Ibaiertzean jaialdia Sanduzelaira itzuliko da, ostiral eta larunbatean musika, lantegiak, esku-hartze artistikoak eta kultur jarduerak eskaintzera, Arga ibaiko zubi baten inguruan

Ibaiertzean jaialdia Sanduzelaira itzuliko da, ostiral eta larunbatean musika, lantegiak, esku-hartze artistikoak eta kultur jarduerak eskaintzera, Arga ibaiko zubi baten inguruan
Jaialdiaren hirugarren edizioan, berriro, komunitatea sortzen duen gizarte-ekintza hezitzaile gisa arakatuko dira musikak eskainitako aukerak

Ibaiertzean jaialdia, bere hirugarren edizioan, jaio zen auzoan, Sanduzelain, izango da berriro, iaz Etxabakoitzen ospatu ostean. Ostiralerako eta batez ere larunbaterako, mota guztietako kultur jarduerak antolatu dira, zein auzotan ospatu eta horretako gizarte-ehunean komunitate-loturak sortzea helburu. Jarduera horiek guztiak doan dira, eta nahi duen edonork parte hartzekoak. 

Ibaiertzean Iruñeko Udalak Iruñea Nola? kolektiboarekin elkarlanean antolatutako programa bat da; bertan, komunitatea sortzen duen gizarte-ekintza hezitzaile gisa arakatu nahi dira musikak eskainitako aukerak. Horregatik, kontzertuak eta DJ saioak daude programazioaren barruan, baina, horrez gain, lantegiak eskola eta zentro komunitarioetan, eta esku-hartze artistikoak eremu publikoan. Auzoan dauden askotariko tradizio batzuk ezagutzea eta musika-erreferente garaikideak bilatzea; horra jaialdiaren printzipio gidariak.

Goizean Maitena Muruzabal Kultura eta Hezkuntzako zuzendariak eta Jennyfer Chocarro Losantos Iruñea Nola? kolektiboko buruak jaialdiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute. Aurkezpena Sanduzelain, Arga ibaiko zubi baten azpian, egin dute, patinodromoaren ondoko ibai-parkean; hain zuzen ere, bertan egingo dira programatutako jarduera gehienak. Hortxe esku-hartze artistiko bat egiten ari da, orain dela bi urte egindako horma-irudiaren birmargoketa, auzoko gazteen parte-hartzeaz. Gainera, SubZenean kolektiboak argizko esku-hartzea prestatu du larunbat arratsean aurreikusitako jarduerak garatu bitartean eremua girotzeko.

Kontzertuak, lantegiak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, hitzaldiak...
Jaialdiari ostiral arratsean emango zaio hasiera, 20:00etan, Brass Band musika-lantegi batez, Sanduzelaiko Civivoxean. Lantegi teoriko-praktikoa izango da, New Orleanseko kale-banden tradizioaren inguruan. Ion Celestinok emango du lantegia, Broken Brothers Bass Band-eko tronpeta-jotzaile eta AAHM eskolan inprobisazioko irakasleak. 

Larunbatean, jarduerak 12:00etan hasiko dira, auzoan barna soinua erantsi zaien bizikletetan egingo den kalejiraz, Salva Doktorearen kaletik abiatuta. Bizikleta soinudunak Txirrindula Aske bizikleta-lantegietan egin dira, jaialdiaren barruan Karrikagune Zentro Komunitarioan antolatuta (bizikletak eraldatzeko lantegia: argi, kolore eta soinuak etorkizuneko bizikletetarako). 13:00etarako, Makulu Ken-en eskutik afrobeat musikako kontzertu bat aurreikusi da; eta 14:30ean DJ Budin-ek bertaratuak animatuko ditu Argaren alde honetako disko-bildumarik onenaz. 

Arratsaldean, jarduera gehiago: musika, hitzaldiak eta dokumentalak.  16:30ean, Presentes y sonoras dokumental-emanaldia izango da, Kolonbiako ahots feministak ardatz. 17:00etan, Aída Bueno antropologoaren hitzaldia: Aniztasuna eta disidentziak: elkarrizketarako gonbita Afrikako erlijio ondorengoetatik. 18:30ean, Cadipsonians cadiztarren kontzertuan, musika itzuliko da; 20:00etan Camino a Katanga bideoa ikusiko da; eta 20:30ean Katanga Ekosistema (Iruñerriko soinu-sistema gizarteratua) eta Caribe radical taldeek joko dute.

Gauean, musika izango da programazioaren ardatza, 22:00etatik aurrerako hiru kontzertuez: hasteko, Bakanoa cumbia-talde kataluniarra; jarraian, 23:30etatik aurrera, Roberto Sánchezen eta Inés Pardoren reggaea; eta jaialdiari buru emateko, dancehall-musika, Mad Muasel taldearen eskutik. 

 

IBAIERTZEAN. 2019. SANDUZELAI

 

Maiatzak 17, ostirala

  • 20:00. Brass Band musika-lantegia. Sanduzelaiko Civivoxa. Broken Brothers Brass Band-en eskutik.

Maiatzak 18, larunbata

  • 12:00. Txirrindulak Aske Kalejira. Auzoan barna, soinua erantsi zaien bizikletetan. Bat egizu
  • 13:00. Makulu Ken. Kontzertua. Afrobeat. Lasarte
  • 14:30. DJ Budin. Argaren alde honetako disko-bildumarik onena. Lerin
  • 16:30. Presentes y sonoras. Ahots feministak Kolonbian, (dokumental-emanaldia)
  • 17:00. Hitzaldia: Aida Bueno. Aniztasuna eta disidentziak: elkarrizketarako gonbita Afrikako erlijio ondorengoetatik
  • 18:30. Cadipsonians. Calypso kontzertua. Cádiz
  • 20:00. Camino a Katanga. Bideo-emanaldia.
  • 20:30. Katanga Ekosistema. Iruñerriko soinu-sistema gizarteratua. Kontzertua. Caribe radical. Iruña eta Kolonbia
  • 22:00. Bakanoa. Kontzertua. Cumbia. Bartzelona
  • 23:30 – 00:30. Roberto Sánchez feat Inés Pardo. Kontzertua. Reggae. Santander
  • 00:30. Mad Muasel. Kontzertua. Dancehall. Bilbo
     
¿Te ha sido útil esta página?