
Iruñeak turismorako ildo estrategikoak aurkeztu zituen 2016an, Iruñeko Udalak etorkizunean izanen duen Turismo Plan Estrategikoari oinarria emateko. Hainbat arlo landu ziren, hala nola hiria kalitatezko jomuga gisa nabarmentzea, turismoa sanferminez haratago erakartzea eta hainbat segmentu lehenestea turistendako produktuak eskaintzeko: gastronomia, kultura, osasuna eta biltzarrei loturiko turismoa, besteak beste. Horren haritik, Osasun Turismoa Garatzeko EkintzaPlanean ezarritako norabideak lantzen segitu zen, eta RENFErekiko akordioari eutsi zitzaion, hirian egiten diren biltzar eta ekitaldietako parte-hartzaileentzat.
Sanferminei dagokienez, gainera, azterlan bat egin zen festek sare sozialetan zer irudi duten aztertzeko, eta SF Pamplona App-a eguneratu zen; 31.000 deskarga baino gehiago izan ditu hiru urteko funtzionamenduan. 2016an, Ernest Hemingwayren The Sun Also Rises eleberria argitara ematearen 90. urtemuga bete zen. Efemeride horretan oinarriturik, Udalak argazki-erakusketa bat eta bisita gidatuak prestatu zituen, besteak beste.
Plangintza osoa sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan oinarritu zen, kohesio handiagoa lortzeko eta hiriko turismoarekin lotutako sarea indartzeko. Halaber, mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak mantendu ziren, hala nola Creacity (Baiona eta Hondarribia hiriekin) eta Jacob@ccess (Jacarekin eta Frantziako Iholdi-Oztibarreko Elkargoarekin). 20016an, Jesus eta Maria erromesen aterpetxearen zerbitzu-gutuna onartu, Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroaren kudeaketa esleitu eta Turismo Bulegoaren kudeaketa luzatu zen, bai eta bulego horrek Nafarroako Turismo Bulego gisa duen eginkizuna ere.
2016an, % 12,9 bisitari gehiago artatu zituzten Udaletxe plazako Turismo Bulegoan: 157.354 guztira.
2016an, Iruñeko Udalak Turismo Plan Estrategikoaren prestaketa atera zuen lehiaketara, behin egoerari buruzko diagnosia egin ondoren. Lizitazioan dozena bat enpresa aurkeztu ziren, eta, azaroan, Sepinum & Meridiano Zero ABEEari esleitu zitzaion, 63.001 euroan.
Etorkizuneko planaren funtsezko ildoak jendaurreko jardunaldi batean aurkeztu ziren Kondestablearen Jauregian. Lana 2017an zehaztuko da eta hainbat gauza aurreikusi behar ditu, hala nola merkatuari/produktuari dagokion arloa (ezberdintzea) zein marka eta komunikazioa (posizionamendua) eta gobernantza-estrategia (lidergo publikoa eta sektore pribatuarekiko elkarlana); horrez gain, zeharkako berrikuntza- eta jasangarritasun-estrategia jorratuko da zehaztutako jarduketa bakoitzerako.
Hiriko mugarri turistikoetako bat sanferminak dira. Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua eta turismo-sektore pribatua kezkaturik zebiltzan, haien ustez sanferminen irudi orokorra okertu egin zelako, eta, zehatzago, hedabideetan nahiz sare sozialetan emaniko irudiagatik. Gauzak horrela, gaia aztertzea erabaki zen.
Udalak FUNTSAK eta LIS-SOLUTIONS enpresak kontratatu zituen 5.929 euroan, online hedabideak ardatz hartuta azterlan bat egiteko, Twitter, Facebook eta Google Trend aztertuta bereziki, eta Sanferminak markaren nazioarteko posizionamendua identifikatzeko helburu nagusiarekin. Horretarako, Iruñeko Udalak enpresekin hainbat bilera egin, eta zenbait material prestatu ziren.
