Udalak “Minutuak zure kontagailurako” abiatu du, hiriko baliabideak baliatuz kirola modu autonomoan egitea sustatzeko ekimena

Udalak “Minutuak zure kontagailurako” abiatu du, hiriko baliabideak baliatuz kirola modu autonomoan egitea sustatzeko ekimena
minutosatucontador.pamplona.es webgunearen eta sare sozialen bidez adin-tarte bakoitzari zuzendutako erronkak proposatzen dira, eta egiten dituztenen artean sariak zozketatuko dira
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udalak abiatutako “Minutuak zure kontagailurako” programak herritarrei aholkuak eta baliabideak eskaintzen dizkie kirola modu autonomoan egiteko, horrela hainbat helburu lortzeko, besteak beste, pertsona sedentarioen kopurua murriztea, zeinak egun ia hiriko herritarren % 18 baitira. Ekimenak minutosatucontador.pamplona.es webgunea eta material inprimatuak ditu ardatz, eta horiek zenbait proposamen, aholku eta erronka eskaintzen dituzte jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruan, adin-tarteetan antolatuta eta Iruñeak dituen baliabideetan oinarrituta, hala nola, bidegorrien sare, hiri-gimnasio eta parke eta lorategi zabaletan, besteak beste. Erronkak Udalaren Twitter eta Instagram profilen bitartez egiten ahalko dira. Parte hartzaile guztien artean sariak zozketatuko dira, hala nola, udal-kiroldegietara sartzeko sarrerak edo kultur- eta turismo-jardueretara joatekoak.

Pandemiak eta  horren ondoriozko  murrizketek eta konfinamenduek eragin dute herritarren artean sedentarismoak nabarmen gora egitea. Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokiaren arabera, Iruñean bizi diren bost pertsonako ia bat sedentariotzat jo daiteke. Egoera hori arintzen saiatzeko, eta etxeko konfinamenduan egon behar dutenei aukerak emateko, udalak “Minutuak zure kontagailurako” abiatu du, ariketa fisikoa egiteko jarraibide eta baliabideak –hautatuak eta adin-tarteka antolatuak– proposatzen dituen ekimena . Programa, halaber, gizartean gora doan hartzaile mota bati zuzenduta dago, hau da, pandemiaren ondorioak alde batera utzirik, ariketa fisikoa profesionalen ikuskapen gutxirekin edo gabe egitea, eta ezohiko tokietan, bilatzen duten horiek. “Minutuak zure kontagailurako” programa ariketa fisikoaren eta osasunaren inguruan lan egiten duten profesionalei ere zuzenduta dago.

Proposamen berriak kirola modu errazean eta askotariko inguruneetan egiteko

Proposamenak hainbat tokitan egin daitezke (etxean, hiri-espazioetan edo ingurune naturalean), eguneko edozein ordutan, eta ez da beharrezkoa ariketa fisikoko edo kiroleko profesional bat etengabe aurrean egotea.  Horrela, egun Iruñean egiten diren kirol antolatuaren eskaintza publiko eta pribatuak ere osatu nahi dira, horien gehiengoa aurrez aurre egiten baita. Proiektu honen azken helburua pandemia herritarren osasun fisiko eta psikikoan sortzen ari den eragin negatiboa murriztea da, ez besterik.

“Minutuak zure kontagailurako” programak eskaintzen dituen baliabideak minutosatucontador.pamplona.es webgunean bilduta daude, eta inprimatutako gida txikietan jasota; azken horiek eskura daude udal-kirol instalazioetan, Civivox zentroetan edo Gaztediaren Etxean, besteak beste. Inprimatutako gidek proposatutako jarduera egiteko behar diren baliabideetara sarbidea ematen duten QR kodeak dituzte. Erronkak pertsona bakoitzari modu hobean egokitze aldera adin-tarteka antolatu dira, eta, horrenbestez, erronka bakoitza 17 urtera arteko gazteei, 18 eta 49 urte bitarteko pertsonei, 50 eta 69 urte bitartekoei edo 70 urte edo gehiago dituztenei zuzenduta dago.

Baliabide guztiak edozein tokitatik eskuragarri eta webgune batean bilduta

minutosatucontador.pamplona.es webguneak modu bisual eta irisgarrian biltzen ditu “Minutuak zure kontagailurako” programak proposatzen dituen baliabide eta jarduera guztiak. Gune horretatik, lehen begi-kolpean, erabiltzaileek ariketa fisikoko zein maila duten autodiagnostikatu dezakete bi galdera errazen bidez. Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak kontuan hartuta zientifikoki balioztatutako test-tipologia bat da. Pertsona bakoitzaren emaitzaren eta adin-tartearen arabera, haien errealitatera gehien egokitzen diren ariketetara sarbidea izanen du. Halaber, webguneak proposamenak zein tokitan egin behar diren kontuan hartuta multzokatzen ditu, etxean, espazio publikoetan (parkeak, hiri-gimnasioak eta kalistenia zentroak) eta hiriko bi puntuen artean egitekoak bereizita. Era berean, proposamen bakoitza, webguneak berak eskaintzen dituen kanpoko online-baliabideetan oinarritzen da.

