Festaren Historia

Nor izan zen San Fermin?

Gure festei izena ematen dien santuari buruz ezagutzen dugun istorioak Eugeniaren eta Firmoren (III. mendeko Iruñeako erromatar senataria) seme zen Fermin aipatzen du. Tradizioari jarraituta Honesto presbiteroak kristau bilakatu zuen eta Iruñako hirira hau ebanjelizatzeko aginduarekin iritsi zen San Saturninok bidalia. Honestok Fermin hezi zuen eta Fermin gazteak hamazazpi urte zituela jada ebanjelioa inguruko herrietan predikatzen zuen. Azkenik 24 urterekin gotzain izendatu zuten.

Urte batzuk geroago, hogeita hamar urte zituelarik, Frantzian barna predikuan ibili zen, non eta Akitanian, Auvernian eta Anjoun, bizilekua Amiensen finkatu aurretik. Han ere lan fina eginen zuen kristau-doktrina zabaltzen, Amienseko gotzain izendatu baitzuten. Hala ere, bertako agintari ofizialak kristautasunaren aurkakoak zirenez, Fermin arerio hartu eta denboraldi bat presondegian egonarazi eta gero burua moztu zioten.

Iruñara santuaren kondaira XII. mendera arte ez zen iritsi. 1186an Parisko Petrik Iruñera santuaren buruaren erlikia bezala ekarri zuen. Bitxikeria bada ere, Iruñeko patroia ez da San Fermin, San Saturnino baizik; Nafarroakoa, San Frantzisko Xabierkoarekin batera, bai ordea.

BENETAN EXISTITU AL ZEN?

Historian zehar santu apokrifoak agertzen direla maiz gertatzen da, hau da, kondaira hagiografikoetatik edo gertaera historiko partzial edo hanpatuetatik zein manipulatuetatik sortutako pertsonaiak. Batzuetan ez daukate  inolako oinarri errealik; halere, nahiz eta benetan existitu ez, haien biografia edo bizitza erakargarriengatik herriaren debozioa pizten dute.

San Fermin beharbada santu horietako bat izan zitekeen. 1970ean Nafarroako zenbait historialarik eta Amiensko arkeologo batek egindako ikerketek  –bereizita egindakoak– halaxe ondorioztatzen dute. Haietan San Ferminen istorioak inolako oinarri historikorik ez duela irmotasunez ziurtatzen baita. Roldan Jimeno Aranguren historialariaren ikerlanak –haren doktore-tesiaren parteko batek– hala baieztatzen du, non kondairari buruzko datu funsgabe, inkongruentzia eta faltsukeria anitz agerian uzten baititu.

Nolanahi ere, gaur egun herritar guztiek –fededunak izan hala ez– San Fermin pertsonaiarenganako atxikimendu handia daukate. Bai afizioa edota debozioa bada ere, santuak sanferminei izena emateaz gain, haren figura festei guztiz lotutako ikono bat dela argi eta garbi dago.