2016an, turismo arloko zazpi entitatek jaso zuten Udalaren diru-laguntza , Iruñeko hiria turistendako jomuga gisa sustatzeko ekintzak egite aldera (guztira, 47.912 euro bideratu ziren, hasierako 60.000 euroko kontu-sailetik). Deialdiak denetariko jarduerak hartzen ditu bere baitan, hala nola sustapen- eta publizitate-ekintzak, turismo-produktu berriak diseinatzeko gastuak, jardunaldiak, lehiaketak, fam trip saioak, bilera profesionalak eta antzeko ekitaldiak, den-dena hiria turismo-jomuga gisa garatzeko. Guztira, 31 jarduera egin ziren.
SICTED proiektuak ez zuen jarraitu 2016an, 2007tik indarrean egon ondoren. Iruñeko eta Iruñerriko establezimenduen eta turismo-enpresen kalitatea sustatzen zuen. Iruñeko Udalak proiektua bertan behera utzi zuen, hainbat arrazoi izan zirela medio: ekimena geldirik zegoen, eta turismo-sektore pribatuak ez zion harrera handirik egin; gainera, proiektuak ez zuen jo Produktuaren Klub bat egitera, establezimenduen sustapena eta merkaturatzea hobetze aldera.
2016an, Iruñeko Turismoaren Behatokiaren lan-sistema birplanteatu zen. Ordura arte, hiriko eskaintza eta eskari turistikoari buruzko informazioa jasotzen zuen urtero. 2016an, Behatokiaren azterlanak bertan behera utzi ziren, Turismo Plan Estrategikoaren barruan tresna erabilgarri eta arinago bat identifikatzeko.
Iruñeko Udala Spain Convention Bureau biltzar-hirien sarean sarturik dago eta lankidetzan ari da Nafarroako Gobernuarekin, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioarekin (Baluarte) eta sektore pribatuko beste erakunde batzuekin, Iruña eta Nafarroa biltzar-, bilera- eta pizgarri-turismorako jomuga gisara hedatzeko eta sustatzeko. Udala Nafarroako Turismo Kontseiluaren Turismo MICE batzordean sarturik dago. Hori Nafarroako Gobernuko organo aholku-emaile bat da.
Komunikazio eta loturei dagokienez, 2016an, Iruñeko 11 biltzar edo ekitalditarako eskatu zitzaizkion deskontuak RENFEri, eta unean uneko bi ekintzatan eman zen laguntza: I love febreroeta El tren del chupinazo. Izan ere, 2013az geroztik, Udalak eta RENFEk hitzarmen bidez sustatzen dute hiria elkarrekin MICE jomuga gisa; horrekin bat, sustapen-bideak eta bidaia-deskontuak egokitzen dira Iruña jomuga gisa definituta dauden ekitaldietarako.
Proposamen horren baitan, 2016an, Udalak IBTM Bartzelona nazioarteko azoketan parte hartu zuen, eta SBCk eta Turespañak Bilbon antolaturiko jardunaldi nazional eta nazioartekoetan. Udala, halaber, bi workshop espezializatutan izan zen: Iberian MICE Forum (Alacant) eta M&I (Madril). 2016an, halaber, fam trip bat egin zen, T&C agentzia mexikarrarekin.
Ekintza orokor horiez landara, Udalak bi sektoretan jardun zuen ahalegin handiz: osasun-turismoan eta turismo gastronomikoan. Lehenari dagokionez, 2013tik aurrera, Iruñean Osasun Turismoa Garatzeko Ekintzari jarraitzen zaio, Zinkea enpresak eginda. Aurreikuspenen arabera, kalitate-estandarrei lotutako produktu bereizgarriak sortuko dira, sustatuko den marka bereizgarri baten bidez. 2016an, Iruña hainbat azokatan izan zen, FITUR Salud (Madril) azokan, adibidez, eta sektoreko beste batzuetan, hala nola MITT Mosku, MedShow eta Workshop MTEC Kiev izenekoetan. Horrez gain, fam trip bat egin zen, Terramar Group-ekin, eta presstrip bat, PRESS TOUR taldearekin.
