Iruñeko Udalaren 2017eko memoria

HERRITARRENDAKO PROIEKTUAK

Iruñeko Udalak Bulego Estrategikoa abiarazi zuen 2017an, Europako funtsen laguntzen deialdiak identifikatzeko, eta proiektuak prestatu, aurkeztu eta kudeatzeko, bai eta udal-proiektu estrategikoetarako kanpo-finantzaketa lortzeko ere.

2017an, Europako proiektuen 11 proposamen aurkeztu dira. Eta 3 proiektu zuzenean kudeatu dira.

CREACITY

Helburua: Creacityren helburua da eskaintza turistiko erakargarri eta kalitatezkoa garatzea, Hondarribia-Baiona-Iruñea mugaz gaindiko hiri-eskualdeko ondare harresituaren balorizazioari lotuta. Proiektuak erronka du hiru hiriek hartzen duten lurraldea ongi kokatutako helmuga bihurtzea, kulturaren eta negozioen arloetako turismoa erakartzeko urteko urtaro guztietan. Horretarako 4 estrategia bateratu ezartzen ditu irizpide jasangarrien araberako zaharberritzearen, sormen artistikoaren, berrikuntza turistikoaren eta gastronomiaren sustapenaren alorretan.

JACOB@ACCESS

Desgaitasunak dituztenek kultura eta ondarera jotzeko orduan dituzten desabantailak gutxitzea da proiektuaren helburua, eta haiek gizarteratzen laguntzea. Proiektuaren bazkideek mugaz gaindiko azpiegitura-sarea sortzea proposatzen dute, desgaitasuna dutenak mugaz gaindiko lurraldeetako kulturara hobeto iritsi ahal izan daitezen diseinaturik. Donejakue Bideari loturiko ondarea izanen da partekatutako gai nagusia. Proiektuko bazkideak honako hauen inguruko lankidetza izanen dute: irisgarritasun materiala (higiezinen eta higigarrien banaketa) eta immateriala (desgaitasuna duten pertsonek erabiltzeko diseinaturiko museo- eta bizipen-irtenbide berritzaileak).

KINTOAN BARNA

Kintoan Barna programaren xedea da eskaintza turistiko kalitatezkoa eta erakargarria garatzea. Eskaintza erakargarri horren ardatza izanen dira baliabide natural eta identitarioen balioa, ondarea, historia komuna eta gastronomia, Garazitik Iruñera zabaltzen den korridorean, Baigorriko, Garaziko eta Esteribarko ibarrak zeharkatuz eta muinean Kintoa duen mugaz gaindiko eskualde txiki bat osatuz. Proiektuaren asmoa da lurralde-korridore hori helmuga turistiko bihurtzea, eta produktu integral gisa posizionatzea turismoa erakartze aldera, bai eta bertako garapen sozioekonomikoa bultzatzea ere, hartara, egungo despopulazio joerari aurre eginda. Aldaketa horrek lotura zuzena du Garazi-Iruña lurralde berri bat sortzearekin, turismo kulturala eta naturala sustatzeko hainbat aukera emango dituena: mendi-ibilaldiak, naturako kirola, bertako produktuen eskaintza zabala, kalitatezko ostatuak eta identitatearekin zein historia komunarekin zerikusia duten jarduerak.

SPAGYRIA

Proiektuak, mugaz gaindiko lankidetza-ekintzen bidez, produktu kosmetiko ekologikoak ikertu eta garatu nahi ditu. Horretarako, kideek berrikuntza eta teknologia arloko sare bat sortuko dute, enplegurako zentro bereziez, eta ikerketa- zein eraldaketa-zentroez osatuta. Lan-ildo berri bat ezarriko da proiektuaren bazkide diren enplegurako zentro berezietan; lan-ildo horren barruan, sendabelarrak landatuko dira, eta horiek izanen dira abiapuntua produktu kosmetikoen inguruan ikertzeko eta horiek garatzeko. Horrekin batera, proiektuak arau bat garatuko du, izaera ekologikoa ziurtatzeko/egiaztatzeko; proiektuko kideek, ondoren, ziurtapen/egiaztapen horren erabilera partekatua izanen dute, eta ildo berean lan egin nahi duen edozein ekoizle ekologikori transferitu ahalko diote. Iruñeko bazkideak dira.

AUZOETAN JARDUTEKO PLANAK

IruñA Hegoaldeko Hiri Garapen Jasangarri eta Integratuko Estrategia 2016an egin zen, eta EEGF funtsen laguntza-deialdi batera aurkeztu zen. Onartu ez bazen ere, Udalak EDUSI gauzatzeko bost urteetan (2017-2021) 2,5 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu zuen. Helburu hauek ditu estrategia horrek: Azpilagaña, Milagrosa eta Santa María la Real auzoak eraberritzea ikuspegi integratu eta parte-hartzaile baten bidez.

HIRIKO PLANA

Bulego Estrategikoaren funtzioetako bat hiriko plan estrategiko bat diseinatu, prestatu eta kudeatzea da, epe luzerako hiri-eredua, helburu estrategikoak, jardun-ildoak eta proiektu estrategiko eraldatzaileak zehazte aldera. 2017an, diagnostiko estrategikorako bide-orria zehaztu da eta kontratazio-pleguak egin dira.