
IRUÑEKO UDALAREN ENERGIA AGENTZIA
Aurten hiriko Energiari buruzko Diagnostikoa egin da, eta Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia lantzen hasi dira, ohiko jarduera alde batera utzi gabe: barne- zein kanpo-aholkularitza herritarrentzat, hiri-sareetan parte hartzea energiaren alorrean, Europako proiektuetan eta hainbat sentsibilizazio-ekitaldi eta -jardunalditan parte hartzea. Kontabilizatutako diru-sarrerak Udalaren instalazio fotovoltaikoek (FV) sortutako energiaren salmentatik datoz, modalitate honetan legalizatutako FV instalazioetan zuzeneko autokontsumoen bidez aurreztutako energiatik eta Europako proiektuek emandako finantzaziotik.
ENERGIA-TRANTSIZIORAKO ESTRATEGIA
Aurrekontua: 40.553 euro.
Deskribapena: 2020an hasi da 2030erako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren garapena. Lan hori Iruñeko 2030erako Hiri Plan Estrategikoaren 1. dimentsioaren barruan sartzen da (‘Iruña berdea, ekologikoa eta klimarekin engaiatua’). Energia-trantsizioak inpaktua eduki dezake bai Udalaren beste ekintza-ildo batzuetan bai Iruñeak 2030erako jarrita dituen Garapen Jasangarriko helburu askotan.
UDALAREN ENERGIA-KUDEAKETA
Aurrekontua: 0 €
Deskribapena: Funtsezkoa da Udalaren energia-eskariari ikuspuntu holistiko batetik heltzea, eta Iruñeko Udaleko Energia Agentzia lanean aritu da urtean zehar ikuspuntu mota hori izaten hasteko eta horren gaineko segimendua zuzen egiteko bitartekoak eskuratzeko. Jarraian 2020ko datu errealak aurkezten dira Udalaren energia-eskariari dagokionez (kWh eta €-tan):
Udalak, besteak beste, energia-kontrol eta kudeaketako tresna hauek ditu behar horiek asetzeko:
- Arelsa, Argiteria Publikoaren kontrola
- TREND Energy Manager, eraikinetarako
- Eguzkiko instalazio foltovoltaikoak, inbertsore fabrikatzaileen teknologiaz
Eta Agentziak iturri horiek guztiak Energia Kudeaketako goi-geruza batean batu ditu, bertan konpainia elektrikoaren kontagailu fiskalak ere txertatuta; horrela, Hiria Plataforma sortzeko lehen urratsak eman dira. Hura tresna garrantzitsuenetako bat izanen baita Iruña benetako Smart City bilakatu dadin.
KLIMA ETA ENERGIAREN ALDEKO ALKATEEN ITUNAREKIN BAT EGITEA
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: 2020an Udalak berritu egin zuen Iruñeak sinatutako Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna, eta konpromisoa hartu zuen “CO2 isurketak (eta, ziur aski, berotegi-efektuko beste gas-isurketa batzuk) gutxienez % 40 murrizteko, hemendik 2030era bitarte, bereziki energia-eraginkortasuna hobetuz eta energia-iturri berriztagarriak gehiago erabiliz”, eta “erresilientzia areagotzeko klima-aldaketaren ondorioetara egokituz”.
Iruñeak aurreikusitako sekuentzia honako hau da: erreferentziazko isurketen inbentarioa eta klima-aldaketaren ondoriozko arriskuen eta kalteberatasunen ebaluazioa egitea; Klimaren eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana aurkeztea bi urteko epean, Udalak erabakia hartu zuenetik hasita, eta egoera-txosten bat aurkeztea, gutxienez bi urtean behin, Ekintza Plana aurkezten denetik aurrera, ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egiteko.
UDAL-INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK
Aurrekontua: 7.843 euro.
Deskribapena: Iruñeko Udaleko Energia Agentziak Udalaren 31 instalazioen jarraipen teknikoa egiten du hilero, funtzionamendu egokia dutela ziurtatzeko. 2020an, segimendua egiterakoan, mantentze-operazio batzuk egin dituzte, akatsak eta matxurak konpontzeko inbertsoreetan, panel didaktikoetan, fusible-kutxetan edo panel fotovoltaikoetan. Udalak 411 kW-ko potentzia instalatua du.
