Kataluniako bidea Montserrateko monasterioan hasi eta bi adarretan banatzen da Tárregara heltzean. Horietako bat Zaragozara doa, Pina de Ebroraino, eta han Ebroko bidearekin bat egiten du.
Beste adarra San Juan de la Peña monasteriotik igaro eta Santa Cilia de Jacara heltzen da, Somportetik datorren Frantziako bidearekin lotzeko.
Logroñon berriz ere elkartzen dira Kataluniatik datozen bi ibilbideak.
1992an, Montserrateko monasterioa hautatu zuten Kataluniako bidearen abiapuntutzat, bere sortzaile eta abade Cesareo izan baitzen Santiagora iritsi eta dokumentatu zen lehen erromes katalana.
Ibilbide horretan paisaiak eta ondare artistiko eta kultural aberatsa nabarmentzen dira.
Historia
Kataluniako Donejakue bideak, Camí de Sant Jaume izenaz ere ezagunak, bi bidetatik zetozen erromesei harrera egiten zien: lurretik, La Junquera pasabidetik Pirinioak zeharkatu ondoren; eta itsasotik, Bartzelonako portura kostaldeko beste hiri batzuetatik iristen zirenendako, hala nola penintsula italikotik, Korsikatik, Sardiniatik, Siziliatik, Balearretatik, Zipretik, Greziatik eta Lurralde Santutik.
Bide hori X. mendetik dokumentatuta dago, eta horrek antzinatasunaren testigantza ematen du. Jakina da, halaber, lehorreratu ondoren, ohikoena zela Montserrateko monasteriora joatea. Han monje beneditarrak bizi ziren, eta romeus delakoei (erromesak katalanez) abegi ona eta zaintzak eskaintzen zizkieten.
ERROMESENDAKO INFORMAZIOA
Santa Cilia de Jacara doan Kataluniako bideak ez du malda garrantzitsurik ibilbidearen zatirik handienean, baina Loarretik aurrera eremu menditsuago batean sartzen da, eta igoera eta jaitsiera zertxobait gogorragoak aurki ditzakegu.
Pina de Ebrora doan adarrak ez dakar zailtasun handirik. Kontuan hartu beharreko eremu bat Monegros zeharkatzen duen tartea da, udan bero handia eta udaberrian eta udan ohikoa den haize zakarra direla eta.
Etapa guztietan ez dago aterpetxerik baina ostatu-turistikoen eskaintza badago, eta erromesendako deskontuak egiten dituzte.