Iruña “Saborea España” proiektutik atera zen, Osoko Bilkurak 2016ko abenduaren 1ean erabakitakoarekin bat.
Udan etortzen da turistarik gehien Iruñera, eta alor honek aisia- eta kultura-jarduerak, bisita gidatuak, ardo- eta olio-dastatzeak, kontzertuak eta kaleko ekitaldiak egiten ditu, baita ekitaldi nabarmenak ere: Harresiak kandelen argipean, adibidez.
Nafarroako ardo-dastatzeen hamargarren edizioa egin zen 2016an, Descalzos kaleko udal-eraikineko erakusketa-gelan (2. solairua). 2016ko 15 saioetan, guztira 750 lagunek parte hartu zuten, bost ardo dastatzeko: bi zuri, gorri bat eta bi beltz, guztiak ere hiru gazta motarekin uztartuak: Idiazabal, Idiazabal ketua eta Erronkari. Ekitaldia elkarlanean egiten da Reyno Gourmetekin, Kontseilu Erregulatzailearekin eta upategi parte-hartzaileekin. Abuztuan, gainera, olio-dastatzeen bigarren edizioa egin zen. Guztira, 235 lagunek parte hartu zuten; hau da, leku guztiak bete egin ziren.
Udalak bisita gidatuak proposatzen dituen urtaro bakarra ez den arren, 2016an egindako lau ibilbide-modalitateetatik hiru udan eskaini ziren, Creacity programaren barruan. Harresien zaindariak antzerki erako ibilaldia da familientzat, eta 146 lagunek parte hartu zuten, lau saiotan. Iruñearen harresien barruko historia eta Bidaia bastioien barnealdean zehar ez dira bakarrik udarako, abenduko zubiak ere eskaintzen baitira, eta azken modalitatea, Aste Santuan ere bai. Urte osoa kontuan hartuta, modalitate historikoan 1.709 lagunek eman zuten izena, eta bastioietako bisitetan, berriz, 1.621. Ibilbide horien osagarri, Ziudadelara ere bisita gidatuak egin ziren Eguberrietako oporretan; zehazki, 161 lagunek parte hartu zuten. Guztira, 2016 osoan, lau ibilbide-modalitate gidatuetan, 3.637 leku bete ziren.
Halaber, seigarren urtez jarraian, Harresiak kandelen argipean udako programa egin zen. Proposamena, berriz ere, Iruña, Baiona eta Hondarribia arteko Creacity proiektuaren baitan gauzatu zen, mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko, eta EGEF erakundeak diruz lagundurik. Hiru hitzordu programatu ziren abuztuko larunbatetan, 21:00etatik 23:30era. Agertokiak hainbat kokaleku izan ziren, Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroaren eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren artean.
Proposamenaren helburua da harresi-barrutiaren alde baten balioa nabarmentzea eta inguru hori dinamizatzea, eta iruindarrei nahiz bisitariei eskaintzen zaie, hiriko gotorlekuetako bi tarte bestelako argiarekin ikusteko. Toki horietan emanaldiak egin ziren, eta hiru jaima paratu ziren, Caballo Blancok eta Nafarroa J.D. duten ardoek eskainitako tapak dastatzeko. Ekimen horrek bi lehiaketa publikotan aurkeztera behartzen du, eta Caballo Blanco tabernak lehen lehiaketa irabazi zuen: ostalaritza-zerbitzukoa, hain zuzen ere. Beste lehiaketa laguntza teknikora eta sorkuntzara bideratua dago; hau da, apainketa, azpiegiturak muntatzea ostalaritza-postuetarako, kandelak jartzea, piztea eta jarduera gainbegiratzea. El Cubo Blanco eta Barrio de los Artistas izenekoei esleitu zitzaien. Hiru esleipendunek 2015eko esperientzia errepikatu zuten.
