Iruñeak bertan behera utzi du Belosoko oinezkoendako eta txirrindulariendako korridorearen lizitazioa, ingurumen-inpaktu txikiagoa duen beste proiektu bat bultzatzeko

Iruñeak bertan behera utzi du Belosoko oinezkoendako eta txirrindulariendako korridorearen lizitazioa, ingurumen-inpaktu txikiagoa duen beste proiektu bat bultzatzeko
Udalak kontsulta bat bidali du Europara proiekturako Next Funtsak bermatze aldera, hasieran aurreikusita zegoen moduan 350 zuhaitzak moztuz gero dirulaguntza hori ukatzeko arriskua baitago

foto

Iruñeak bertan behera utzi du Belosoko oinezkoendako eta txirrindulariendako korridorearen lizitazioa, ingurumen-inpaktu txikiagoa duen beste proiektu bat aurrera ateratzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñea eta Burlata lotu behar zituen oinezkoendako eta txirrindulariendako korridore berriaren lizitazio prozesuari uko egitea onetsi du. Proiektu hori eskaintzak aurkezteko fasean zegoen, urriaren 17ra arte, kontratazio-atarian bi atzerapen argitaratu ondoren. Denbora tarte horretan, Udala lizitazioari uko egitera eraman duten azterlanak eta txostenak egin dira. 

Udalak proiektu horren inguruko kontsulta bat bidali du Europara, mugikortasun jasangarria hobetzera bideratutako laguntzen helburuak betetzen dituela bermatze aldera. Hasierako proiektuak 350 zuhaitz moztea aurreikusten zuen, eta neurri horrek funtsak kentzea ekartzen ahal du, obra egin ondoren. Iruña esleitutako proiektua aldatzeko lanean ari da, bidegorria zuhaitz horiek moztu gabe egitea bermatu ahal izateko, baina Nafarroako Gobernuaren baimena behar du.

Iruñeak florari, faunari eta ingurumen-inpaktuari buruzko bi txosten bidali dizkio Ingurumen Departamentuari, ingurumenari dagokionez onena dena hautatzeko. Foru-legeek eutsi egiten diote "gaur egun kale eta plazetan dagoen zuhaiztiari eusteko irizpideari, klima-aldaketaren aurkako borrokan bi alderditatik babestu behar den balioa dela iritzita: arintzearen aldetik (karbono-hustubide den heinean) eta egokitzearen aldetik (klima-babesleku den heinean)”.

Proiektuak 4.744.312,38 euroko aurrekontua du, eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak % 100ean finantzatzen du, Europako Next Generation EU funtsen bidez. Planak adierazten du ingurumenari kalte nabarmena eragiten dioten jarduketek dirulaguntza galtzea ekartzen ahal dutela, eta, beraz, Udalak uko egitea erabaki du, interes publikoko arrazoiengatik. Uko hori legez egiten ahal da, prozesua oraindik esleitu gabe baitago. Uko egite horrek obra-zuzendaritzari ere eragiten dio eta 163.596,97 euroko zenbatekoa aurreikusten da.

Iruña eta Burlata lotzen dituen oinezkoendako eta bizikletendako ibilbidea Beloson barna egiteko kontratua ekainaren 12an baimendu zen, eta12 hilabeteko gauzatzeko epea zuen. Iruña, Burlata eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmenaren ondorioz, proiektuak 1.188 metroko luzera izanen duen hiru metroko zabalerako bidegorri bat aurreikusten du, oinezkoen joan-etorrietatik bereizita. Noranzko biko bidegorri horrek Beloso aldapak eta Burlatako Kale Nagusiak eta Bizkarmendia kaleak bat egiten duteneko biribilgunea, eta Nafarroa Behereko etorbidearen arteko bidegurutzea lotuko ditu, hor Media Luna parkearekin lotura egiteko.

Proiektuak espaloia aldatzen du, 3,60 metro lortzeko eta hala, oinezkoak babesteko baranda bat eta zuhaitzak landatzeko txorkoak jartzeko. Gune hori metro bateko zabalera eta zintarria duen babes-zerrenda baten bidez bereiziko da galtzadatik. Galtzadak 6,25 metroko zabalera izanen du zirkulazioko bi erreietarako, eta erdibitzailearen zabalera murriztu eginen da. Guztira, 7,30 metroko zabalera lortuko da oinezkoen eta bizikleten joan-etorrietarako. Horretarako, espazioak berrantolatzeaz gain, 2,10 metroko hegalkina eginen da ezpondaren egungo euste-hormaren gainean, eskuineko ertzean, Iruñerako noranzkoan. Hori guztia txirrindularien eta oinezkoen segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko, eskualdearen ekialdetik hirira sartzeko bide nagusia denez, hiriko zirkulaziorik handieneko bide batean.

.

logo

¿Te ha sido útil esta página?