Iruñeko Udalaren 2018eko memoria

MEMORIA HISTORIKOA

INTSUMISIOAREN PARKEA IZENDATZEA, MONOLITOA EZARTZEA INTSUMISIOAREN MUGIMENDUAREN OMENEZ

2018ko urriaren 2an, Iruñeko alkateak ebazpen bat izenpetu zuen, zeinaren bidez, intsumisioaren mugimenduaren omenez, iraganean Iruñeko espetxea zegoen orubeari Intsumisioaren parke izena eman baitzitzaion. Udalak monolito bat ezarri zuen, halaber, parke horretan, eta lankidetzan aritu da intsumisoen kolektiboari parke horretan egindako omenaldia prestatzeko.

ELÍO EPAILEAREN PLAZA IZENDATZEA ESPAZIO BAT, ETA JARDUNALDIETAN PARTE HARTZEA

2018ko urtarrilaren 25ean, Iruñeko alkateak ebazpen bat izenpetu zuen, zeinaren bidez Elío epailearen plaza izena eman baitzitzaion Iruñeko Justizia Jauregiaren fatxadaren aurreko espazioari. Aitortza horren bidez, Iruñeak plaza bat eskaini zion 1936ko uztailaren 19an atxilotu zuten Luis Elío Torres epailearen memoriari, haren heriotzaren 50. urteurrenean.

Horrez gain, Iruñeko Udala lankidetzan aritu zen Gerra Zibilean eta frankismoan Nafarroako Justizia Administrazioaren errepresioari buruzko jardunaldi batzuetan –hor ere egin zitzaion omenaldia nafar epaile horri–.

ETA-REN BIKTIMEN OMENEZKO PLAKAK JARTZEA

2018ko urtarrilaren 18an, ETAren biktimen omenezko plakak jartzen hasi zen Udala Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren eta Bozeramaileen Batzarraren mandatuak betetzeko.

Jarritako lehen bi plakak biktima hauen omenezkoak ziren: Alfredo Aguirre Belascoáin, 14 urteko ikasle gaztea, 1985eko maiatzaren 30ean eraila Xabier kalean; eta Ángel Postigo Mejías polizia, 1980ko ekainaren 15ean eraila Arrotxapean.

Xabier kaleko 16 zenbakian eta Marcelo Celayeta etorbidea Bernardino Tirapu kalearekin gurutzatzen den lekuan jarri ziren plaka horiek.

IRUÑEKO UDALAREN ETA SANFERMINES 78 GOGOAN ELKARTEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA

2018ko maiatzaren 2an, ebazpen bat izenpetu zuen Alkatetzak, zeinaren bidez onetsi baitzen Iruñeko Udalaren eta Sanfermines 78 Gogoan elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena, 1978ko sanferminetako gertakarien 40. urteurrenaren harira antolatutako jarduera-jardunaldiak egiteko.

EGIAREN BATZORDEA

2018ko martxoaren 8an, Nafarroako Unibertsitate Publikoari enkargu bat egin zitzaion: 1978ko sanferminetako gertakariei buruzko txosten tekniko dokumental bat egitea, eta adituen batzorde bat eratzea txosten horri buruzko irizpena eman zezan, 2017ko azaroaren 2ko Osoko Bilkuraren mandatua betetzeko. Mandatu horren arabera:

«Osoko Bilkurak adierazten du bere konpromisoa 2017. urte hau amaitu baino lehen batzorde bat eratzeko, arlo akademiko zein juridikoko eta memoria historikoaren arloko prestigio handiko adituek osatua, 1978ko sanferminetako gertakarien harira garatzeko egia, justizia eta ordaina oinarri dituen prozesu bat, non zehaztuko baitira festa haietan izandako giza eskubideen urraketak eta horien ondoriozko erantzukizunak».

2018ko ekainaren 5ean, Adituen Batzordeak irizpena helarazi zion Iruñeko Udalari, eta ekainaren 8an Udalak 1978ko sanferminetako biktima guztien omenezko jardunaldi bat egin zuen, non Adituen Batzordearen irizpenaren ondorioak jendarteratu baitziren.

1936KO GERRAKO ETA FRANKISMOKO NAFARROAKO BIKTIMEN ERREKLAMATU GABEKO GORPUZKINAK EHORZTEKO NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA IRUÑEKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA ALDATZEA

2014ko azaroaren 13an izenpetutako 1936ko Gerra Zibileko biktimen erreklamatu gabeko gorpuzkinak ehorzteko Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenean egindako aldaketak onetsi zituen Tokiko Gobernu Batzarrak otsailaren 20an. Hitzarmena aldatuta, aukera dago panteoian ehorzteko giza gorpuzkinak, identifikatu baina familiei entregatu ezin zaizkienean edo familiek haien kargu egin ezin dutenean.