Urte bukaeran, Udalak ekitaldi sorta bat egin zuen, Ernest Hemingway idazle iparramerikarraren The Sun Also Rises eleberria argitara ematearen 90. urtemugaren karira. Kazetari gaztea Iruñean 20ko hamarkadan; irudi hori izan zen Recuperando a Hemingway-Hemingway Bidaide jarduera-zikloaren ardatza. Ekimena Madrilen ere aurkeztu zen, eta hainbat ekitaldi barnebildu zituen, hala nola erakusketa biografiko bat, bisita gidatuak, idazlearen bizitzari buruzko dokumentala eta solasaldia, eta mahai inguru bat nazioarteko berriemaileekin. Iruñeko Udalak ekimenari buruzko 3.000 orri-markatzaile banatu zituen herritarren artean, eta Guía Hemingway. La Fiesta, Sanfermines y Pamplona (Victus Rorat, 1999) gidaren 500 ale. Udalaren asmoa baita jendearen eskura jartzea udal-biltegietako inbentariatze-lanetan aurkitutako materiala, eta banaketa hori ekimen horren zati bat da.
Creacity proiektua Iruña, Baiona eta Hondarribia arteko mugaz gaindiko lankidetza-proiektua da, Pirinioetako Lan Elkartearen baitan, eta proposamen berriak egiteko bidea ematen du Iruñeko turismo-programazioaren barruan. 2016an, izan ere, horixe izan zen Iruñeak FITUR azokara eramandako turismo-apustuaren ardatza: hots, gotorleku-ondarea elkarrekin balorizatzea kultur turismoko eta arte sorkuntzako ekimenen bidez, betiere berrikuntzan oinarrituta.
Apirilean, hiru egunez, Ozeanoz gaindiko I. Topaketa Gastronomikoa egin zen hirian. Esparru horren baitan, Ozeanoz gaindiko I. Frijitu Topaketa egin zen, Brasil, Kolonbia, Iruña eta Hondarribiko sukaldariekin, Sergio de Andrés telebistako sukaldariak aurkeztua, eta Burlatako ostalaritza-eskolako ikasleek ekitaldiaren antolaketan lagundua. Gainera, ikastetxe hori bisitatzeaz gain, bost sukaldarik 100 pintxo prestatu zituzten bost sukaldetan, ozeanoz gaindiko frijituz osaturiko bermut bat aurkezteko.
Udaleko hainbat zuzendarik eta teknikarik Ondareari eta gastronomiari buruzko Foro batean parte hartu zuten apirilean, Hondarribian, non Creacity proiektuaren zabalkundea egin baitzen.
Uda ondoren, urriaren 9tik 11ra, hiru hiriak Urban sketchers artisten euskarri bihurtu ziren. Estatuko eta nazioarteko artista grafiko ospetsu horiek etorkizuneko erakusketa baterako marraztu zuten hiru hirietan. Erakusketa 2017an eginen da. Eta, azaroan, Iruñeko 18 establezimenduk Vermuteando programan parte hartu zuten. Azaroaren 5etik 27ra, 54 arte-ekintza egin ziren, Iruñeko bermut-ordua girotzeko, eta Hondarribian ere antzeko zerbait egin zen. Quiero teatro taldea arduratu zen magia, antzerkia, klown eta dantza koordinatzeaz. Saioetan, zazpi taldek parte hartu zuten.
Udalak, azoka eta ekitaldietan parte hartzeaz gain, 2016an eduki turistikoen edizioa mantendu zuen, hala eduki digitaletan nola euskarri tradizionaletan.
