3 eta 12 urte bitarteko 600 haurrek parte hartu dute dagoeneko uda honetan, uztailaren 15etik abuztuaren 14ra, Iruñeko Udalak antolatutako hiri-kanpaldietan. Bost aste hauetan, Iturrama HLHIPn eta Patxi Larrainzar IPn antolatu dira kanpaldiak, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten laguntzeko xedez.
Udaz gozatzeko jarduerez betetako proposamen dibertigarriak dira kanpaldiak, eta jokoak, eskulanak, kirola eta sormen-lantegiak egiteko aukera ematen dute. Haurren Eskubideen ikuspegia ardatz hartuta izan dira sortuak. Ez dira soilik zaintza egiteko guneak edo haurrak uzteko haurtzaindegiak: adin bakoitzera egokitutako jolas-, hezkuntza- eta sormen-jarduerak eskaintzen dituzte ere, eta hala, kalitate pedagogikoa bermatzen da. Kanpaldietan langile gaituek egiten dute lan, haurrek konfiantzaz beteriko harremanak sor ditzaten.
Kanpaldietan parte hartzeko 120 toki eskaini dira astero, jantoki-zerbitzua barne, 08:00etatik 15:30era. Kanpaldiei esker, gurasoek aukera dute erantzukizun pertsonalak, lanekoak eta familiarekin lotutakoak bateragarri egiteko eta orekatzeko, eta aldi berean, haurrei jolas- eta hezkuntza-gune segurua eskaintzen zaie.
Premisa argi dago: hiri-kanpaldiak auzoetan antolatzea garrantzitsua eta berebizikoa da, haurren sozializaziorako eta garapenerako ingurugiroak baitira. Horrekin guztiarekin, Udala haur eta nerabeen erakunde komunitarioekin ari da lankidetzan, haur eta nerabeei babesa emateko eragileak baitira. Hala, Iruñeko auzoetako haurrek aukera gehiago dituzte mota horretako guneez gozatzeko.