Iruñeko Udalaren 2017eko memoria

MUGIKORTASUN JASANGARRIKO ZERBITZUA

HEZKUNTZA

BIZIESKOLA. Lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko ikasleendako programa, bizikletaren gaineko oinarrizko trebetasunak garatzeko eta hiri-ingurunean modu seguruan ibil daitezen (Udaltzaingoak parte hartzen du eskoletan).

2017-2018 ikasturte hasieran izena emandakoak:

  Lehen Hezkuntza Bigarren Hezkuntza Guztira
Ikastetxeak 13 9 22
Taldeak 48 39 87
Ikasleak 1056 869 1925

BIZIESKOLA EMAKUMEENTZAT. Ikasteko eta trebetasunak garatzeko ikastaroak.

Ikastaroak Goizez Arratsaldez
1. maila: hastapen-maila 10 10
2. maila: Trebetasuna 6 7
Itxarote-zerrenda 15

ESKOLARAKO BIDEAK. Eskolarako bideen proiektuak adingabeak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu eta espazio publikoa berriz erabili eta gozatu ahal izateko ekimenak dira, eta, horrekin batera, emakumeek eta gizonek zainketak eta denbora antolatzeko moduei ere eragiten diete. 2017an, eskolarako bideen proiektua hasi zen Iturramako auzoan, Amaiur ikastolarekin eta Claret-Larraona ikastetxearekin.


ESPARRU PUBLIKOA ETA MUGIKORTASUNA


BIDEGORRIEN PLANA. Bi fase aurreikusi dira plan hori egin, eta idazteko: lehen fasean (2017), Iruñeko oraingo bidegorri-sarearen egoera aztertu eta haren diagnostikoa eginen da (oraingo eskaintza eta eskaria, eta zer potentzial duen); horrez gain, galdetzeko eta parte hartzeko hartzeko prozesu bat ere eginen da, eta, ondoren, sare berriari ekiteko irizpideak aukeratu eta zehaztuko dira. Azkenik, dauden bidegorriak hobetzeko proposamen zehatz bat eginen da eta Iruñeko 2017-2022rako Bidegorri Planaren 2. fasea prestatu eta idazteko etorkizunean egin beharreko lanetan zer metodologia erabiliko den zehaztuko da. Bigarren fasea 2018an eginen da, eta bertan ziklo-sare berriaren ezaugarri teknikoak jasoko dira batetik, eta sare berria ezartzeko proposatutako esku-hartzeen planifikazioa eta programazioa, bestetik.

BIZIKLETETARAKO APARKALEKUAK ETA BIZIKLETA PUBLIKOAREN SISTEMA

BIZIKLETETARAKO APARKALEKUAK
Udalak 2017-2018ko bizikletetarako aparkaleku-plana aurkeztu du 2017an. Plan horrek bizikletetarako aparkaleku publikoen sare bat egitea proposatzen du. Sareak hiru modalitate izanen ditu: egoiliarrendako aparkalekuak, txandakako aparkalekuak eta lurgaineko aparkalekuak.

  • Egoiliarrendako aparkalekuak: Egoiliarrentzako lehen aparkalekua egokitzeko lanak egin ziren 2017an. Alde Zaharrean zegoen, Descalzos kaleko 23-27an. Aparkalekuak 124 toki ditu, baita kontrolpeko sarbide-sistema eta lokalaren barneko bideo-zaintza ere, segurtasunez aparkatzeko.

    2017ko amaieran bi lokal erosi ziren Arrotxapean (Urzainki kalea 14) eta Milagrosan (Gelbentzuko zeharkalea 8), Iruñeko auzo horietako egoiliarrendako bizikletetarako bi aparkaleku berri egiteko.

    Descalzos kaleko aparkalekua egokitu eta Milagrosan eta Arrotxapean bi lokal gehiago eskuratzeaz gain, 2017an lanean ere aritu gara Nbici-BiziZ bizikleten aparkaleku publikoaren zerbitzuaren erabilera arautzen duen ordenantza zein egoiliarrentzako aparkalekuen prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala idazteko.

  • Txandakako aparkalekuak: Txandakako aparkalekuei dagokienez, 2017. urtearen hasieran aldi esperimental bat abiatu zen, Pérez Goyenaren pasealekuan, txandakako bizikleta-aparkaleku estali eta doakoen erabilera probatzeko, Nafarroako Liburutegi eta Filmotekaren eta Musika Kontserbatorioaren ingurunean. Intelligent Parking SL enpresarekin egindako lankidetza-hitzarmen bati esker, aparkatzeko 50 leku prestatu ziren. Erabili ahal izateko, aldez aurretik izena eman edo identifikatu beharra zegoen, mugikorrendako aplikazio batean edo webgune batean. Aldi esperimental hori ebaluatuz, etorkizuneko txandakako aparkaleku-sarearen ezaugarriak zehazten ahal dira.

    Honako datu hauek lortu dira orain arte:
    Aparkaleku-zerbitzuko erabiltzaileak/altak: 379.
    Aparkalekuaren erabilerak: 8.517 aldiz.
    Gehien erabilitako ordua: 19:00ak.
    3 erabiltzailetik 2 gako pertsonalarekin sartu dira.
    2tik 1 aplikazioarekin (telefonoa).
    Astelehenetik ostiralera erabili da gehien.