2016an, urtero bezala, App mugikor bat eguneratu eta hobetu zen, batez ere sanferminetan erabiltzen dena. Geoactio, Artworks eta Welldone enpresek gonbidapen bidez parte hartu zuten lizitazioan, baina, azkenean, Geoactiok besterik ez zuen proposamena aurkeztu; 4.500 euroan, zehazki. Gauza berrien artean, jaigune berriak kokatu ziren eta su artifizialen balorazioa egiteko aukera, App bera erabiliz. Emaitzarekin bat, Sanfermin Iruña aplikazioak 6.623 deskarga berri izan zituen IOSen eta Androiden. Horrek esan nahi du guztira 31.675 aldiz deskargatu dela App-a 2014an hasi zenetik.
2016an, Turismo Bulegoan 54.100 plano, Iruñeko Ibilaldiei buruzko 8.150 foileto eta Gotorleku txikiaren gaineko 5.875 foileto banatu ziren, gutxi gorabehera, guztiak ere sei hizkuntzatan; gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta italieraz. Udalaren euskarri horiekin batera, Nafarroako Gobernuko beste argitalpen batzuetako 18.974 ale ere banatu ziren. Turismo Bulegoa bera hiria sustatzeko erakusleiho bihurtu zen, kanpoko zutabeetan irudiak paratu eta mezuak idatzi baitziren, 4 hilean behin aldatzen direnak. Brandok enpresa arduratu zen diseinuaz.
Iruñean, aurrez aurreko arreta hori eskaintzeaz gain, 2016an Udalak komunikazio elkarreragilea sortu zuen azoketan, eta online marketin-ekintzak ere bai. Era berean, MICE katalogoa nabigagarri bihurtu zen, eta, 601 Audiovisuales enpresarekin, jomuga aurkezteko bideo bat egin zen, 6.000 euroko aurrekontua izan zuena. Creacity-ren barnean, ikus-entzunezko bat ere aurkeztu zen: Tengo algo que contarte, contigo– urekin–avec toi (4:02’ Full HD; aurrekontua: 6.000 euro / ekoizpena: Iñaki Alforja).
Jesus eta Mariaren turismo-aterpetxea
Jesus eta Maria erromesen turismo-aterpetxea (Compañía kalea, 4) 2007ko abuztuan zabaldu zen, eta Aspace Fundazioak kudeatzen du. 2016ko maiatzetik, zerbitzu-gutun bat dauka, hau da, herritarrekiko konpromiso zehatz bat, hemen kontsultagai dagoena: www.pamplona.es. Beste informazio batzuen artean, hartan esaten da aterpetxeak 112 ohe eskaintzen dituela egunero eta azaltzen da instalazioaren ekipamendua: arropa garbitzeko gela, 3 garbigailurekin eta 2 lehorgailurekin, sukalde hornitua, egongela eta internet-zerbitzua, bai eta funtzionamendu-ordutegiak zehaztu ere. 2016an, lurzoruak mantendu eta hobetzeko lanak egin ziren, bai eta hezetasunak kentzeko lanak ere, eta eztabaida bat geratu zen egiteko, formalki turismo-aterpetxearen izaera kenduko ote zaion berriz ere erromesendako aterpetxea izateko, hasieran bezala.
Guztira, 20.198 erromesek hartu zuten ostatu Donejakue Bideko erromesendako aterpetxe honetan, eta bideko aterpetxeetan ohikoak diren erabilera eta praktikekin bat funtzionatzen du. Bisitari guztietatik, % 75 atzerritarrak ziren (15.190 lagun, hain zuzen). Hau da, 2015ean baino % 3 gehiago, urte hartan erromes atzerritarrak 14.757 izan baitziren. Abuztua eta maiatza izan ziren jendetsuenak 2016an, 3.133 eta 3.091 bisitari izan baitziren, hurrenez hurren. Urtarrilean iritsi zen jenderik gutxien: 204 bisitari, hain zuzen. Nazionalitateen arabera, talde ugarienak Italia, Korea, AEB, Frantzia eta Alemania izan ziren, pisuaren hurrenkeran.
