Iruñeko Udalaren 2017eko memoria

PARTE HARTZEKO MEKANISMOAK ETA PROZESUAK

TXANTREA-HEGOALDEAN PARKE BAT DISEINATZEA

Helburua: Iruñeko Udalak Parte-hartze Publikoko Prozesua sustatu du Txantrea-hegoaldeko parkea deiturikoari buruz auzoko auzotar, talde zein erakundeek ideien ekarpenak egin ditzaten, auzoa hegoaldetik itxiko duen parke berriak nolakoa izan behar duen zehazte aldera.

Prozesu hau diseinatu da herritarren ikuspegi, kezka, desio eta behar publikoak txertatzeko parke berriaren nondik norakoak zedarrituko dituen proiektu teknikoan. Horretarako, auzotarren, kolektiboen eta elkarteen laguntza eta ekarpenak hartu dira kontuan. Prozesua hiru fasetan egituratu da.

Online parte hartzeko Erabaki izeneko plataformaren bidez eman zen prozesuaren berrihttps://erabaki.pamplona.es/?locale=eu, eta proposamenak egiteko aukera ere egon zen plataforma horren bidez.

Prozedura:

  • 1. fasea. Informazioa eta proposamenen bilketa. Parkearen proiektua eta parte hartzeko mekanismoak auzotarrei ezagutzera emateko planteatuta dago, eta mekanismo horien bidez, denen artean, parkerako ekintza-esparru bat eratzea da xedea. Fase honen amaieran auzotarrek zehaztutako jarraibideak jasotzen dituen dokumentu bat egin da, eta ondoren egindako proiektu-lehiaketan parte hartu duten teknikari-taldeei helarazi zaie, aintzat hartzeko. Hiru lan-saio eta hogeita hamar elkarrizketa sakon egin dira auzoko funtsezko pertsona eta kolektiboekin. Horien ondorioz zenbait lan-ildo zehaztu dira, etorkizuneko parkearen proiektu-lehiaketako baldintza-agirian helburu urbanistiko gisa sartu beharrekoak.
  • 2. fasea. Proiektuen aukeraketa. Behin parkerako proiektuak aurkeztu eta epaimahaiak 5 hoberenak aukeratu ondoren, bigarren partaidetza-fase bat abiatu da, proposamenen aurkezpena eta Txantreako auzotarrek egindako ñabardurak ardatz hartuta.
  • 3. fasea. Bukaerako txostena, emaitzekin eta Txantrea-hegoaldeko parkearen behin betiko diseinuarekin. Fase honetan bukaerako txostena osatu zen jardunaldi partizipatiboetan, talde espezifikoei egindako kontsultetan eta elkarrizketa gakoetan jasotako emaitzekin, Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrak aukeratutako 5 proiektuen egileei helarazi zitzaizkienak. Parte hartzen duten bost taldeek hilabeteko epea izan zuten aurreproiektua egin eta bertan txertatzeko bigarren partaidetza-faseko iradokizunak. Irailean proiektu irabazlea aurkeztu zen, «Begibistan» leloa zuena.

PLAZARA!

Helburua: Plazara! sorkuntza-prozesu kolektibo eta partizipatiboa da, herritarren ekimenetik abiatu eta Iruñeko Udalarekin batera garatzen dena. Prozesuaren xedea da modu partizipatiboan erabakitzea zertarako erabili eta nola kudeatu kale Nagusian dagoen Redin eta Cruzatarren jauregi zaharra, non gizarte eta kultur ekimeneko zentro komunitario bat eginen den. Prozesu partizipatiboa hiru fasetan gauzatu zen.

Online parte hartzeko Erabaki izeneko plataformaren bidez eman zen prozesuaren berrihttps://erabaki.pamplona.es/?locale=eu, eta proposamenak egiteko aukera ere egon zen plataforma horren bidez.

