MADRILGO BIDEA

ABIAPUNTUA: MADRIL

HELMUGA: SAHAGÚN

DISTANTZIA: 321 km.

Madriletik abiatzen den Donejakue ibilbide honek Segovia eta Valladolid probintziak zeharkatzen ditu Sahagúnera (León) iristeko, eta han Frantziako bidearekin elkartzen da.

Bidea ez da oso jendetsua, beraz, egokia da bidea bakarka eta jendetzarik gabe egin nahi duen erromesarendako. Bere ibilbidean, Guadarrama mendilerroa zeharkatzen du Fufríako mendatetik, non 1796 metroko altuerara iristen baita, eta erromatar bide zahar batetik jarraitzen du Gaztelaraino.

1996an, Madrilgo Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak berreskuratu eta seinaleztatu zuen XV., XVI. eta XVII. mendeetan dagoeneko dokumentatuta zegoen erromesbide hau.
 

Historia

Beste behin ere, azpiegitura erromatarrak diren galtzadez baliatuz, Madrilgo bideak Antoninoren ibilbideko XXIV. bidearen trazadura aprobetxatzen du, Espainiako hiriburua Segovia, Valladolid eta Simancasekin lotuz, eta Sahagúnen Frantziako bidearekin bat eginez. Madrilgo erromesak Santiago parrokiatik abiatu ohi dira, Madrilgo sei parrokia historikoetako batetik, eta bertan biderako bedeinkapena jasotzen dute. Handik aurrera, Guadarrama mendilerroa zeharkatzen dute, milurteko trashumantzia-abelbide batetik, antzinako Galiziako segalariek ere aprobetxatzen zutena. Segalari horiek jornalariak ziren, eta, udaro, beren fardela eta igitaiarekin, Galiziatik Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako herrietara joaten ziren gariaren segan lan egitera.

Bide hori Donejakue bide gisa erabiltzea XII. mendetik aurrera dago dokumentatuta, hau da, erromesaldien Urrezko Mendetik aurrera, behin Duero ibaiaren hegoaldeko eskualdeak birpopulatuta. 1561az geroztik, ibilbide honetako erromesen kopuruak gora egin zuen, Felipe II.ak Madril Gortearen egoitza iraunkor bihurtu zuenean.

ERROMESENDAKO INFORMAZIOA

Trazaduraren zatirik handiena laua da, ongi seinaleztatuta dago eta bizikletaz ibiltzeko behar bezain zabalak diren lurrezko bideetatik eta pistetatik igarotzen da. Herri nagusietan ostatu-eskaintza zabala dago hoteletan eta ostatuetan, bai eta aterpetxe publiko zein pribatuetan ere.