EGUZKI-MAPA
Aurrekontua: 18.150 euro.
Deskribapena: Aurten Iruñeko Udala eta Nafarroako Unibertsitatea hiriko eguzki-mapa prestatzen hasi dira. Hiriak eguzki-energia fotovoltaikoa (elektrikoa) eta eguzki-energia termikoa sortzeko duen ahalmenaren azterketa da, jasotako eguzki-erradiazioaren arabera.
Mapak oinarrizko informazioa eskainiko du instalazioaren amortizazioa aztertzeko; izan ere, kontsumo indibiduala teilatu bakoitzean ekoiztu daitekeen energiarekin parekatzeko aukera ematen du, eta, beraz, pizgarri bat izan daiteke sektore horretan inbertsio pribatua mobilizatzeko eta energia-trantsiziorantz aurrerapausoak emateko. Tresna horri esker mapa osagarriak egiteko jarraibideak ezartzen ahalko dira, horien bidez erosotasun termikoko arazoak izan ditzaketen kanpo-eremuak identifikatzeko.
LAGUNTZAK AUTOKONTSUMOKO INSTALAZIOETARAKO
Aurrekontua: 20.000 euro.
Deskribapena: Udalak autokontsumorako energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko instalazioetan egindako inbertsioak diruz laguntzeko deialdia deitu du, 20.000 euroz hornituta eta inbertsioetara zuzendua, bai familia bakarreko etxebizitzetan (banakako autokontsumoa), bai auzotarren komunitateetan (banakako autokontsumoa edo partekatua). Laguntza jasotzeko mugaeguna urriaren 30a da, eta lehenengo aldiz aurrekontu-partidaren % 100 banatu da.
AUTOBUS-GELTOKIKO INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOA - FOTOLINERA
Aurrekontua: 165.072 euro.
Deskribapena: Udalak mikrosare adimentsu bat instalatu du autobus-geltokian, honako hauez osatua: auto elektrikoak kargatzeko gune bat –eraikinaren estalkian paratutako eguzki-panelen energiaz hornitua–, bigarren bizitzako bateriekin egindako metatze-sistema bat eta elementu horiek guztiak kontrolatzeko sistema bat. Hiriko instalaziorik handiena da, 100 kW-eko potentziarekin.
Ibilgailu elektriko bidezko mugikortasun-eredu berriarentzako euskarri bat da, bereziki garraio publikoarentzako. Izan ere, fotolinera lurpean instalatu da (-1. solairuan), taxi-geralekuaren ondoan. 500 m2-ko estalkian 400 Wp-ko 270 panel fotovoltaiko daude. Energia kargagunera heltzea kudeatzeko sistemak honako hauek ditu: konexio elementuak, fluxuen komunikazio eta bateragarritasuna bermatuko duen kudeatzaile bat, inbertsore bat, bateria-inbertsore trifasiko bat eta kargagailu bat. Gehieneko karga-potentzia DC-n 50 kW izanen da. Kargagailu azkarrak kontrol dinamikoko sistema bat du, gehieneko karga-potentzia ahalik eta handiena izan dadin hargune bakoitzean, modu dinamikoan eta denbora errealean.
Instalazioak inpaktu bisuala ahalik eta gehien murriztu nahi du. Proiektuaren xedea jasangarritasuna bultzatzea da, eta horrekin koherente izateari eusteko asmoz, euskarri-egiturak, ekipamendu elektronikoak eta bigarren bizitzako bateriak ekoiztu dituztenak Espainia iparraldekoak izan dira, horrela instalazioa eraikitzean karbono-aztarna ahalik eta txikiena izan dadin.
UDAL-ERAIKINEI LOTUTAKO KARGA-ZUTOINAK
Aurrekontua: 32.700 euro.
Deskribapena: Bi kargagune bikoitz instalatu dira Sanduzelaiko Civivoxaren ondoan (Gortari Doktorearen kalean) eta Buztintxuri ikastetxe publikoaren ondoan (Víctor Eusa kalean). Azken puntu hori ondoko eraikinetik elikatzen da, eta bestea, berriz, nola gehitu aztertzen ari dira.
