Memoria del Ayuntamiento de Pamplona 2013

MERKATARITZA

Merkataritza dinamizatu eta sustatzeko kanpainak

Urtean zehar, Iruñeko Udalak hainbat kanpaina bultzatzen ditu. Kanpaina haietakoren batek hamar urtetik gorako ibilbidea egina du. Proposamen bakoitzak bere data zehatzak izaten ditu, eta, askotan, egun seinalatuak erabiltzen dituzte merkataritza-proposamenak egituratzeko. Aurten, urrian, Bertako Produktuen I. Astea antolatu zen, hemendik aurrera urtero egiteko asmoz.

Pamplona Stock aukeren Feriak hamarkada bat bete zuen eta, urteurren horren inaugurazio-ekitaldia Enrique Martín Osasunako entrenatzailearen kontu izan zen. Iruñeko Udalak antolatzen du, Nafarroako Merkatarien Federazioarekin eta hainbat merkatari-elkarterekin elkarlanean: Alde Zaharra, Zabalgunea, Iturrama, Martín Azpilkueta, Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldea, Mendillorri eta El Salvador-Arrotxapea. 2016ko hamargarren edizioan 22.000 bisitari baino gehiago jaso zituen. Hala, martxoaren 3tik 6ra, 43 dendak parte hartu zuten Baluarten. Antolatzaileek haur-jokoak eta DJ baten emanaldia eskaini zituzten animazio osagarri gisa.

2008az geroztik, Liburuaren eta Lorearen Eguna ospatzen da (apirila), Letren Nazioarteko Egunarekin bat, eta Diego de Haro Liburu-saltzaileen Elkartearekin elkarlanean. Aurreko urteetan bezala, Karlos III.aren etorbideko oinezkoendako eremuan egin zen, Orreaga etorbidearekiko elkargunean. 17 liburu-dendak (2015ean baino hiru gehiago) % 10eko deskontuak eskaini zituzten, eta, bezeroen artean, 4.000 lore banatu zituzten; hau da, aurreko urtean baino 1.200 gehiago. Iruñeko Udalak José María Romeraren “Pamplona-Iruña, imágenes y palabras” liburuaren luxuzko argitaraldiaren 1.100 ale banatu zituen herritarren artean; 1996an argitaratu zen eta 2006az gero deskatalogatuta dago; Iruñeko 14 egileren testu eta irudiak biltzen ditu. Inbentariatze-lanetan udal-biltegietan aurkitutako materiala herritarren esku jartzeko ekimenaren barruan egin zen.

“Merkataritzarekin, hiria, hiriago” ekimenak (ekaina-uztaila) hamar urtetik gora darama abian, karrika beste merkataritza-erakarpen baten gisa nabarmentzeko, eta, horretarako, hainbat jarduera programatzen dira, merkataritzaren presentzia hiriaren bizitzan sustatzeko eta bezeroen fideltasunari eusteko eremuko establezimenduarekiko. Ekain osoan eta uztailaren lehen bi egunetan, jende guztiarendako jarduerak eskaini ziren, hala nola puzgarriak, haurrendako lantegiak, dastatzeak edo musika. Horren baitan, Alde Zaharrean, ‘Gau Zuri Gorria’ ekimena egiten zen; hau da, ia 100 dendak moda-desfileak, tailerrak, kalejirak, kontzertuak eta deskontu bereziak eskaini zituzten eta gaueko hamarrak arte zabalik egon ziren. Horrez gain, bestelako ekintzak egin ziren karrika festaz betetzeko. Udalak Pamplona Stock-eko merkatarien elkarteekin batera antolatu zuen programa hori.

Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka (iraila) irailaren 9an, 10ean eta 11n egin zen, Batasunaren Pribilegioa ospatzeko ekitaldien barruan. 120 postu paratu ziren Alde Zaharreko karriketan, txokolateak, hestebeteak, ardoak, gaztak, opilak, barkilloak, marmeladak edota sendabelarrak eskaintzeko. Horrekin batera, antzinako lanbideen erakusketa egin zen: ontzigileak, zeramikagileak, kopistak, zilarginak, lurringileak, zurginak edo zapatariak. Halaber, lore, forja edo musika-tresnen lantegiak, falkoneria-erakustaldi bat eta ardi-mozte saioak egin ziren. Eskaintzaren osagarri, San Frantzisko plazan, Erdi Aroko taberna bat eta zuzeneko emanaldi bat izan ziren. 2016an, Nafarroako Artisau Elikagaien Elkarteari zegokion bide publikoa erabiltzea ekitaldirako muntatze-lanetarako.