| erromesen aterpetxea "Jesus eta Maria | |
|---|---|
| Urtea | Erromes-kopurua |
| 2012 | 19.341 |
| 2013 | 21.555 |
| 2014 | 20.890 |
| 2015 | 20.534 |
| 2016 | 20.198 |
Aterpetxea urte osoan dago zabalik, sanferminetan (uztailaren 5etik 15era bitarte) izan ezik; abenduaren 23tik aurrera ere ixten da, Errege Egunaren ondoko lehen astelehenera arte. Ordutegia: eguerdiko 12:00etatik 23:00etara; lo egiten duten erromesek, dena den, goizeko 8etan utzi behar dute aterpetxea.
Paderborn erromesen aterpetxea
Beste aterpetxe bat ere dago erromesen eskura 2006az geroztik, eta Iruñeko Udalak Donejakue Bidearen Lagunak-Paderborneko Donejakue Ermandadea elkartearekin egina duen lankidetza-hitzarmenaren bidez dago kudeatua. Sinatutako bigarren hitzarmenari esker (2016an sinatu zen) dago zabalik aterpetxea. 2016an, 5.346 erromesek hartu zuten ostatu aterpetxe horretan.
Iraizoz txaletean kokatua, 26 ohe ditu logela bereizietan, eta, horrez gain, gosariak emateko egongela, eta sukalde bat, garbigailuarekin eta lehorgailuarekin. Paderborneko aterpetxeko ospitalariak arduratzen dira aterpetxeaz. Halaber, instalazioak garbitu, eta garbiketa-gastuak ordaindu eta mantentze-lan arruntak egiten dituzte. Aterpetxea martxoaren 1ean irekitzen da, eta urriaren bukaerara arte ematen du zerbitzua. Abuztuan eta irailean izaten da eskaririk handiena, baina hurbiletik maiatza eta ekaina heldu dira.
Iruñeko Turismo Bulegoa
Tokiko Ekonomia Jasangarriko Alorraren eskumenen artean daude neurriak hartzea eta jarduketak egitea turismoa Iruñean planifikatu, bultzatu, dinamizatu eta sustatzeko. Iruñeko Turismo Bulegoa 2014tik aurrera dago zabalik, eta funtsezkoa da Udalaren turismo-kudeaketan, baita Nafarroakoan ere. Izan ere, 2015etik aurrera, Iruñeko Bulegoak Nafarroako Turismo Bulegoaren eginkizunak hartu zituen bere gain, urtero berritzen den hitzarmen baten bidez.
Otsailean, udal-zerbitzu horretako arreta-kontratua Dinamic Imizcoz Servicios Culturales S.L.Uenpresari esleitu zitzaion, 143.023 euroan, hau da, eginkizun hori bera egiten ari zen enpresari. Urte osoan dago zabalik (ordutegi desberdinetan), eta 8 langile aritu ziren lanean, hau da, 2015ean baino bi gehiago; une jakin batzuetan, dena den, 10 ere ziren turismo arloko berriemaile kontratatuak. Iruñera datorren jendeak hainbat hizkuntzatan jasoko du arreta, hala nola gaztelaniaz, euskaraz, katalanez, ingelesez, frantsesez, italieraz, alemanez eta errusieraz.
2016an, 157.354 turista artatu zituzten (2015ean baino % 12,9 gehiago) eta 63.655etik gora gestio egin ziren (aurreko urtean baino % 27,5 gehiago). Gehienak Espainiakoak ziren; bereziki, Madrilgoak (15.847 bisitari) eta Bartzelonakoak (13.470 bisitari). Berriz ere, Nafarroako turistak dira nabarmentzekoak, 2016an 11.470 pertsona izan baitziren, eta, aurreko urtean, berriz, 7.873. Horrela, 2016an, turista nazionalak guztien % 64,1 izan ziren, hots, 2015ean baino 2,8 puntu gehiago.