BARNE-AHOLKULARITZA
Aurrekontua: 0 euro.
2020an, honako entitate eta lan hauekin aritu izan da elkarlanean:
KANPO-AHOLKULARITZA
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: Iruñeko Udaleko Energia Agentzia erreferentziazko aholku-emailea da hiriko herritarrentzat eta enpresentzat. Hortaz, halako kontsultak jasotzen ditu. 2020an 97 kontsultari erantzun die; horietatik % 65 baino gehiago partikularrek egiten dituzte, % 27 enpresek eta gainerako % 8a beste administrazio batzuek. Edukien eta garrantziaren arabera, autokontsumorako laguntzak, bestelako laguntzak eta energia berriztagarrien aukerak hirian izan dira gaiak.
HIRIEN EDO ERAKUNDEEN ENERGIA-SAREAK
Aurrekontua: 3.500 euro
Deskribapena: Iruñeko Energia Agentziak zenbait hiri-saretan parte hartzen du, bai Espainia mailan, bai nazioartean. 2020an bereziki bitan jarduten du:
ENERAGENekin lankidetzan aritu da sarien hedapenean eta sarietarako hautagaiak hautatzen, eta http://www.autoconsumoaldetalle.es/ webgunearen mantentze-lanetan, jatorri berriztagarriko elektrizitatearen autokontsumoa sustatu eta bultzatzeko. Horrez gain, aktiboki parte hartu du organo kudeatzailean eta hainbat lantaldetan.
ENERGY-CITIES, sareko hainbat teknikarirekin aritu da lankidetzan, Agentziak abian dituen proiektuen balioa nabarmentzeko: energia merkaturatzeko udal-proiektua, energia-pobreziaren jarraipena, udal-instalazioekin energia berriztagarria sortzea, autokontsumoa bultzatzea…
EUROPAKO PROIEKTUAK
2020an Iruñeko Udalak jasangarritasunari lotutako Europako proiektuen esparruan jarraitu du, hala nola STARDUST (energia-eraginkortasun orokorrari buruz), POTENT (agintari publikoek ematen dituzten energia-zerbitzuen hobekuntza) eta MPOWER (energia berriztagarriak), eta zeregin hori Udalaren Estrategia Bulegoarekin elkarlanean garatzen du.
EKITALDI ETA JARDUNALDIETAN PARTE HARTZEA
Aurrekontua: 0 euro.
Iruñeko Udaleko Energia Agentzia eta Estrategia Bulegoa hizlari gisa aritu dira honako hauetan: Energia eta autokontsumoari buruzko jardunaldian (urtarrila, Ingurumen Hezkuntzako Museoa, Iruña), Autokontsumoari buruzko Nafarroako II. Kongresuan (urria, Nafarroako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala eta Nafarroako Industria Fundazioa) eta Civivox sareko zentroetan argindarraren fakturari buruz egindako hainbat saiotan.
IRUÑEKO TOKIKO AGENDA 21
ADIERAZLEAK EGUNERATZEA
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: Iruñeko Tokiko Agenda 21ek 14 jasangarritasun-adierazleko sistema bat dauka. Hasiera batean Iruñeko Agenda 21eko Foroan hautatuak eta 2012an aldatuak, hasierako zenbait adierazleri buruzko informazioa ezin zenez eskuratu, 2020an horiek bazter uztea erabaki da eta informazioa eskuratzea bideragarria den adierazle horiek eguneratzen jarraitzea.
Tokiko Agenda 21eko adierazleak
- Biztanleriaren zahartzea
- Pobrezia
- Okupatu gabeko etxebizitzak
- Biztanleria aktiboa
- Dibertsifikazio ekonomikoa
- Ur-kontsumoa
- Energia-kontsumoa
- Energia berriztagarrien ekoizpena
- Hondakinen sorrera
- Airearen kalitatea
- Soinu-kutsadura
- Klima-aldaketa
- Aztarna ekologikoa
- Ingurumen-hezkuntza
ETXABAKOITZEKO BARATZE ILEGALAK KENTZEA
Aurrekontua: 30.946 euro.
