Iruñeko Udalak, Hondarribiko eta Baionako Udalekin batera, parte hartzen du kulturan, ondarean eta gastronomian oinarritutako turismoari buruzko Creacity mugaz gaindiko proiektuan. Proiektu hau, hein batean (% 65) Eskualde Garapeneko Europako Funtsek (EGEF) finantzatu dute Espainia, Frantzia eta Andorra Lurraldeen arteko Lankidetzako Programa Eragilearen INTERREG V A programaren bidez (POCTEFA 2014-2020), .
Proposamen honek nabarmendu egiten du hiru hirien gotorleku-ondarea, turismo kulturaleko ekimenen eta berrikuntzan oinarritutako sormen-lan artistikoen bidez, eta helburu du hiru hiriek hartzen duten lurraldea ondo kokatutako helmuga bihurtzea, urte osoan, turismo kulturala eta negozioetakoa erakartzeko.
Lan-ildoak
Zaharberritze jasangarria
Espazioak zaharberritzearen xedea da jasangarritasun eta irisgarritasun irizpideen arabera birgaituko diren espazio eta lekuei ondare-balio handiagoz janztea. Behin zaharberrituta, bisita gidatuen bitartez historia ezagutzeko eta ulertzeko leku bihurtuko dira, bai eta jarduera kultural eta gastronomikoak antolatzeko eta ibilbide turistikoak osatzeko gune ere.
Sormen artistikoa
Ekimen honek gotorleku-ondareari lotutako programazio kultural berritzailea txertatu nahi du, inklusiboa eta irisgarria, non kide bakoitzak tradizioa eta abangoardia nahastu eta eskaintza komunari bere aktiborik onenak gehituko dizkion. Hala, musika-ekitaldi komunak programatuko dira, eta talde, artista eta eskolak elkar trukatuko.
Berrikuntza turistikoa
Lankidetza-taldeko kideek eskaintza turistikoaren planifikazioa eta analisia egiteko tresna berriak izatea sustatuko da, bai eta lurraldea helmuga turistiko gisa sustatzeko tresnak eta baliabide turistikoen irisgarritasuna hobetzen duten tresnak ere. Halaber, bultzatuko da gotorlekuei lotutako animazio-programak antolatzea, hala nola hiru hirietara bisita gidatuak, turismo-produktu komun bat sortzea eta hainbat formatutako material turistikoak egitea eta sortzea.
Gastronomia bultzatzea
Sormenezko proposamen gastronomikoak bultzatuko dira, tokiko kalitatezko produktuak oinarri, eta horretarako antolatuko dira kultur eta animazio programazioak lagunduko dituzten azokak, erakustaldiak, lehiaketak, etab.