  • Lur gaineko aparkalekuak: 2017ko hasieran, Mugikortasun Zerbitzuak 2017-2018ko Bizikletetarako Aparkalekuen Plana aurkeztu zuen. Planak bi fase ditu: lehenean (2017) 324 toki egokitu ziren; bigarrena 2018an eginen da.

    Lehen faseari eta izandako betetze-mailari dagokienez, 2017an bizikletak aparkatzeko 29 modulu berri ezarri dira, eta 174 toki gehiago sortu dira 1.000 biztanleko 10 plaza baino gutxiago dituzten auzoetan (Etxabakoitz, Sanduzelai, Buztintxuri eta Mendillorri).
    Sadarreko Estadioan egin da jarduera nagusietako bat. Iruñean jende gehien biltzen duen kirol-ekipamenduetako bat da, eta arazo gehien sortzen duenetako bat ere bada (auto-pilaketak, ibilgailuen okerreko aparkatzeak...). Bizikletak aparkatzeko 20 unitate ezarri dira, 120 plaza guztira.

BIZIKLETA PUBLIKOEN SISTEMA

Iruñeko Udalak bizikletak alokatzeko Nbici zerbitzua abian jarri zuen 2007ko ekainean (Nbici-Biziz 2017tik aurrera), hirian 5 gune ezarrita. Zerbitzu horrek bizikleta garraiobide gisa are gehiago erabiltzea sustatu nahi du, eta abantaila batzuk ditu norberaren bizikleta edukitzearen aldean. 2010ean, bizikletak alokatzeko, herritar-txartelaren erabilera ezarri zen. Aldi baterako txartel-sistema bat ere badago, turista eta noizbehinkako erabiltzaileendako pentsatuta. Txartel hori kreditu-txartelaz eros daiteke Zezen-plazako eta Gaztelugibeleko alokairu-geltokietan, 3 euroren truke.

Iruñeko Udalaren bizikleten mailegu-zerbitzuak 4.487 erabiltzaileren kopurua gainditu du 2017ko abenduan, iaz 207 lagunek alta eman ondoren (2016an baino gehiago, orduan 165 pertsonak alta eman baitzuten). Hori horrela, 2017an aurreko urtean baino 42 pertsona gehiagok eman zuten alta. Hala ere, 2017an egindako bidaien kopurua 2016koaren antzekoa izan da; 15.000 bidaia inguru orotara. Abuztuan (1.520 bidaia guztira eta eguneko 49 bidaia eguneko batez beste) eta irailean (2.222 guztira eta eguneko 74 bidaia eguneko batez beste) izan da eragiketa gehien.

«Nbici-Biziz» zerbitzuak ehun bizikleta jartzen ditu herritarren eskura hiriko bost geltokitan: Zezen Plazan, Gaztelugibelen, Unibertsitate Publikoan, Nafarroako Unibertsitatean (CIMA) eta Anelier pasealekuan. Ibilgailuak bost gune horietako edozeinetan har eta utz daitezke. Kontuan hartuta mailegu-geltokien artean batez beste 2,5 km daudela, kalkula daiteke bizikletek 2017an 38.420 km egin zituztela. Ibilbide hori autoz egin izan balitz, 2.305 litro erregai kontsumituko ziren, eta 3.000 euroko kostua eta 5.376 kg CO2ren isurketa eragin.

Ekainean zenbait hobekuntza izan ziren Nbici-Biziz bizikleta publikoen zerbitzuan; besteak beste, ordutegia handitu zen, alta ematea erraztu zen, haren irudia berritu zen eta laguntza-telefono bat ezarri zen. Udako sasoiko ordutegi berria (apiriletik urrira), 07:30etik 22:00etara izanen da (lehen zerbitzua 20:00etan amaitzen zen). Neguan ordutegia 08:00etatik 20:00etara izanen da, hots, bi ordu luzatuko da, baita arratsaldean ere. Erabiltzaileendako laguntza-telefonoa: 900900722 zenbakia da, eta zerbitzuaren ordutegia bera izanen du.

MUGIKORTASUNAREN ASTEA

Irailean «Zeure hiria partekatu, kaleetako bizitasuna helburu» lelopean, eta mugikortasunarekin loturik, hogeita hamarretik gora jarduera antolatu ziren: ibilaldiak bizikletaz, mekanika-lantegiak, pasealdiak Takoneran eta Arrotxapean, erakusketak, hitzaldiak eta Bizikleta Eskolan, Eskolarako Bideak eta Helduentzako Pasealdiak Trizikloan programen aurkezpena, besteak beste. Programak Europako Mugikortasunaren Astea ere (irailaren 16tik 24ra bitartean) kontuan hartu zuen, eta edukiek bi aste gehiago zuten mugikortasun jasangarriaren aldeko hiriaren apustua indartzearren.

www.movilidadpamplona.es

Irailean, eta 2017ko mugikortasunaren barruan, webgune hau jarri zen herritarren eskura: www.movilidadpamplona.es. Mugitzeko era jasangarri, seguru eta eraginkorrenak sustatzea du helburu, herritarrei baliabideak eta informazioa eskuratuz.