Deskribapena: 2020. urtearen amaieran, hogei bat baratze utzarazi dira Ipar Etxabakoitz eta Hego Etxabakoitzen arteko mendi-hegalean eta eremu horiek lotzen dituen bidean, bai eta jabetza publiko eta pribatuko hainbat lurzati ere, Elortz ibaiaren eskuinaldean. 25.000 euro kostatu da hondakinak kendu eta zabortegira eramatea.
Lurra prestatu da 100 zuhaitz autoktono –haritz ilaunduna, artea, intxaurrondoa, urkia, lizarra, haltza, zumarra, pikondoa– eta ia mila zuhaixka landatzeko, auzoko eremuak lotzeko eta ibai-parkerako sarbidea errazteko. Lehengoratze-lanek 15.946 euro jo dute. Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak eman ditu zumarrak, espeziearen epe luzeko biziraupena bermatzeko hobekuntza-programaren barruan, grafiosiak sortutako arazoaren ondoren.
AIREAREN KALITATEAREN ESTAZIOA LEKUALDATZEA
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: Nafarroako Gobernuaren airearen kalitatearen estazioa Gurutzeko plazatik Felisa Munarriz plazara lekualdatzeak xede du zirkulazioak airearen kalitatean duen eragina neurtzea hiriko sarrera nagusietako baten ondoan dagoen ingurunean. Udaleko zerbitzuek hura lekuz aldatzen lagundu dute estazioarendako kokapenik egokiena definituz eta obra zibila koordinatuz Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean.
HIRI-BARATZE KOMUNITARIOAK
Aurrekontua: 6.101 euro.
Deskribapena: Hiri-baratze komunitarioetan egiten den hiri-nekazaritzak lotura du autogestioarekin, tokiko garapenarekin, ingurune degradatuen hobekuntzarekin, gizarteratzearekin, komunitatearen indartzearekin eta ingurumen-hezkuntzarekin; horretaz gain, hiriak jasangarriago egiten ditu eta biodibertsitatea babesten du. Inguruko ingurumen-kalitatea hobetzen dute (klima-aldaketa murrizten laguntzen dute, karbono dioxidoaren hustuleku gisa), zero kilometro arauan oinarritutako produktuak ekoizten dituzte eta auzotarren arteko harremanak sustatzen dituzte. Udalak baratze bakoitzarendako beharrezko baliabide ekonomikoak eskaintzen ditu.
Gaur egun Iruñean 5 hiri-baratze komunitario daude, auzoetako elkarteek kudeatuta. Arrotxapea (Mendialdea elkartea), Txantrea (Krispilak elkartea), Alde Zaharra (Piparrika elkartea), Mendebaldea (Ermitaldea elkartea) eta Donibane (San Juan Xar elkartea).
HEGAZTIENDAKO BABESLEKUAK (HABIA-KUTXAK)
Aurrekontua: 8.913 euro. Ilundain Fundazioarekin sinatutako hitzarmenaren bidez egin da.
Deskribapena: habia-kutxen proiektua ikastetxeetan lantegiak egitean datza, non hiriko hegaztiei buruz hitz egiten den, habia-kutxak jartzen diren eta beteta dauden berrikusten den.
2020an jarri ziren
Hona hemen 2020ko emaitzak: apo-hontzendako 30 habia-kutxa (% 63,3 beteta), 8 zutoin-kutxa belatz gorriendako eta 167 habia-kutxa hegazti intsektiboroendako –160 paridoendako, 5 txantxangorri eta buztanikarendako eta 2 gerri-txori arruntendako–, eta % 65 beteta daude. Horrez gain, intsektuendako 20 aterpe jarri dira, izurrien harrapariendako diseinatuak.
Eskola-lantegietan 6 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 2. mailako eta DBHko 1. mailako 370 ikaslek parte hartu dute. Beste 42 pertsonak Lorategi Zerbitzuari emandako 2 hitzalditan parte hartu dute.
GAU-SAGUZAR ERTAINAREN URTEROKO BERRIKUSPENA
Aurrekontua: 2.360 euro.
