
Abenduaren 29tik urtarrilaren 2ra arte, Eguberrietako hiri-kanpaldiak eginen dira Azpilagaña eta Cardenal Ilundáin ikastetxe publikoetan: Iruñeko Udalak antolatzen ditu, Haur, nerabe eta familiendako programaren bidez. 2013 eta 2021 urteen artean jaiotako haurrei daude zuzenduta, baita 2011n jaiotakoei ere, baldin eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa dutela egiaztatzen bada. Izena emateko epea azaroaren 25etik (asteartea) 28ra (ostirala) egonen da irekita, 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez.
Bateragarritasun-baliabidea izateaz gain, hiri-kanpaldiak aukera paregabea dira haurrek Eguberrietako lantegien bidez jostatuz ikasi, aire zabalean jolas-jarduerez gozatu eta lagun berriak egin ditzaten. 120 toki eskaintzen dira guztira, eta behar izanez gero, jantoki-zerbitzua eskaintzen da. Hauxe da hiri-kanpaldien ordutegia: jantoki-zerbitzurik gabe, 08:00etatik 14:00etara; jantoki-zerbitzuarekin, berriz, 08:00etatik 15:30era. Hauek dira lau egunetarako prezioak: jantoki-zerbitzurik gabe, 48 euro, eta jantoki-zerbitzuarekin, 72. Tarifetan % 20ko deskontua eginen da bi seme-alaben izena emanez gero, eta hiru seme-alaben izena emanez gero, % 30ekoa. Iruñean erroldatuta ez daudenak zuzenean itxaron-zerrendan sartuko dira.
Tarifa ordaindutakoan baieztatuko da hiri-kanpaldian tokia eskuratu dela. Prezioa kanpaldi osorako da; berdin da egunen batean ez joatea edo, jantoki-zerbitzua hautatuz gero, ez geratzea egunero bazkaltzera. Ordaindutako tarifaren zenbatekoa ez da itzuliko, salbu medikuaren egiaztagiriaren bidez justifikatutako arrazoi medikuak badaude. Halakoetan, dirua itzultzeko eskaera aurkeztu beharko da. Horretarako, eskabide bat bidali beharko da Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorrera, eskaera bakoitza aztertzeko.
Kontsultak egin eta argibide gehiago jasotzeko, interesdunek 948 420 584 telefono-zenbakira deitzen ahal dute edo campamentos@pamplona helbide elektronikora idatzi.