"Minutuak zure kontagailurako" programaren webgunean eta inprimatutako materialetan eskaintzen diren baliabideen jarraipena sustatzeko adin-tarte bakoitzerako aldizkako erronkak planteatuko dira Iruñeko Udaleko Twitterreko eta Instagrameko profilen bitartez. Horietako bakoitzak gehieneko epe bat izanen du egiteko (adibidez, lehenengo txandako erronkak ekainean egin behar dira), eta, hori baino lehen, parte-hartzaileek sare sozialen bidez justifikatu beharko dute, ariketa benetan egin dutela. Proposamen bakoitzak zehaztuko du benetan egin dela zein modutan erakutsi behar den; bideo bat edo argazkiak argitaratzearen bidez izan daiteke. Egin dutenen artean zozketa bat eginen da adin-tarte bakoitzerako, honako hauek barne hartuta: bisita turistiko gidatuak, udalaren kirol-instalazioetara sartzeko sarrerak eta kultur-ekitaldietara joatekoak, eta Udaleko ikastaroetan doan parte hartzeko aukera.

Adin-tarte bakoitzerako pentsatutako erronkak, eta herritar guztiei zuzendutakoak

Ariketa mota pertsona bakoitzaren ezaugarri fisikoetara eta gustuetara egokitzeko, erronkak adinen arabera taldekatu dira. Horrela, 17 urtetik beherakoei hiriko txokoren bati gizalegez kirol erabilera ematea proposatzen zaie, edo  TikTokeko Twin Melodies influencerrek proposatzen dituzten “challenge”-ren bat egitea . 18 eta 49 urte bitartekoei proposatzen zaie artelan bat egitea, gailu mugikorren mapetan jarduera bakoitzaren ibilbideak markatzen duen bidea jarraituta, edo, etxean bertan, Youtuben dauden kirol-errutinako kanaletako bat jarraitzea.

50 eta 69 urte bitartekoei hirian barna paseatzea proposatzen zaie, hala ‘metrominutu’ udal-ekimenaren mapan adierazitako interesgune ezberdinen arteko ibilbideak baliatuta nola irakurketa edo kultura aitzakiatzat hartuta. Azkenik, ‘Minutuak zure kontagailurako’ programak 70 urtetik gorakoei bi aukera proposatzen dizkie programaren lehenengo erronkak bete ahal izateko. Erretiratuen elkarte batekin ibilaldi bat egin dezakete, edo desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzen dituztenek haiekin egiten dituzten ariketak erakutsi ditzakete, besteak zaintzen jarduera fisikoa egin daitekeela frogatzeko.

 

‘Minutuak zure kontagailurako’ programaren lehenengo erronkak

  • 17 urtera bitartekoen taldea
    • 1. erronka: hiri-espazioak kirolerako erabiltzea Kirol-erabilera eman Iruñeko hiri-espazio bati, aisiarekin eta kirolarekin lotutako bat-bateko erabilera emanez, errespetuz, gizabidez eta originaltasunez. Argitaratu argazki bat Twitterren edo Instagramen hiri espazioak kirol-erabilerarako “birziklatzen”, honako traola hau erabiliz: #minutuakzurekontagailurako17.
    •  2. erronka: twin melodies erronka: Argitaratu Twiterren edo Instagramen, #minutuakzurekontagailurako17 traola erabiliz, minutu bat baino gutxiagoko bideo bat, mugitzea edo ariketa fisikoa egitea dakarren Twin Melodies-en Tik-Tok erronka-challenge bat egiten

 

  • 18-49 urte bitartekoen taldea
    • 1. Erronka: kirol-artea GPSarekin: Argitaratu zure "maisulanaren" irudi bat Twitterren edo Instagramen #minutuakzurekontagailurako1849 traolarekin
    • 2. erronka: errutina-ariketa youtubeko ariketa fisikoko kanalean Proposatu dizkizugun ariketa fisikoko Youtubeko kanaletako bat erabili eta argitaratu Twitterren edo Instagramen, #minutuakzurekontagailurako1849 traolarekin minutu bat baino gutxiagoko bideo bat, errutinaren bat egiten.

 

  • 50-69 urte bitartekoen taldea
    • 1. erronka: zure “metrominutuko” ohiko ibilbidea: argitaratu argazki bat Twitterren edo Instagramen #minutuakzurekontagailurako5069 traolarekin, Iruñeko Metrominutun jasotzen direnen artean ohikoena duzun ibilbidea oinez egiten duzun bitartean.
    • 2. erronka: Bookcrosser kirolaria Argitaratu irudi bat Twitterren edo Instagramen #minutuakzurekontagailurako5069 traolarekin, toki publiko batean egindakoa eta irakurriko duzun liburuarekin. Paseo bat eman beharko zenuke bertaraino iristeko.

 

  • 70 urtetik gorakoen taldea
    • 1. erronka: zure lehen paseo edo ibilaldia elkarte batekin  Argitaratu (edo argitaratzen lagundu diezazutela) argazki bat Twitterren edo Instagramen #minutuakzurekontagailurako70 traolarekin, Iruñean eta inguruan paseo edo ibilaldi osasungarriak sustatzen dituen Iruñeko elkarteren batekin egiten duzun lehen ibilaldian edo paseoan.
    • 2. erronka: gora buru-argitasuna  Desgaitasunen bat duen pertsona bat zaintzen baduzu, kontaguzu nola moldatzen zareten biok aldi berean ariketa fisikoa egiteko. Argitaratu argazki edo bideo bat, minutu bat baino gutxiagokoa, Twiterren edo Instagramen #minutuakzurekontagailurako70 traolarekin, zure proposamen burutsuaren inguruan.
¿Te ha sido útil esta página?