Udalak oinezkoen beste lau pasabide semaforodun planteatu ditu Sanduzelaiko biribilgunearen inguruan mugikortasun murriztua dutenen joan-etorriak errazte aldera

Udalak oinezkoen beste lau pasabide semaforodun planteatu ditu Sanduzelaiko biribilgunearen inguruan mugikortasun murriztua dutenen joan-etorriak errazte aldera
Lanek barne hartzen dituzte beste bi autobus-geltoki futbol-zelaiaren inguruan eta oinezkoendako beste pasabide semaforodun bat Sanduzelaiko etorbidean
Fitxategi
san jorge pasos de cebra

 

Udalak oinezkoendako lau pasabide semaforodun berri egitea aurreikusten du Sanduzelaiko biribilgunearen inguruan, bai eta bi autobus-geraleku futbol-zelaiaren eremuan eta oinezkoendako beste pasabide semaforodun bat Sanduzelaiko etorbidean ere. Obrak egiteko aurreikusitako iraupena hiru hilabetekoa da, eta berehala hasiko dira.

Esku-hartze hori, Udalak auzotarren eskaerei emandako lehen erantzun bat izateaz gain, helburu du auzoak dituen lau eremuen arteko irisgarritasuna hobetzea, Nafarroa eta Sanduzelaiko etorbideek banatzen baitute. 

Auzotarrek etorbideak lurperatzeko egindako eskaeraren aurrean, hasierako irtenbide bat hautatu da, epe motzean abiatu daitekeena eta auzotarrei eragiten dieten ia obrarik gabe, Nafarroa etorbidean egin diren beste esku-hartzeen ildoari jarraiki (zehazki Félix Huarte plazaren parean). Ingurabide zaharra kale bihurtzeko beste urrats bat eman nahi da. 

Oinezkoendako pasabide semaforodunek eremu guztiek sarbidea maila berean izatea erraztuko dute, egun dagoen biribilguneari izaera hiritarragoa emateaz gain. Hirigintza-irtenbide azkarra da, beste irtenbide batzuk arriskuan jartzen ez dituena, baizik eta kontrakoa: irtenbide berriendako oinarri gisa balio dezake. Edukiera- eta trafiko-azterketak egin dira, eta horietatik proposamenaren bideragarritasuna ondorioztatu da.

Proposamen hori etorkizunean oinezkoei espazio gehiago eman eta zirkulazio-erreiak murrizteko egin daitezkeen proposamenekin bateragarria da, Udalaz gaindiko planteamenduen ondoren Iruñerrian sarbide berriak egiten badira eta iparraldeko hiri-sarea osatzen bada, bi etorbideetako zirkulazioa murriztuz. Era berean, lurperatzeko irtenbidea ere ez du arriskuan jartzen, hura posible balitz eta gomendatuta balego. 

Irisgarritasuna 
Auzotarrek udal-ordezkariei beren kezkak adierazi zizkieten, pertsona batzuek, batez ere adinekoek eta mugikortasun murriztua dutenek, plazaren lurpeko eremura iristeko zailtasunak zituztelako, arrapalen malda dela eta. Egun, inguruko etorbideek duten egiturak banaketa bat sortzen du eta epe laburrean irtenbide bat emateko udaberrirako amaituta egonen diren oinezkoendako bost pasabide sortuko dira.

Pasabide berrietako lau Sanduzelaiko biribilgunearen lau ardatzetan jarriko dira, Nafarroa eta Sanduzelaiko etorbideen arteko elkargunean. Pasabide horiek bi zirkulazio-noranzkoen arteko banaketa estaliko dute, eremuaren konexioa erraztuz biribilguneko lurperatutako eremua gurutzatu beharrik gabe. 

Oinezkoendako bosgarren pasabidea Sanduzelaiko etorbidean egitea aurreikusita dago, elizaren ondoko eremuan, bertan arrisku egoerak eragiten dituzten arauz kanpoko gurutzaketa ugari egiten direla egiaztatu baita. Pasabide semaforodun horrek, Lucea Doktorearen kaletik gertu, etorbidea segurtasunez gurutzatzea ahalbidetzen du, batez ere, mugikortasun arazoak dituzten pertsonendako. Era berean, Sanduzelaiko etorbidearen iragazkortasuna handitzea lortuko da, tarte horretan 100 metrotik beherako tarteetan oinezkoendako pasabideak ezarrita.

Pasabide semaforodun horiek egiteko inbertsioak nagusiki Iruñeko Udalak duen “semaforo instalazio berriak” partidaren kontura eginen dira, eta aurten Sanduzelai izanen da horien onuradun nagusia. 

Autobus-geraleku berriak Sanduzelaiko etorbidean
Auzotarren beste eskaera bat hiri-autobusen beste geraleku bat egitea zen, Nafarroa etorbideko azken geralekuaren eta etorbidearen azken tartearen artean dagoen distantzia dela eta, bertan etxebizitza ugari baitaude. Zerbitzuaren arduraduna den Iruñerriko Mankomunitatearekin kontsultatu ondoren, beste bi geraleku gaituko dira, bat noranzko bakoitzean, Sanduzelaiko etorbidean, futbol-zelaiaren eta ikastolaren inguruan.

 

Hobekuntzak Sanduzelai auzoan

  • Oinezkoendako bost pasabide semaforodun berri
    • Lau biribilgunearen ingurunea gurutzatzeko
    • Pasabide bat Sanduzelaiko etorbidea elizaren ondoko eremuan gurutzatzeko
  • Autobus-geraleku berriak Sanduzelaiko etorbidean, futbol zelaiaren ondoan
  • Lanak hiru hilabeteko epean amaituko dira