Etxebizitzak birgaitzeko ordenantza berriak Iruña lau jarduketa-eremutan banatu eta Alde Zaharra, Zabalgunea eta Milagrosa lehentasunezko eremu gisa ezartzen ditu

Etxebizitzak birgaitzeko ordenantza berriak Iruña lau jarduketa-eremutan banatu eta Alde Zaharra, Zabalgunea eta Milagrosa lehentasunezko eremu gisa ezartzen ditu
Araudia aurreproiektu fasean dago, eta Gobernu Batzarraren oniritzia jaso eta jendaurrean jarri beharko da Osoko Bilkuran onetsi baino lehen
rehabilitacion


Iruñeko Udalak idatzitako etxebizitzak birgaitzeko ordenantza berriaren aurreproiektuak lehenengoz hiri osoa barne hartzen du bere baitan, eta lau jarduketa-eremutan banatzen du; hala, Alde Zaharrak, Zabalguneak eta Milagrosak kontsiderazio berezia izanen dute hiriko gainontzeko auzoekin alderatuta, dituzten eraikuntza ezaugarri bereziak direla eta. Ordenantza berriak birgaitzeari, irisgarritasunari eta energia-eraginkortasunari lotutako udal-laguntzak arautuko ditu, eta jabeen erkidegoei lehentasuna emanen die banakako jabeen aurrean.

Oraindik onespen-fasean dagoen agiria Tokiko Gobernu Batzarrak berretsi behar du, eta ondoren jendaurrean paratu behar da hamabost egunez herritarren eta inplikatutako sektoreen ekarpenak jasotzeko. Idazketa berrian sartzea baloratutakoan, berriz ere Gobernu Batzarrak onetsi beharko du Ordenantza Proiektu gisa, ondoren Osoko Bilkurara pasatzeko. Xedea da ordenantza berria urteko lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen prest egotea birgaitzearen arloko errealitate berriari aurre egiteko. Izan ere, aurreko ordenantza 2007koa da.

Araudi berria hiri guztira hedatzeaz gain, Milagrosako etxebizitzendako irizpide berriak ezartzen ditu, zeinak estatus berezia izanen baitu aurrerantzean. Hala, Alde Zaharrari eta bi Zabalguneei parekatuko zaie, eta laguntza osagarri bat ezarriko da errenta baxuendako. Oro har, laguntzak 50 urtetik gorako etxebizitzei bideratuta daude, jarduketa orokorrak egiteko, eta 30 urtetik gorakoei, irisgarritasun-lanak egiteko. Era berean, arreta berezia eskainiko zaie Esku Hartze Orokorreko Proiektuen (PIG) barruan dauden bizitegi-multzoei. 

Energia-eraginkortasuna hobetzeko laguntzak
Energia-eraginkortasuneko jarduketek garrantzi berezia izanen dute ordenantza berrian. Hala, hiriko auzo guztietan dirulaguntzen xede izanen diren jarduketak dira, besteak beste, eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzea eta energia kontsumoa murriztea instalazio termiko zentralizatuen eraginkortasuna hobetzearen bidez, bai eta Eraikingintzaren Kode Teknikoaren eskakizunak betetzen dituzten energia berriztagarriak ezartzea ere. Halaber, diruz lagunduko da halakorik ez duten eraikinetan igogailua instalatzea, eta, dagoeneko badutenetan, hura egungo araudira egokitzea.

Milagrosan beheko solairuetako lokalen azalerak erosteko laguntzak ere gehitzen dira, atariaren eta eskailera-kaxaren neurriek igogailua jartzea bideragarri egiten ez dutenean.

Alde Zaharrean eta Zabalguneetan, jarduketa horiei guztiei diruz lagundu daitezkeen beste hainbat neurri gehituko zaizkie, hala nola egitura egokitzeko eta hirigintzari dagokionez egokitzeko obrak, fatxaden akaberak egiteko lan bereziak eta komunetako zutabeak, sukaldeak, galdarak eta estalitako patioen aireztapena instalatzeko birgaitze-lanak.

Helburua da jada hasita dauden eta baldintzak betetzen dituzten obrek ere aldaketa horiez guztiez baliatu ahal izatea, ordenantza onesten denean. Birgaitze Bulegoa arduratuko da dirulaguntzen espedienteak izapidetzeaz.

Iruña osora hedatzea
Egun indarrean dagoen Ordenantza 2007an onetsi zen eta Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremuetako –Alde Zaharra eta Zabalguneak– eraikinak birgaitzeko laguntzak soilik barne hartzen zituen. Hala ere, hiriko eremu batzuen antzinatasuna eta gabeziak direla eta, Udalak iaz Milagrosa, Txantrea, Etxabakoitz, Arrotxapea eta Sanduzelai auzoetara, besteak beste, hedatzeko aukera planteatu zuen, hiriko eraikin-parkea jasangarritasun- eta irisgarritasun-irizpideekin eguneratzeko xedez.

Egungo ordenantzarekin alderatuta, agiri berriak 50 urtetik gorako fatxadak birgaitzeko laguntzak kentzea planteatzen du, denbora tarte honetan dirulaguntzen xede izan zitezkeeen Alde Zaharreko eta Zabalguneetako fatxada gehienak birgaitzea lortu baita. Halaber, Alde Zaharrean fatxadak argiztatzeko laguntzak desagertuko dira, bai eta hiriko eremu horretan aparkalekuak sustatzeko dirulaguntzak ere. 

¿Te ha sido útil esta página?