Ostiralean bueltan da R-Konekta zikloa: 12 eta 17 urte bitarteko nerabeendako jolasak eta aisia-jarduerak, doan, Basotxoan

Ostiralean bueltan da R-Konekta zikloa: 12 eta 17 urte bitarteko nerabeendako jolasak eta aisia-jarduerak, doan, Basotxoan
Jolasgunea 18:00etatik 21:00etara egonen da zabalik
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Sanferminak direla-eta etenaldia egin ondoren, ostiralean Basotxora bueltatuko da R-Konekta nerabeendako aisialdi alternatiboko proposamena. Hala, 12 eta 17 urte bitarteko gazteek aire zabaleko jarduera eta jolasez gozatzeko aukera izanen dute, 18:00etatik 21:00etara bitarte.

R-Konekta programak elkarrekiko lotura sustatzea du xede, beste pertsonekin topatu, jolastu eta ikasteko. Prebentziozko gune erakargarri eta dibertigarria da, eta bertan ez da pantailarik erabili behar. Jarduera guztiak doan dira eta adin-tarte horrendako berariaz diseinatuta daude, sozializazioa errazteko. Proposamena ostiralero eginen da irailaren 11ra arte. 

Iruñeko Udalak bereizitako lau jolasgune gaituko ditu ostiralero Basotxoko eremuan, ingurua segurua eta osasungarria izanen dela bermatuko duen lantalde espezializatu batek dinamizatutako hainbat aisialdi-proposamen eskainita. Hala, mahai-jokoendako eremu bat egonen da. Nerabeek hainbat mahai-jokoren partida azkarrak jolasteko aukera izanen dute, hala nola Impostor, Six-Seven edo Cards versus Gravity. Bestalde, arku-tirora jolasteko eremu bat sortuko da, eta bertan txapelketak eginen dira punteria praktikatzeko. Hirugarren gunea kirol anitzetakoa izanen da eta ping-pongera, saskibaloira eta boleibolera jolasteko aukera izanen dute, besteak beste. Azkenik, jolas alternatiboen eremua egonen da eta bertan hainbat joko jarriko dira parte-hartzaile gazteen eskura, hala nola Stick Flip, Tossit eta golfa.

Basotxoa nerabeendako jolasgune izateko hainbat arrazoi daude: hiriko erdigunean, oinezkoendako eremuan eta aire zabalean dagoelako eta bertan parte-hartzaileak eroso eta seguru sentitzen direlako, beren aisialdia baldintzatuko duen zirkulaziorik gabe. Ekimen honen bidez, Iruñeko Udaleko Haurren, Nerabeen eta Familien Prebentziorako Programaren barruan eta "Iruña, hiri jostagarri” ildoari jarraikiz, Udalak aisialdi-proposamen gutxiago dituen adin-talde batean jarri nahi du arreta. Jarduerak diseinatzeko orduan adin-tarte horren interesak, gustuak eta elkarreragin-dinamikak kontuan hartu dira. Horien bidez, berdinen arteko sozializazioa eta topaketa sustatzeaz gain, egoneko bizitza eta hiperindibidualtasuna saihestu nahi dira. 

¿Te ha sido útil esta página?