Iruñeko Udalak teknologia berrien garapena baliatu nahi du zirkulazioaren kontrola hobetzeko eta hirian arnasten den airearen kalitatea neurtzeko, 60 kamera eta 10 aire-sentsore instalatuta. Horiez gain, 375 aparkaleku-sentsore instalatzen ari da, mugikortasun murriztuko pertsonendako, zamalanetarako eta erreserbatutako edo zuzkidurazko aparkaleku-plazak behar bezala erabiltzen direla kontrolatzeko.
Javier Labairu Herritarren Segurtasunerako zinegotziak gaur goizean aurkeztu du sentsore-sistema hori, proiektuaren zuzendari Miguel Tardáguilarekin batera, eta sentsoreak dituen guneetako bat bisitatu dute, hiriko Lehen Zabalgunean.
Jarduera horiek 915.000 euroko laguntza jasoko dute Europatik, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan. Plan horrek Next Generation EU funtsen bidez ematen du finantzaketa. Era berean, GoGreen Iruña - Energia Trantsiziorako eta Klima-Aldaketarako 2030 Estrategiaren barruan kokatzen dira jarduketa horiek. Estrategia horren helburua emisioak murriztea da eta energia-eraginkortasuna hobetzea, ingurune iraunkorrago, deskarbonizatuago eta aire-kalitate onekoa lortzeko.
Zirkulazioa eta airearen kalitatea hobetzea
Alde Zaharrean, bi Zabalguneetan eta Milagrosa auzoaren zati batean trafikoaren kontrola kudeatzea da proiektu horren helburua. Eremu horietan guztietan, sarrerak eta irteerak ibilgailuen matrikulak, airearen kalitatearen egoera eta ibilgailuek sortzen duten zarata ezagutzea ahalbidetzen duen Sentsore-sistema Adimendun berri baten bidez monitorizatuko dira. 10 sentsore izanen dira, lau gunetan banatuta: 5 ekipo Alde Zaharrean eta I. Zabalgunean, zehazki, Santiago plazan, Arazuri Doktorearen pasealekuan, Singular eraikinean, Yanguas y Miranda kalean (Baluarte ondoan) eta Juan de Labrit eta Amaya kaleetan; beste 3 II. Zabalgunean, Merindadeen plazan, Gurutzeko plazan eta Agoitz eta Monjardin kaleen arteko bidegurutzean; eta beste 2 Milagrosa inguruan (Felisa Munárriz kaleko erreferentziako geltokia kontuan hartu gabe), Zangoza kalean (Larrabide ondoan) eta Alfredo Floristan plazan.
Deskribatutako sistemez gain, adimen artifizialeko bideo-analisiko kameren sistema berri bat ere hedatuko da, hiriko mugikortasuna aztertzeko. Horrela, informazio baliotsua lortuko da oinezkoen fluxuei, oinezkoendako espazioetako okupazio-dentsitateari, eta bizikleten edo patinete elektrikoen zirkulazioari buruz, eta hala, zirkulazioari eta airearen kalitateari buruz lortutako informazioa osatuko da.
Sistema horien bidez erregistratutako informazioa Udaleko Datuak Prozesatzeko Zentroan dagoen kudeaketa-plataforma batera igorriko da, han biltegiratu eta Udaleko teknikariek monitorizatu eta azter dezaten. Horrek unean uneko egoera eta denboran izan duen bilakaera ezagutzeko aukera emanen du, erabaki estrategikoak hartzen laguntzeko.
Aurreikuspenen arabera, 2023an sistema probetan egonen da eta 2024tik aurrera benetako datuen analisiaren bidez kudeatzeko aukera emanen du.
Lurgaineko aparkaldia kontrolatzeko sistema
Gehien ikusiko diren elementuetako batzuk lurgaineko 375 aparkaleku-sentsoreak dira; abuztuan amaituko da horien instalazioa. Sentsore horiek zamalanetarako, mugikortasun murriztuko pertsonendako zein erreserbatutako edo zuzkidurazko aparkaleku-plazen % 75 baino gehiagoan ari dira jartzen. Aparkaleku-plaza bakoitzean sentsore bakarra jartzen da, une oro jakiteko zein den plazaren egoera. Horrela, unean-unean jakiten ahal da plaza okupatuta ala libre dagoen eta ibilgailuak zenbat denbora daraman bertan. Gainera, plaza motaren eta ordutegiaren araberako iragazkiak aplikatzen ahal dira, sentsoreak kokapenaren arabera sor ditzan alertak.
Udalaren LoRa sare berri bati esker sistemak etengabeko konexioa izanen du Udaltzaingoarekin, plaza horien benetako eskaera zein den ezagutu eta eskaintza doitu ahal izateko. Bestalde, etorkizunean, zamalanetarako ibilgailuen gidariek eta baimena duten mugikortasun murriztuko pertsonek behar duten plaza libre dagoen ala ez jakin ahal izanen dute inguru horretara hurbiltzen direnean, eta baimenik ez duten ibilgailuek okupatutako plazak ere kontrolatzen ahalko dira.
Udalaren LoRa sare berria Iruñea hiri adimendun gisa garatzeko sarea izanen da. Azpiegitura horrek gailuak eta ekipamenduak konektatuko ditu, eta era guztietako datuak bilduko ditu: trafikoarekin eta airearen kalitatearekin lotutakoak, eraikin publikoen energia-neurriak, aforamenduak, sarbideak, alarma teknikoak, ureztatze-sistemak eta abar.
HIRU ARDATZ NAGUSI
• 60 kamera instalatzea zirkulazio-fluxuak kontrolatzeko
• 10 sentsore instalatzea airearen eta zarataren kalitatea neurtzeko eta hobetzeko
• 375 sentsore jartzea mugikortasun murriztuko pertsonendako, zamalanetarako eta erreserbatutako beste eremu batzuetako aparkaleku-plazetan