LEVANTEKO BIDEA

ABIAPUNTUA: VALENTZIA

HELMUGA: ZAMORA

DISTANTZIA: 842 km.

Levanteko bidea Valentziatik irten eta, Zamoran, Zilarraren bidearekin elkartzen da.
Gaztela-Mantxako eta Gaztela eta Leongo barnealdetik igarotzen da, penintsula hego-ekialdetik ipar-mendebaldera zeharkatuz, ibilbide luze batean. Hego-ekialdeko bidearekin hein handi batean bat datorren ibilbide honek orografia, paisaia, kultura eta gastronomia ugari eskaintzen ditu, probintzia asko zeharkatzen baititu.

1991ean, Valentziar Erkidegoko Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak Levanteko bidea berreskuratu zuen, eta 1993an, seinaleztatu zuten.

Historia

Hego-ekialdeko bidearen oso antzekoa da, eta Valentziako portua aprobetxatzen zuen Mediterraneoko beste portu garrantzitsu batzuetatik zetozen erromesak hartzeko, hala nola Napolitik, Palermotik, Korsikatik, Sardiniatik, Mallorcatik, Zipretik, Greziatik, Erromatik, Jerusalemetik eta Palestinatik. Behin lehorrera iritsitakoan, Santiagora joaten ziren, Toledotik igarota eta Zamoran Zilarraren bidearekin bat eginez. Bitxia bada ere, bide hori bera egiten zuten, alderantziz, Lur Santuko edo Erromako leku sakratuak bisitatu nahi zituzten erromesek. Laburbilduz, Valentzia portu-korapilo gisa erabiltzen zuten erromesen olde handi horren ondorioz, erromesendako ospitale ugari eraiki ziren Levanteko hiriburuan.

Sortu berriak diren beste ibilbide batzuk, hala nola On Kixoterena, San Bizente Martiriaren bidea edo Ciden ibilbidea, gainjarri edo gurutzatu egiten dira zenbait puntutan Levanteko bidearekin.

ERROMESENDAKO INFORMAZIOA

Bide luzea izan arren, gehienetan laua eta erabat egingarria da.
Erromesendako ostatuak gutxi direnez, batzuetan hostaletara jo behar izaten da.
Seinaleak ez dira beste ibilbide jendetsuagoetan bezain ugariak, baina ez dago orientatzeko arazorik.