Deskribapena: Gau-saguzar ertaina (Nyctalus noctula) saguzar handia da, migratzailea eta zuhaiztarra. Iberiar penintsulan, 6 talde txiki baino ez dira aurkitu, horietako bat, Iruñean. Azken hamarkadetan 45 babes-zuhaitz desagertu dira, eta horrek berekin ekarri du espeziea gutxienez Iruñeko 9 gunetatik desagertzea. Amaia kluba, Caparrosoren errota, Larrainako aldapa, Sanduzelai, Gaztelugibel, Vistabella parkea, Basotxoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusa eta Lezkairuko zaldua.
2000. urtean hasi ziren babes-kutxak jartzen gau-saguzarrentzat Iruñeko parkeetan. 2020an 37 babes-kutxa berrikusi ziren (% 49 beteta zeuden). Bost berrikuspenetan, 17 ale ikusi dira gehienez. Lan horietan aurkitutako espezieak identifikatu, erabili gabeko kutxak birkokatu eta hondatutakoak kentzen dira. Halaber, Iruñeko parke nagusiak berrikusten dira (NUP eta UNAVeko campusak, Miluze-Biritxitu, Basotxoa, Caparrosoren errota), non gau-saguzarren berri izan baita bertako zuhaitzetan, babes naturala ematen dieten zuhaitzak identifikatzen saiatzeko.
UR-ARRATOIA EDO LURSAGUA MENDILLORRIKO LAKUAN
Aurrekontua: 2.265 euro
Deskribapena: Mendillorriko lakuan ur-arratoia agertzeak kezka sortu zuen bizilagunen artean. Espezie hori kaltebera gisa katalogatuta dago. Espeziea eta lakuaren ingurumen balioak ezagutarazteko inguruaren seinaleak berrikusi ziren eta beste bi eduki sortu ziren: bata ur-bazterraren birnaturalizazioari buruzkoa, eta bestea espezie horri buruzkoa. Ibilbidearen bost panelen diseinua eta kartelak koordinatu ziren, non zuhaitz eta zuhaixken 10 espezie identifikatzen baitira. Irailean instalatu ondoren, ibilbide gidatua antolatu zen lakuan barna.
ESPEZIE EXOTIKOAK LAKUETAN
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: 2020an, espezie exotikoei buruzko jarduerek karramarro amerikarra (Procambarus clarkii) hartzen dute ardatz, Ziudadelako Lubanarroetako eta Gazteluko plazako espezie exotiko eta inbaditzailea baita.
Hilero (abuztutik azarora) ikuskatzen dira putzu eta hobiak, eta karramarro hilak (22) zein biziak (9) aurkitzen dira. Datuak Bide-garbiketako Zerbitzuari helarazten zaizkio, handik kendu ditzan. Lanak egitean, txantxikuen kumeak eta txipak (ziprinidoa) daudela egiaztatu da.
DRAINATZE-JASANGARRIKO HIRI-SISTEMA
Aurrekontua: 6.124 euro.
Deskribapena: Hirien iragazgaizteak eragiten du euri-ura teilatuetatik, kaleetatik eta espaloietatik igarotzea urak biltzeko sistema tradizionaletara heldu arte, eta bertatik isuriak tratatzeko instalazioetara edo ibaira bideratzea. Euri-lorategiek jariatze-ura jaso, iragazi eta infiltratzen dute, akuiferoak kargatuz eta gehienezko emaria erregulatuz. Lorategia estaltzen duten landareek faunarendako babesleku eta elikagaiak ekartzen dituzte, eta ikusten ditugunendako, gozamena.
2020an, oinezkoendako lehen pasabide iragazkorraren sistema egin zen, Ugaldeko Andre Maria kalean. Oinezkoendako pasabideen aurreko 5 metroetan jartzen denez, galtzada estutuz, oinezkoendako ibilbideak hobetzen dira eta trafikoa baretzen da.
HONDAKINEN PREBENTZIO-PLANA ARMADA ETORBIDEKO UDAL-ERAIKINEAN
Aurrekontua: 364 euro.
