Batasunaren Pribilegioa Erdi Aroan Iruña hiria osatzen zuten hiru burgu nagusien batasuna ekarri zuen ituna da, 1423ko irailaren 8an Karlos III.a Prestuak sinatutako agiriaren bidez batu baitziren. Egun horretara arte burgu bakoitzak bandera eta errejidore propioa zuen.
Batasunaren pribilegioa Nafarroako Errege Kontseiluak 1618ko abenduaren 17an hartutako erabakiaren bidez inprimatu zen. Berrehun ale egin ziren, Iruñeko biztanle guztiek, eta bereziki hiriko diru-kutxari dirua mailegatzen ziotenek, haren berri izan zezaten.
Bi metro luze baino gehiagorekin, hogeita bederatzi kapitulu ditu. Azkenak Pribilegioaren errege zina aipatzen du, eta betiereko Forutzat hartzen du, Iruñean bildutako hiru estatuen aurrean. Gaur egun, Iruñeko Udaletxeko ezkaratzean dokumentuaren kopia bat dago.
ERDI AROKO FESTA, IRAILAREN 8 OROTAN
Irailaren 8an eta aurreko astean, Iruñean Batasunaren Pribilegioa ospatzen da urtero, jarduera-agenda oso batekin: musika- eta arte-ekitaldiak, Erdi Aroko azoka tradizionala eta bisita gidatuak Udaletxera.
Irailaren 8an, agiria sinatu zen egunean, Udalbatzak hiriaren izenean desfilatzen du hiru buruguetako kaleetan barna, eta Iruñeko erraldoien eta buruhandien konpartsa haiekin batera doa. Gero, errespontsua dator eta eskaintza egiten zaio Karlos III.ari, Andre Maria Erreginaren catedralean.
Tradizioari jarraituz, Batasunaren Pribilegioaren Egunetik gertuen den asteburuan egiten da Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka Iruñeko Alde Zaharrean. Postu ugaritan eskaintzen dira tokiko elikagaiak (gazta, hestekiak, txokolateak, pastak, likoreak, eztia eta infusioak) eta artisautza-produktuak (bitxigintza, larru-lanak, beiragintza, zur-lanak, xaboiak, zilargintza, saskigintza, artilea, etab.).
Azoka alaitzeko musika-emanaldiak, haurrendako jokoak eta abar egiten dira.
Informazio praktikoa
Kokalekua: Alde Zaharra
Eguna: Irailak 8
Jarduerak doakoak eta kanpoko ekintzak izango dira.