“Zabalgunea la Nuit” ekimenak (iraila) ‘Flower Power’ mugimendua aukeratu zuen bere 7. edizioaren gunetzat, eta beste urteetan baino lehenago antolatu zen, urrian izaten baitzen. Iruñeko Udalak eta Zabalguneko Merkataritza

Elkarteak ia 100 establezimendu bildu zituzten irailaren 30ean, arratsalde-gau batez gaueko 23:00ak arte zabalik, eta bezeroei oparitxoak eta deskontu bereziak eskaini zizkieten.

2016an, lehen aldiz antolatu zen Bertako Produktuaren Astea (urria): bertako produktuen merkatu handi bat, Iruñeko erdialdean kokatua. Erakusketa, salmenta eta dastatzea izan ziren, eta prestakuntza-pedagogia ekintzak izan ziren, bertako produktuei buruzkoak eta elikadura-subiranotasunarekin eta hark erosketa publikoan dituen eraginekin lotuak. Bertako Produktuaren I. Astea honako hauekin batean elkarlanean programatu zen, hitzarmen baten bidez: Artisau Elikagaien Egileen Elkartea, NNPEK, Gurbindo Etxea-Fundagro, INTIA eta harakinen gremioa. 2016ko urriaren 5ean, 6an, 7an, 8an eta 9an egin zen, eta, hemendik aurrera, urtero egin nahi da, eta jarduera finko bihurtu Iruñeko egutegi sozial, kultural eta gastronomikoan.

Bost egunez, hitzaldiak, txostenen aurkezpenak, dastatzeak eta mahai inguruak izan ziren udal-egoitzetan; eduki teknikoak eta orokorragoak konbinatu ziren; halaber, Gazteluko plazak bertako produktuaren kontzeptuarekin lotura duten 70 ekoizle bildu zituen, eta 400 m-ko karpa bat, dastatzeak, animazio-jarduerak eta lantegiak egiteko.

2016ko azaroan, ‘Black Friday’ ekimenaren hirugarren edizioa egin zen azken ostiralean, ia 200 establezimendurekin, bezeroak deskontu nabarmenen bidez erakartzeko.

Eguberrietako Kanpaina 2016-2017

Beste behin ere, Eguberrietako kanpaina Gabonetako argiztapena piztearekin batera abiatu zen, azaroaren 29an, San Saturnino egunean. 2016an, diseinua Blachere Iluminación España S.A enpresarena izan zen, eta argiak urtarrilaren 6ra arte egon ziren piztuta. Karriketan, 172 arku eta, kale-argietan, 140 apaingarri jarri ziren, eta argiztapen berezia bost plazatan: Merindadeen plaza, Vianako Printzearen plaza, Askatasun plaza, Gazteluko plaza eta Udaletxe plaza. Horrez gain, Karlos III.a etorbideko oinezko pasealekuan, bi eguberri-arbola handi jarri ziren.

Argiarekin batera, dendetako apainketa aipatu behar da; hein batean, Iruñeko Udalarenak diren 379 eguberri-irudirekin egin zen. Era berean, 378 eguberri-apaingarri zintzilikatu ziren Zabalgunean eta Martín Azpilkueta eremuan.

Eguberrietako Feriak berriz ere ireki zituen ateak, abenduaren 16tik 2017ko urtarrilaren 8ra Artisauen 27 postu, txurro-denda bat eta lanbideei buruzko haur-lantegiak izan ziren ekimen berri batean, Iruñeko Udalak eta merkatarien elkarteek elkarlanean lantzen dituzten hiriaren merkataritza-animaziorako proposamenen barruan. 2016an, familiek bi karpatan izan zuten hitzordua (Gazteluko lazan eta Karlos III.a eta Orreaga etorbideek bat egiten duten lekuan); mota guztietako jardueretarako prestatuta zeuden, eta 30.000 eta 20.000 lagunek bisitatu zituzten, hurrenez hurren.

Gune horietan, gainera, Alde Zaharreko ‘Eguberrietako ibilaldi gozoak’ eta Zabalguneko ‘Une gozoak’ izan ziren, honako hauen eskutik: Garrarte Artisau Gozokiak, Beatriz Pastak, La Turronería, Manterola Etxea, Torrano Gozotegia eta Goya Konfiturak. Espero bezala,150 lagunek hartu zuten parte. Beste auzo batzuetako merkatariek ere Olentzerorekin, txokolatearekin eta gaztaina erreekin lotutako jarduerak antolatu zituzten: Iturrama, Arrotxapea, Martin Azpilkueta eta Mendillorri.

Udal-merkatuak

Urtean barna, hainbat prestakuntza-, sustapen- eta animazio-jarduera egiten dira Ermitagañako eta Zabalguneko merkatuetan. Otsailean, erosketa-txekeen bidezko sustapen-kanpaina bat egin zen (10 euroko 225 txekeren zozketa). Martxoan eta azaroan, Merkatuen Erruleta jokoa egin zen. Hala, bezeroen artean, merkatuetako espezialitate guztietako produktuak zozketatu ziren. 2016ean, zazpigarren edizioa egin zen.