Prozedura:

  • 1. fasea. Erabilerak! Eraikinaren erabileren inguruan emandako ideien bidez herritarren nahiak zehaztu ziren, eta irudikatu den gune komunitarioa era kolektiboan deskribatu zen. Xede hori betetzeko asmoz, informatzeko eta proposamenak jasotzeko zenbait mekanismo abiarazi ziren.
  • 2. fasea. Kudeaketa! Pentsatzen ari zen gune komunitarioaren kudeaketa-eredu, filosofia eta antolaketaren inguruan eztabaidatu eta adostu zen. Prozesu partizipatiboaren bigarren fase hau beste hiru fasetan banatu zen, aldi berean eta batak bestea osatuz hiru helburu zehatz bilatzeko: prestakuntza, eztabaida eta erabakitzea.
  • 3. fasea. Abian! Behin jauregia zaharberritzeko lanak amaituta, prozesuan zehar eraiki denen gune komunitarioa gauzatuko da. Denbora horretan, Plazara!-k funtzionamendu esperimentala abiatuko du, proiektua bera indartu eta sendotzeko, proiektura pertsona eta kolektibo gehiago biltzeko eta, aldi berean, kudeaketa- eta antolakuntza-eredua hobetzeko.

SANFERMINETAKO KARTELA:

Helburua: Herritarrek bozkatzea Sanferminetako kartela aukeratzeko, Civivox zentroen sarean bertan, 010 telefonoaren bidez eta telematikoki (Erabaki plataforma eta www.pamplona.eus udal-webgunea). Galdeketa-prozesua 16 urtetik gorako erroldatutako pertsona guztiei zabalik zegoen.

Prozedura:

  • 1. fasea. Lehiaketa. Epaimahai batek zortzi finalista hautatu zituen lehiaketara aurkeztutako kartelen artetik.
  • 2. fasea. Herritarren bozketa. Zortzi kartel finalistak hautatuta, lehiaketaren oinarrietan jasota zegoen irabazlea herritarren partaidetzaren bidez aukeratuko zela. «Mañanas Sanfermineras» izeneko kartel irabazleak, emandako 5.682 bozketatik, % 27,4 eskuratu zituen.

SANFERMINETAKO TXUPINAZOA JAURTITZEA

Helburua: Aurten, berriro ere –eta bigarren aldiz jarraian, Alkatetzak berariaz emandako eskuordetza medio–, herritarrek aukera dute bozketa bidez hautatzeko sanferminei hasiera emateko pertsona edota elkartea. Prozedura honek iaz ordeztu zuen lehen aldiz ohiko sistema, zeinaren arabera Txupinazoaren jaurtiketa Udalean ordezkaritza duten talde politikoen artean txandaka banatzen zen edo entitate edo elkarteren bati omenaldi gisara ematen zitzaion –betiere alkateak eskuordetza emanda–. Bozketa egiteko hiru aukera hauek egon ziren: Civivox sarean bertan, 010 telefonoaren bidez eta telematikoki (Erabaki plataforma eta www.pamplona.eus udal-webgunea). Galdeketa-prozesua 16 urtetik gorako erroldatutako pertsona guztiei zabalik egon zen.

Prozedura: Sanferminetako Mahai Orokorrean dagoen elkarte edo kolektibo bakoitzak gehienez ere proposamen bat egin ahal izan zuen, bertan adierazita zer pertsona fisiko edo juridiko proposatzen zuen eta baloratu beharreko haren merituen memoria laburra. Meritu horiek berariaz aipatu behar zuten proposatutako pertsona fisikoak edo juridikoak Iruñeko hiriari egindako ekarpena arlo sozial, akademiko, zientifiko eta kulturalean. DYAk, Nafarroan 700 boluntario –horietatik 300 aktibo– dituen erakundeak, 6.721 boto eskuratu zituen (% 74,2), Andrea-Astelehen lilak elkarteek botoen % 13,7, Euskal Herriko Bilgune Feministak botoen % 6,2 eta Iruña Harrera Hiriak botoen % 5,8.

