Gaur goizean, Iruña Biziberritzen (PCH) udal-enpresako administrazio-kontseiluak, Enrique Maya Iruñeko alkatea buru zuelarik, Descalzos kaleko 33-35eko higiezina bisitatu du. Erakundeak zazpi etxebizitza (horietako bi, duplexak) birgaitu ditu beheko solairua, 3 solairu eta teilatupea dituen erakin horretan. Beheko solairuetan merkataritza-lokal bat dago, une honetan erabilera zehatzik ez duena.
Sustapen hori datozen asteetan entregatuko da, baimenak izapidetu eta etxebizitzen erregistro-inskripzioa egiten denean, eta Iruña Biziberritzen enpresak kudeatzen duen Alde Zaharreko Etxebizitza Planetik datozen pertsonei ordezko bizitokia ematera zuzenduta dago. Iruñeko Udalak, Iruña Biziberritzen enpresaren bidez, 1,29 milioi euro inbertitu ditu lan horiek egiteko.
Descalzos 33-35 zenbakietan egindako jarduketak proposamenaren elementu nagusi gisa zuraren erabilera oinarri duen sistema jasangarriago baten alde egin du, hala eraikuntzan nola eraikina kudeatzean. Ustiapen ziurtatuetatik datorren zur horrek eraikuntzan erabili behar den uraren % 90 aurrezten du, hormigoi armatuaz eraikitako antzeko eraikin bati dagokionez.
Baina, halaber, zura erabiltzeak eraikita dagoen eraikinaren portaera termikoa laguntzen du; izan ere, material horrek isolatzaile natural aparta bezala jokatzen du. Hala, eraikinak Passivhaus estandarrak ezarritako betekizunak eta energia-kontsumo ia nuluko eraikinen kontzeptua betetzen ditu, eta ingurumen-prestazio handiak eskaintzen ditu. Horien artean, inguratzaileak isolamendu-, irazgaiztasun- eta hermetikotasun-maila altua aurkezten du, horrela fatxadetatik beroa galtzea ekiditeko; bertan, prestazio handiko beirak eta arotzeriak erabili dira. Eraikinak badu beroa berreskuratzeko sistema bat, energia-eraginkortasun handikoa aireztapen-sistemari lotua, eta eraikinaren galeriak “bioklimatikoak” dira, hego fatxadarantz orientatuak baitaude, eguzkialdia aprobetxatzeko.
Orotara, lehenengo solairuan bi logelako bi etxebizitza daude, eta banaketa hori bigarren solairuan errepikatzen da; hirugarrenean, logela bakarreko etxebizitza bat eta estalki azpiari lotutako 2 duplex daude, 2 eta 3 logelakoak, hurrenez hurren. Etxebizitzek kontrol domotikoko instalazio bat dute, eta horren bidez berokuntzaren erabilera erregulatu daiteke, eta, aldi berean, kontsumoei, arrotzak detektatzeari, keari eta uholdeei buruzko informazioa ematen du.
Construcciones Díaz García SL eraikuntza-enpresak eraitsi ditu aurreko eraikinak, indarrean dauden eraikuntza-estandarrak betetzen ez zituzten infraetxeez eta etxebizitzez osatutakoak, eta, halaber, egungo higiezina ere eraiki du. OM ARQ estudioak (Oscar Mongay eta Maite Mariezcurrena arkitektoak) idatzi zuen jarduketa-proiektua, eta Maialen Bengochea Felipe arkitekto teknikoak zuzendu ditu obrako lanak.
Hiru kale itxuraldatzen
Esku hartze honekin Udalak, Iruña Biziberritzen-PCHren bidez, Descalzos kaleko hiri-bilbea leheneratzeko prozesuari jarraipena eman dio, zeina hirigune historikoaren Lehentasunez Esku-hartzeko Eremuan baitago. PCHk hiriko gune horretan lurzatiak elkartzea sustatu du, eta lehendik zeuden eraikinak berritu ditu, eraikin berrian egungo eraikuntzaren berezko eraikuntza-baldintzak betetzen laguntzeko: etxebizitza irisgarriak, egungo bizigarritasun-baldintzak eta jasangarritasun-irizpideak dituztenak, eta kontsumo ia nuluko eraikinak.
Descalzos eta Carmen kaleetako lau eraikinetan dagoeneko bukatu dituzten 52 etxebizitzez gain, Etxebizitza Planaren garapenean honako esku-hartze hauek daude planifikatuta eta garapen-fasean: Descalzos 55-61 (proiektua idazketa-fasean dago), Descalzos 42-48, Jarauta 7-21, Jarauta 84-86 (hirurak jabeen edo maizterren ordezko bizitokia kudeatzeko fasean daude) eta Jarauta 58-Eslava-26 (lizentzia eskuratzeko eta jabeekin hitzarmenak egiteko fasean).
PCHren promozioak
- Promozioa Etxebizitza kopurua Fasea
- Descalzos 23-27 8 etxebizitza amaituta
- Descalzos 24 6 etxebizitza amaituta
- Carmen 25 14 etxebizitza amaituta
- Descalzos 47-53 17 etxebizitza amaituta
- Descalzos 33-35 7 etxebizitza eraikitzen
- Jarauta 58/Eslava 26 12 etxebizitza lizentzia eskuratzen / ordezko bizitokiak kudeatzen
- Descalzos 55-61 proiektuak idazten
- Descalzos 42-48 ordezko bizitokiak kudeatzen
- Jarauta 7-21 ordezko bizitokiak kudeatzen
- Jarauta 84-86 ordezko bizitokiak kudeatzen