Apirilean, “Ahogozatu Udaberria” proposamena egin zen; zehazki, garaian garaiko produktua sustatzen da, elkartasunezko xede bat gogoan: hots, euro batean ardoa eta pintxo bat dastatu, eta biltzen den dirua xede sozialetara bideratzen da. Ekimena urrian ere egiten da, onddo- eta ziza-erakusketa bati lotua, “Ahogozatu udazkena”izenburupean. Bi edizioen artean, 900 pintxo dastatu ziren, guztiak ere merkatuetako produktuekin prestatuak. Bildutako dirua (2.000 euro inguru) ANASAPS elkarteari eman zitzaion, besteak beste.

Eta, maiatzean, Merkatuko III. Errezeta Lehiaketarako deialdia egin zen, aurten Nafarroako haragiaren inguruan egin ere. Hiru sari eman ziren, hots, merkatuetan gastatzeko hiru txartel, 200, 150 eta 100 eurokoak, parte hartu zuten 10 bezeroen artean. Horren ondotik, 450 lagunentzako dastatzea prestatu zen, “Masailak” errezetarena.

Bestelako hitzorduak merkatuetan. Uda iristean, 4.000 lore eman zitzaizkien bezeroei merkatuko postuetan eta, irailean, berriz, eskolako itzulera kanpainak 9 eta 12 urte bitarteko haurrak izan zituen protagonista: elikadura osasungarriari eta bertako produktuei buruzko bi lantegi egin ziren. Urtea Eguberrietako kanpainarekin bukatu zen: 11.800 egutegi banatu ziren, eta haurrentzako tailerrak egin; eguberriak zuten gaitzat tailer horiek, eta 40 haurrek hartu zuten parte.

Laguntza Iruñeko ekintzaile eta enpresei

2016an, hitzarmena sinatu zen Iruñeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroaren artean, Iruñeko ekintzaile eta enpresei laguntza bideratzeko. 2016ko aurrekontua 295.000 euro izan zen. Udalak % 47,46 eman zuen.

Hitzarmenaren lehen puntu gisa, CEINek Iruña erdialdean duen egoitzak bere horretan segituko du (Leire kalea, 20).

Egoitza horretan, Iruña Ekintzailea - Sektore kultural eta sormenezkoa Programa (200 ordu) garatu zen, Learning by doing eta LEAN metodologietan oinarrituta. Prestakuntza-programa horretan, ekintzaile-espiritua duten 16 laguni eman zitzaien laguntza, negozio-ideia bat bilatzeko eta garatzeko; testuinguru horretan, 14 enpresa-iniziatiba berri garatzen hasi ziren hirian, besteak beste: gizarte-sare bat oso soziala, tokiko coworking bat, arte-galeria erlazional bat, hileta zibil eta kulturaleko zerbitzu bat edo musika-terapiarako kontsulta bat. Erabilitako metodologiak saio praktikoak proposatzen zituen parte-hartzaileekin eta mentoreekin (NICDO; Nafarroako Telebista eta Unibertsitateak). Gainera, programa horren barruan, bi jardunaldi antolatu ziren, bat ekainean eta beste bat irailean. “Oraina, geroa eta eraldatzeko gaitasuna kultur eta sormen industrietan”. Guztira, 290 lagun joan ziren bi jardunaldi horietara.

“Denda naiz - Soy Comercio” programa garatu zen; proiektuak azeleratzeko ekimen bat zen, izaera berritzailea duten negozio-ideiak sustatu eta Iruñean negozio berri bereizleei laguntza emateko; 2016an, 16 ekintzailek hartu zuten parte, eta, ekainean hasita, sei hilabetez 80 orduko prestakuntza egin zuten Learn-start-up eta mentoring metodologia erabilita. Horrez gain, bakarkako tutoretza-saioak jaso zituzten, eta 1.250 euro, programa babesten duen Nafarroako Rural Kutxak emanak. Hortik, 8 proiektu sortu ziren, hala nola arropa-dendak, kafetegiak, gaztandegi bat eta modulukako altzari ekologikoen denda bat. Hona aurtengo establezimendu laguntzaileak: Ayestarán, Berlín Moda, Cachet, Zuazu harategiak, Garrarte, Urtoki herbodietetika, La Colmena, La Mandarra de la Ramos, Txirrintxa, Katuzarra, San Domingoko merkatua, Mi Cocina, Mundoraintxe, eta Sahne y Lola.

CEIN-Iruñeak, gainera, beste 96 ekintzaileri eman zien arreta, Iruñeko Udalak Ekintzaileei Arreta emateko duen Bulegoak eta Udaleko beste atalek hara bidaliak.

