Historia
Donejakue bide ia guztiek bezala, Portugaleko bidearen jatorrizko ibilbideak bisigodoen eta suebiarren inbasioen ondorioz hondatu ez ziren antzinako galtzada erromatarren trazadura aprobetxatu zuen. Horietako baten hondarrak ditugu Porto baino pixka bat lehenago. Bertan, Antoninoren ibilbideko XVI. galtzadari dagozkion zati harriztatu batzuen gainean ibiltzen da. Galtzada horrek Olissipo (egungo Lisboa) eta Bracara Augusta (egungo Braga) lotzen zituen; gero, Ponte de Lima eta Padrón artean, ibilbide horrek bat eginen du Braga eta Asturica Augusta (egungo Astorga) elkartzen zituen XIX. galtzadarekin, Lucus Ausgustitik (Lugo) igaroz.
XII. mendeaz geroztik, Compostelarako erromesaldiak masa-fenomeno bihurtu ziren, eta Portugal ez zen fenomeno horretatik kanpo geratu. Aitzitik, Santuari eskainitako elizak herrialde osoan orokortu ziren. Santua, izatez, Portugaleko patroi bihurtu zen, XIV. mendera arte. Garai hartan Done Jurgik ordezkatu zuen, Gaztelaren aurkako gerra etengabeen eta Ingalaterrarekiko aliantzaren ondorioz, jada ez baitzen sinesgarria santu berak bi armada etsaiak guduetan babestea.
XVIII. mendetik aurrera, Done Jakueren erromesaldien gainbehera garrantzitsua hasi zen, Frantziako Iraultzaren eta XIX. mendeko desamortizazio liberalen ondoren areagotu zena.
Krisi garaiak izan arren, Portugaleko iparraldean Done Jakueren gurtzaren tradizioari eutsi zitzaion, baina gain behera etorri zen 1917an Fátimako agerraldien eta santutegi nazionala eraiki ondoren. Santutegi hori erromesaldien helmuga gisa aupatu zen Portugaleko lurraldearen barruan.
Santiagora zihoazen Portugaleko bideetatik herrialde horretako erromesak igaro ziren gehienbat, baina hainbat naziotako erromes europarren joan-etorri handia ere izan zen, batez ere goi-mailako elizgizonak, errege-erreginen familia eta ahaideak, nobleak eta zaldunak, Europako gorteetan zehar bidaian Done Jakueren hilobia bisitatzera joaten zirenak. Pertsonaia ospetsu horietako bat Portugaleko Isabel erregina izan zen, XIV. mendean, ordutik Rainha Santa ezizenez ezaguna.
XX. mendearen amaieran, Portugaleko bidearen eta Frantziako bidearen berpizkundea ia paraleloak izan ziren. Biziberritze horrek arrakasta handia izan du; izan ere, Portugaleko bidea Donejakue bidearen bigarren ibilbiderik bisitatuena bihurtu da, Frantziako bidearen atzetik, hain zuzen ere.


ERROMESENDAKO INFORMAZIOA
Tarteren bat pixka bat konplexuagoa bada ere, malda handirik gabeko ibilbidea da, eta, horregatik, egokia da eskakizun-maila urria eta mendi-etaparik gabeko ibilbidea nahi dutenendako. Erliebe arinaz gain, gehienbat asfalto edo lurrezko pista batetik igarotzen da, eta horrek bizikletendako oso bide egokia bihurtzen du.
Portugalen ez dago Galizian bezainbeste aterpetxerik, batez ere Lisboa eta Oporto artean, baina erromesak suhiltzaile boluntarioen kuarteletan, gazteen bentetan edo parrokia-etxeetan har dezake ostatu. Aterpetxeen prezioak Espainiakoen antzekoak izaten dira.