IRUÑA HEGOALDEKO EDUSIA

Helburua: DUSI estrategiaren barruko parte-hartze prozesua, Hiri garapen Jasangarri eta Integratuko Estrategiarako (EDUSI) 2018tik aurrera garatu beharreko proiektuen poltsa bat zehaztu eta lehenesteko. EDUSI jarduera eta proiektu sorta bat da, Milagrosa, Azpilagaña eta Santa María la Real auzoak modu jasangarri, integral eta zeharkakoan garatzeko. EDUSI jarduerak eta proiektuak ohiko udal-zerbitzuen osagarri dira. Iruñeko Udalak, bere aldetik, konpromisoa hartu du horietarako bi milioi eta erdi euro bideratzeko 2017-2021 aldian.

Online parte hartzeko Erabaki izeneko plataformaren bidez eman zen prozesuaren berrihttps://erabaki.pamplona.es/?locale=eus/, eta proposamenak egiteko eta lehenesteko aukera ere egon zen plataforma horren bidez.

Prozedura: Parte hartzeko aukera hauek zeuden: zure proiektua Erabaki plataformaren bidez eta bertaratuta aurkeztea, proiektuen gainean lan egitea horretarako sortutako lantaldeetan, eta hautatutako proiektuak bozkatzea, hemen adierazitako irizpideetan oinarrituta. Lantaldeen gaia zein proiektuen gainean lan egiteko noiz elkartuko diren, hemen adieraziko dugu. Lan arloak honako hauek izanen dira:

  • Gizarteratzea
  • Karbono-isuri urriko ekonomia
  • Ingurumena eta baliabideen eraginkortasuna
  • 107 proposamen aurkeztu ziren, 43 Udalaren aldetik eta, 64, parte hartzeko prozesuan jasota. Proposamen horiek 28tan bateratu ziren, eta horiek izan ziren azkenean lehenetsitakoak. Guztira 921 boto izan dira; horietatik, 321 Erabaki plataforman eman dira, eta 600 aurrez aurreko bozketan.

    ALDE ZAHARRA ARIAN-ARIAN

    Helburua: Alde Zaharra arian-arian prozesu partizipatiboa Iruñeko Udalaren eta Alde Zaharreko elkarte, kolektibo eta auzotarren artean sortu da, Iruñeko Alde Zaharreko mugikortasuna berrikusteko asmoz, hartara auzoa bizileku egokiagoa bihurtzeko, non gizalegezko portaera eta ingurumenarekiko begirunea nagusituko diren.

    Online parte hartzeko Erabaki izeneko plataformaren bidez eman zen prozesuaren berri https://erabaki.pamplona.es/?locale=eu, eta proposamenak egiteko aukera ere egon zen plataforma horren bidez.

    Prozedura: Prozesu partizipatiboa 4 lan- eta hausnarketa-ardatzen inguruan egituratu zen:

    • 1. Oinezkoei lehentasuna ematea eta ibilgailu motordunen sarrera eta zirkulazioa murriztea.
    • 2. Auzora sartzeko eta bertara iristeko erraztasunak (garraio publikoa, aparkalekuak, etab.).
    • 3. Zamalanak arautzea (merkataritza, auzotarrak, erakundeak, etab.).
    • 4. Oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza.
      • Erabaki plataformaren bitartez 45 proposamen egin ziren.

        «Auzoko zuhaitza»

        Helburua: Auzoko zuhaitza zuhaitz-ondarea zabaltzeko ekimen bat da, eta hiriko auzo guztietara iritsi nahi du.

        Prozedura: Lehenik eta behin, zenbait zuhaitz aukeratu ziren, urteko zuhaitza bozketa bidez aukeratzeko hautagai izan zitezen. Auzoko elkarteek eta Iruñeko Udaleko Lorategi Zerbitzuak aukeratu zituzten, aurrez, hautagaiak. Behin hautagaiak zeudela, horietatik sei aukeratu ziren, eta horietako baten alde bozkatu ahal izan zen, Erabaki.Pamplona plataformaren bidez eta aurrez aurre, urteko zuhaitza izan zedin. Auzoko zuhaitza Irubideko gereziondo japoniarrak izan ziren, emandako 150 botoen heren bat eskuratuta.