CEIN-Iruñeak beste orientazio-jarduera batzuk egin zituen. Batetik, enpresa-planak diseinatzeko bost lantegi praktikotarako (20 ordu) deialdia egin zuen, Ekintzaile gazteentzako udal-laguntzeen deialdira proiektuak aurkeztu zituztenentzat. 10 lagun etorri ziren. Bestetik, “Trebatu” proiektuan lagundu zuen, kontratazio publikoari buruzko 120 minutuko lantegi batekin, Kondestablearen Jauregian (abendua). Ekintzaileak zituen helburu, batez ere sormen- eta kultura-industrietakoak, eta Santiago Lesmes Zabaleguik eman zuen (Zuzenbidean lizentziatua eta klausula sozialetan eta kontratazio publikoan aditua). Prestakuntza horretan, 25 lagunek hartu zuten parte.

Iruñeko Merkataritzaren Mahaia

2009an, Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak Iruñeko Merkataritzaren Mahaia sortu eta abian jartzea erabaki zuen; hau da, aholkularitza- eta informazio-izaerako foro bat da, merkataritza bultzatu eta sustatzeko ekintzak aztertu eta proposatze aldera, eta, era berean, interes orokorreko hainbat kontu aztertzeko ere. Udaleko hainbat zuzendarik nahiz teknikarik eta udal-talde politikoetako ordezkariek osatzen dute, bai eta merkataritzako kideek ere (eremuan eremuko merkatari-elkarteak, udal-merkatuak eta gremioak).

2016an, hiru aldiz bildu zen honako hauek lantzeko: arlo horretako aurrekontua eta udal-planifikazioa, merkataritzagune handiak, jardueren proposamenak 2017rako edo Merkataritza Plan Estrategikoaren plegurako egin litezkeen ekarpenak (sortze-prozesuan). Urtero bezala, foru horretan, 2016. urtean gauzatutako ekintzen balorazioa egin zen, eta udazkeneko eta Eguberritako kanpainen programazioaren eta edukien aurrerapena eman ere.

Ikerketak

2016an, bi ikerketa egin ziren: Iruñeko eta Iruñerriko merkataritza-eskaerari buruzko bat eta hirian dagoen merkataritza-eskaintzari buruzko beste bat. Hautaketa-prozesu irekiak egin eta gero, honako enpresa hauek egin zituzten ikerketak: CIES S.L. eta Auren Consultores SP, S.L.P., hurrenez hurren. Bi ikerketetako emaitzek egitekoa den Merkataritza Plan Estrategikoa diseinatzeko balioko dute. Plan horrek 2021. urtea du helmuga eta markatuko du hiriko sektore hori suspertzeko zer lerro estrategikori jarraitu behar zaien eta zer neurri ezarri behar diren.

Iruñeko eta Iruñerriko merkataritza-eskaerari buruzko ikerketa honako hauen bidez egin zen: 2.410 inkesta, banakako elkarrizketak, ezaugarri desberdineko pertsonek osatutako eztabaida-taldeak eta adituen talde bat. Honako hau zuen helburu: normalean erosketak egiten dituzten Iruñeko eta Iruñerriko pertsonen erosketa-ohituren eta -arrazoien berri izatea; zona bakoitzaren merkataritza-erakargarritasuna ezagutzea, eta Merkataritzagune handiek erosketa-ohituretan nola eragiten duten jakitea; eta eskaera nola eboluzionatzen ari den ere.

Merkataritza-eskaintzaren inguruko ikerketak hiriko dendetan egindako 690 elkarrizketa, eztabaida taldeak eta adituen talde bat izan zituen oinarri. Honako helburu hau zuen: sektorearen jokaera sakon ezagutzea, haren eboluzioa eta joerak, eta merkataritza elektronikoak nahiz merkataritzagune handiek hiriko merkataritza-sektorean duten eragina aztertzea. Ikerketak inguruko hirietako hurbileko merkataritzaren eboluzioarekin lotutako jardunbide egokiak identifikatu nahi zituen. Hala, honako hauek aztertu zituen: merkataritza-eskaintza, haren egitura, enpresa-ehuna, ingurune urbanistiko-komertziala eta tokiko merkataritzaren beharrak.

Udal-arauak

Iruñeko Udalak, Osoko Bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Merkataritza Ez-egonkorra arautzen duen Ordenantzaren 17. artikuluaren 2.2 zenbakiko lehenengo paragrafoaren aldaketa. Aldaketaren testu osoa: “2. Azoka horietako salmenta postuak antolatzerakoan arau hauek jarraituko dira: Azokaren funtzionamendu ordutegia 09:00etatik 14:30era izanen da.”

Aldaketak ez zuen alegaziorik izan jendaurreko erakusketa-aldian, eta behin betiko onetsi eta abenduaren 31n sartu zen indarrean.