Garbitzaileen lana ohikoenetakoa izan zen XIX. mendeko eta XX. mende hasierako emakumeen artean. Baita gogorrenetakoa ere. Arga ibaiaren ertzeetan kokaturik zeuden hainbat latsarritan, emakumeek –askotan beren alaba txikiek lagunduta– arropa garbitzen zuten, belauniko jarrita barruan zaku huts bat tolestuta zeukan sardina kutxa baten gainean, eta gero esekitokian hedatzen zuten arropa, otxabo bat ordainduta erabilitako tarte bakoitzaren truke. Latsarriok topaleku publiko bakarrenetakoak ziren emakumeentzat, eta sendabide baino gehiago izaten ziren haientzat lanaldi eskergak ahazteko orduan. Belauniko, ilara luzeak osaturik, umorez erantzuten zieten Descalzos kalean lanean ari ziren igeltseroen zalaparta eta laidoei, honela kantatuz: "Albañil de mi vida, cuánto te quiero, del andamio más alto caigas al suelo"
XX. mendean, ur korrontea Iruñeko etxeetara iristearekin batera, garbitzaileek garrantzia galdu zuten lan-sektore eta gizarte-talde gisara. Horrela, emakume askok enplegurako aukera bat ez ezik topaleku bat ere galdu zuten, hartu-emanetarako eta elkarri laguntzeko toki bat.