Bulegora joandako nazioarteko bisitarien artean, gehienak frantsesak izan ziren, nazionalitate horrek izan baitzuen lekurik handiena hiriko turismoan, 17.514 izan baitziren, hau da, 2015ean baino 2.200 gehiago. Nazionalitate alemaneko jende kopuru nabarmena ere etorri zen, 4. postutik 2.era igo baitzen bisitarien sailkapenean; guztira, 5.684 lagun, estatubatuarren gainetik, iparramerikarrak 3. tokian gelditu baitziren (4.910 inguru, hau da, 2015ean baino 800 turista inguru gutxiago).
| Guztira | 2016 | 2015 | % | 2014 |
|---|---|---|---|---|
| Estatukoak | 100.976 | 82.179 | +16% | 71.624 |
| Atzerritarrak | 65.378 | 51.769 | +7.8% | 44.360 |
| Artatutako turistak | 157.354 | 133.948 | +12,9% | 115.984 |
| Zenbat arreta egin diren | 63.655 | 49.904 | +27,5% | 37.439 |
Turismo Bulegoa, sanferminetako egunetan, 2015eko antzeko kopuruetan ibili zen: 7.531 turista 2016an, eta aurreko urtean, aldiz, 7.542. 2015. urtearekin alderatuta, % 8 turista espainiar gehiago etorri zen Iruñera festetan, eta % 9,2 bisitari atzerritar gutxiago egun berberetan (zenbaki absolutuetan, 4.296 eta 3.235 turista izan ziren, hurrenez hurren).
Turismo Bulegoaren eginkizunetako bat bisitariei informazioa ematea da arlo askori buruz: Iruñeko baliabide monumental, natural eta historikoez; ostatu-, jatetxe- eta jarduera-eskaintzaz; garraio- eta komunikazio-zerbitzuez edota jomugari eta inguruneari buruzko edozein datu interesgarriz. Baina, horrez gain, hiriko merkataritzarekin lotura duten jardueren berri eman (azokak, hitzordu interesgarriak, etab.) eta argitalpenak saltzen dira, bai eta sarrerak ere, Udalak erabakitzen duen jardueretarako.
Interpretazio Zentroa, bisitaria artatzeko zerbitzuak
2016an, 2.602 lagunek bisitatu zuten Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa/San Bartolome gotorleku txikia. Hilerik jendetsuena apirila izan zen, 373 pertsona bertaratu baitziren. Abenduan ibili zen, ordea, jenderik gutxien: 100 lagun, zehazki. Bisitarien % 68,1 espainiarrak izan ziren; horien artean, nafarrak eta Madril eta Bartzelonatik etorritakoak dira nabarmentzekoak. Nazioarteko 824 bisitarietatik, % 20,3 frantsesak izan ziren; gero, britainiarrak (% 10,7) eta iparramerikarrak (% 10,3).
2011ko martxoan ireki zen, antzinako bastioi militar batean, hots, San Bartolome gotorleku aurreratuan; ibai gaineko muino batean kokatua dago, Arrieta kalean, Aralar kalearekiko izkinan. Museo-xedea du orientabide elkarreragilearen bidez, hiriaren historiaren gaineko ulerkuntza orokorra errazteko, Iruñeko gotorleku-barrutiaren garrantzia nabarmentzeko eta ibilaldiaren abiapuntua izateko.
| Interpretazio Zentroa | |
|---|---|
| Urtea | Bisitari-kopurua |
| 2012 | 4.148 |
| 2013 | 3.461 |
| 2014 | 3.921 |
| 2015 | 3.476 |
| 2016 | 2.602 |
Dinamic Imízcoz Servicios Culturales S.L.U enpresa arduratzen da Interpretazio Zentroa kudeatu eta artatzeaz, 2011ko uztailaren 1az geroztik. 2015ean, kontratuaren aurrekontuak 32.064 euro jo zuen (BEZa barne).