
Astelehenean irekiko da epea haur eta nerabeei zuzendutako jardueretan izena emateko, hiriko auzo guztietan. Jarduerak urteko azken hiruhilekoan eginen dira, eta, besteak beste, honako hauek eskainiko dira: saskibaloia, futbola, txangoak mendira, ikasteko laborategiak, ludotekak, eskola-laguntza, sorkuntza, hiri-dantzak, jarduera artistiko eta teknologikoak eta monitoreen prestakuntza.
Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorrak eta haur eta nerabeen erakunde komunitarioek askotariko aisialdi-aukerak aurkeztu dituzte hezkuntza-ikuspegi batetik, eta 3 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta daude jarduera guztiak. Monitore espezializatuek eta hezkuntzaren arloko erreferenteek emanen dituzte horiek guztiak, haur eta nerabeendako gune seguruak eta babesleak sortzeko eta finkatzeko xedez.
Jarduerak zentro komunitarioetan, ikastetxeetan, kiroldegietan eta babesa emateko eragiletzat hartzen diren auzoetako elkarteen topaketa komunitarioko guneetan eginen dira. Informazioa, jarduera-programa, epeak eta ordutegia barne, xehe-xehe kontsultatzen ahal daIruñeko Udalaren webgunean.
Programak haur eta nerabeen ongizatean eta garapen pertsonalean jartzen du arreta ikasturte honetan, lotura komunitarioak sendotzeko eta hiriko auzoetan hezkuntza-, sormen- eta aisialdi-guneak eskaintzeko xedez.