Deskribapena: Armada etorbideko 9. solairuko bulegoetan 4 frakzioko 2 edukiontzi jarri dira, eta dosier bat prestatu da udal-eraikinetako hondakinak kudeatzeko planaren barruan bulegoan sortzen diren hondakinekin. Langileei horiek erabiltzeko moduari buruzko informazioa eman zaie.
HONDAKINEN PREBENTZIO-PLANA HAUR-ESKOLETAN
Aurrekontua: 150 euro.
Deskribapena: Iruñeko 11 haur-eskolek elikagai ekologikoak erosteko programa bat diseinatu dute, hondakin organikoak eta gertukoak gutxitzen dituena, ontzi berrerabilgarriekin, elikagaien zero hondakin lortzeko bidean. Garbiketa-produktuak erosteko irizpidea ere aldatu da, arlo horretako hondakinak minimizatzeko.
Planaren barruan, sortutako zaborra aztertzen da, eta hondakinak bereizi eta bereizita biltegiratzea antolatzen da, organikoak (guztizkoaren % 50) bosgarren edukiontzira joan daitezen bermatzeko.
HONDAKINEN PREBENTZIO-PLANA ZENTRO KOMUNITARIOETAN
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: Txantreako Udalaren zentro komunitarioa aztertzen da, antzeko tipologia duten 24 zentro komunitarioetarako kudeaketa-plan bat garatzeko oinarri gisa. Gela bakoitzean papererako, ontzietarako, errefusarako eta organikorako edukiontziak jartzea proposatzen da, horiei lotutako kartelekin batera.
HEGAZTIAK IRUÑEAN
Aurrekontua: 2.990 euro.
Deskribapena: Urtero, maiatzaren erdialdean udalerrian ugaltzen diren hegaztiei buruzko azterlan bat egiten da (migratzaileak eta egoiliarrak). Trantsektuaren metodologia erabili eta auzo guztietan garatzen da.
2020an 55 espezie desberdinetako 1.958 hegazti zenbatu dira. Taconerak eta Arantzadik dute espezie-barietate handiena, 21 espezierekin. Ale kopuruari dagokionez, Magdalena nabarmentzen da (292), eta haren atzetik, Gaztelugibel (177). Espezie ugariena haitz-usoa da (523 ale). Ondoren etxe-txolarrea (324) eta sorbeltz arrunta (286) datoz.
INGURUMEN-HEZKUNTZA
INGURUMEN-HEZKUNTZAKO ZERBITZUA
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: Ingurumen-hezkuntzako Zerbitzuak hiru lan-ildotara bideratzen du bere esku-hartzea: Ingurumen-hezkuntza ikastetxeetan, ingurumen-hezkuntza herritarrentzat eta ingurumen-hezkuntza Udalean. Esparru horretan, 2020an, 15 programa edo ingurumen-hezkuntzarako proiektu garatu ditu, non 9.467 lagunek parte hartu baitute aurrez aurre; horrez gain, beste 2.220k materialak deskargatu, onlineko proposamenetan parte hartu edo Ecozineko laburmetraiak ikusi dituzte (ikus COVID-19).
Jarduera orokor horiez gain, zerbitzuak unean uneko jarduerak egiten ditu eta/edo hainbat entitaterekin lankidetzan aritzen da.
«JASANGARRITASUNA LANTZEN ELKARREKIN» PROGRAMA
Aurrekontua: 11.837 euro.
Deskribapena: Ingurumen Hezkuntzako Museoak garatutako programa, haur hezkuntzatik unibertsitateko irakaskuntzara bitarteko ikastetxeei zuzendua. 2020an, ohikoak ez diren ekintzak garatzen dira, eta batez beste talde bakoitzeko parte-hartzaile gutxiago daude (ikus COVID-19).
2020-2021eko proposamena lantzen da, honako hauez osatua: unean uneko jarduera dinamizatuen programa, onlineko proiektuak, Natura sentitu programa, Maleta ibiltariak eta Museoa zeureganatu.
NATURA SENTITZEA HEZKUNTZA-PROGRAMA
Aurrekontua: 7.260 euro.
