Ernest Hemingway eta haren lehen emazte Hadley Richardson (haien lehen semeaz haurdun) 1923ko uztailaren 6an heldu ziren lehen aldiz Iruñera. Hona datoz Gertrude Stein idazleak hiria gomendatu dielako bigarren eztei-bidaia batez gozatzeko. Hemingwayk 1923ko ekainaren 20an bere ama Grace Hall Hemingwayri bidali zion gutunean Hadley eta bera oso pozik daudela aurreratzen dio “Pampaluna”-ra doazelako. Uztailaren 5ean, 10:30ean, Parisetik aterako direla azaltzen dio, eta Donostiara gaueko hamarrak aldera helduko direla, eta biharamunean “Pampaluna”-rantz abiatuko direla. “Nafarroan dagoen hiri eder eta txikia” dela esaten dio, “Frantziako mugaren ondoan”. Hurrengo gutunetan jada “Pamplona” ongi idazten du.
Hemingwayk bederatzi aldiz disfrutatu zituen sanferminak: 1923tik 1927ra, 1929an, 1931n, 1953an eta 1959an. Iruñean beste bitan ere egon zela frogatuta dago: 1926ko maiatzaren 28an (Madriletik Antibeserako bidaian bertan egin zuen lo) eta 1956ko irailaren 21ean (Logroñoko festetara bidean).
Gerra Zibilak eta errepublikaren alde eta Francoren diktaduraren aurka lerratu izanak diktadoreak idazlea pertsona non grata deklaratzea ekarri zuten, eta haren liburuak hamarnaka urtez zentsuratuta egon ziren. 1953an bueltatzeko aukera izan zuen, eta hala egin zuen. Ernest Hemingwayk oso argi zuen Iruñean sentitzen zuen zoriontasuna ez zuela munduko beste inongo tokitan aurkitzen.
Argibide gehiago jasotzeko haren biografiari buruz, sakatu hemen.
Sanferminak
Iruñean eta Nafarroan Hemingwayk, haren familiak eta lagunek munduan toki aparta aurkitu zuten, haiendako ordura arte ezezaguna zen festa batez gozatzeko aukera ematen ziena. 1923ko uztailaren 6an, 24 urterekin, Ernest Hemingwayk betirako aldatuko zuen bizitza-bidaia bat hasi zuen Iruñean.
Iruindarren izaerak eta hiriko kaleetako poztasunak harrituko zuten loratzear dagoen idazle eta jada eskarmentu handia duen kazetari gaztea. Bertako biztanleen adeitasuna eta eskuzabaltasuna ‘The Sun Also Rises’ liburuan islatuta geratu zen, Hemingwayk Jake Barnesen ahotan, Gazteluko plazan autobus batera igo eta hitz hauek jarri zituenean: “euskaldun hauek jende zoragarria dira”.
1923ko uztailaren 18an, William D. Horne-ri gutun batean honela esan zion: “Iruñetik heldu berri gara, gure bizitzetako asterik onena igaro ostean... Iruñeko Feria handian: zezenketak 5 egunetan zehar, gau eta egun osoa dantzan –musika zoragarria, danborrak, flautak, txirulak–, Velázquezen mozkorren musuak eta Goya eta El Grecoren aurpegiak, gizon guztiak alkandora urdinak jantzita eta zapi gorriak lepoan, dantzatzean biribiletan hegan egiten zutela zirudien...”.
1923ko urriaren 27an Hemingwayk Iruñeari buruzko lehen artikulua argitaratu zuen Toronto Star Weekly-n, non sanferminak deskribatzen baititu. “Inauterien zoramenaz betetako kaleak”. “Inauteri-zurrunbilo zoroa”. “Ez dago festa hauekin alderatu daitekeen inauteririk”. Artikulu horretan zera dio: “Iruñea inoiz ikusi dudan tokirik dibertigarriena da”.