan ditzaten.
Ia 400 lagunek parte hartu dute prestakuntza hauetan ikasturtean zehar.
Abendua: Eguberrietako kanpaina, eta Merkatuen egutegia ohi bezala bezeroen artean banatzea. Guztira, 11.800 ale banatu ziren.
IRUÑA, EKINTZAILE. Prestakuntza-programa honek Industria Sortzaileak eta Digitalak hartu ditu aurten ardatz, 16 ekintzaileri negozio-ideia bat bilatzen eta hura gara dezaten laguntzeko. Programak 15 enpresa-ekimen berriren garapena abian jarri du hirian. Gainera, programa horren barruan biltzar bat ere egin zen sektoreko joerak eta aukerak erakusteko; 35 hizlari eta 199 parte-hartzaile izan ziren biltzar horretan.
Denda Naiz. Proiektuak bizkortzeko ekimen bat, negozio-ideia berritzaileak garatzen laguntzeko, Iruñean negozio bereizgarri berriak abian jar daitezen. 2017an, 13 ekintzaile eta 8 proiektu hartu ditu barnean. Jendea erakartzeko bi jardunaldi egin ziren, eta txikizkako merkataritzaren joerak aztertu ziren; 139 lagunek parte hartu zuten.
EMAKUMEEN EKINTZAILETZARI BURUZKO ZIKLOA. Ziklo honetan hiru jardunaldi egin ziren, non enpresa berri bat abian jartzeko prozesuari lotutako hiru esparru aztertu ziren (marka pertsonala, salmentak eta finantzaketa), emakumeen ekintzailetzaren ikuspegitik; 63 lagunek parte hartu zuten.
Lantegi praktikoak: ebaluazio indibidualizatuko araubideko diru-laguntzen deialdira (Iruñeko Udalak gazte ekintzaileek enpresak sor zitzaten 2017an egindako diru-laguntzen deialdira, alegia) proiektuak aurkeztu zituzten ekintzaileek beren enpresa-plana diseinatu dute lantegi hauetan (deialdian plan hori aurkeztu behar zen). Hiru lantegi egin dira, eta 10 lagunek parte hartu dute.
CEIN-Iruñeak arreta eman die Iruñeko Udaleko Ekintzaileen Arretarako Bulegoak zein udaleko beste alor batzuek bideratutako 72 ekintzaileri.
TREBATU. Ekimen honen bidez gizarte-ekonomiako erakundeek eta enpresa txikiek udal-kontratazio publikora jo dezaten bultzatu nahi da. Lau prestakuntza-lantegi egin ziren: «Kontratazio Publiko sozialki arduratsua, eta haren inpaktu soziala», «Kontratazio Publikoa aukera gisa. Kontratatu motak. Loteak. Oinarrizko gaiak», «Nola aurkeztu eskaintza bat kontratu publiko batera», «Kasu praktikoen aurkezpena, eta zalantzak argitzea». 96 lagun bertaratu ziren.
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezkoaren Sareak (REAS) jardunaldi hau antolatu zuten –hala gizarte-ehunari nola toki-administrazioetako profesional eta kargudunei zein interesa duten herritarrei irekia–, politika publikoek ekonomia sozial eta solidarioa garatzeko zer ahalmen duten hausnartzeko, lan horretarako proposamen eta tresna baliagarriak aurkezteko, eta ikuspegi horretatik lanean jada hasi diren udalerrien esperientziaren berri emateko.
2017an, sei aldiz bildu zen, honako hau egiteko: Iruñeko Merkataritza Eskari eta Eskaintzaren gaineko azterketen ondorioak aurkezteko, Iruñeko Merkataritzako Plan estrategikoaren ildo estrategiko eta helburuei buruz galdetzeko eta horri ekarpenak egiteko, Turismo Ugariko Eremuaren deklarazioari buruzko informazioa emateko, Merkataritzako Plan Estrategikoaren gaineko informazioa emateko, saltoki-erroldari buruzko informazioa emateko, Bigarren Zabalguneko pertsianen garbiketari buruzko hitzarmenaren berri emateko, Iruñeko saltegiek irekitzea baimenduta duten igande eta jaiegunen 2017ko egutegiaren aldaketari buruzko informazioa emateko, Presidentetza Batzordearen 2017ko irailaren 4ko erabakiaren berri emateko (2018ko sanferminetan legez kanpoko merkataritza eragozteko plana ezartzearekin eta Udalak sanferminen mahaietan horri buruzko plana egiteaz egindako planteamenduarekin lotuta), eta Iruñeko Merkataritzako Plan Estrategikoaren ildo orokorrei buruz informatzeko.