Deskribapena: Natura sentitu proiektua sortzen da hezkuntza arloko esku-hartzea konfinamenduaren ondorengo gizarte premiara egokitzeko, hiriko naturarekin berriz ere konektatzeko. Haur eta Lehen Hezkuntzako 46 taldetako 581 parte-hartzaile izan zituen, eta udazkenean egin zen.
ESKOLA-BARATZEEN HEZKUNTZA-PROGRAMA
Aurrekontua: 7.020 euro.
Deskribapena: 2020an proiektuak aurrera jarraitzen du 2020-2021eko ikasturtean, 5 ikastetxerekin (Doña Mayor IP, García Galdeano IP, Amaiur IP, Mendigoiti IP eta Mendillorri IP). 2.798 ikaslek eta 260 irakaslek parte hartzen dute (ikus COVID-19).
IRAKASLEENDAKO PRESTAKUNTZA-PROGRAMA
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: prestakuntza eskola-baratzeetan eta klima-aldaketan. 2019-2020ko ikasturtean garatzen dira Baratze-eskolako prestakuntza ikastaroak (gaztelaniaz) eta Klima-aldaketakoak (euskaraz). 2020ko irailean hezkuntza-eskaintza berria egin zen, osasun-neurrietara egokitua.
PLANETA DANTZAN PROGRAMA
Aurrekontua: 5.524 euro. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen deialdiek finantzatua.
Deskribapena: Ingurumen Hezkuntzako Lantaldeak Sirenas- Itsas Laminak–Sirènes programa garatu du Miarritzeko Malandain baletarekin eta Donostiako Cristina Enea fundazioarekin batera 2018-2019 eta 2019-2020ko ikasturteetan zehar.
2020-2021eko deialdian Planeta Dantzan izena eman zitzaion proiektuari, modu globalagoan diseinatzen baita, eta Euroeskualdearekin batera lankidetza estrategikoa lortu zen, 3 urterako finantzaketarekin. Proiektua 2020ko urriaren erdialdean sinatu zen. Hasierako ibilbide pedagogikoa mantendu egiten da, baina beste ekintza batzuk ere gehitzen dira, hala nola erakusketa bat eta dokumental bat Malandain Baletaren ikuskizunaren proiektuari buruz, “Fossile”, ingurumen-krisiari buruzkoa.
Parte hartzen duten hirietako bakoitzean (Biarritz, Donostia eta Iruña), Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko 15 taldek, gehienez ere, eginen dute ibilbide pedagogiko hau. Iruñean 282 ikaslek eta 3 irakaslek parte hartzen dute.
XAHUTZEAREN AURKAKO EKINTZA PROGRAMA
Aurrekontua: 26.146 euro.
Deskribapena: 2020an, erakunde bat kontratatzeko prozesuari ekin zitzaion, energiaren arloko gamifikazio-tresna bat egiteko, Stardust proiektuaren esparruan, zeina Udaleko Estrategia Bulegoak kudeatzen baitu. Ikastetxeei zuzendutako tresna horren helburua da CO2 isurpenak murriztea, larrialdi klimatikoaren ondorioz trantsizio ekologiko baterantz joanez. Programa 2021etik aurrera gauzatuko da.
JASANGARRITASUN-ESKOLAREN PROGRAMA
Aurrekontua: 9.711 euro.
Deskribapena: Jasangarritasun Eskolaren programak 2.033 parte-hartzaile izan zituen 2020an, hau da, 2019an baino % 55 gutxiago. 86 jarduera egiten dira (ikus COVID), % 39 gutxiago.
|
Jarduerak |
Jarduera kop. |
Parte-hartzaile kop. |
|
Hitzaldiak, lantegiak, familiarteko irteerak, etab. |
43 |
724 |
|
Dirurik gabeko truke-azoka txikia |
9 |
305 |
|
Jostailuen azoka txikia |
4 |
106 |
|
Bisitaldia aldi baterako erakusketetara |
8 |
627 |
|
Antolatutako taldeendako jarduerak eta urtaroko jarduerak |
21 |
284 |
|
Ingurumen-gai ezberdinei buruzko baliabideak newsletter-aren bitartez (konfinamenduan) |
348 sarrera materialetara |
|
|
Herritarrendako erronkak newsletter-aren bidez (konfinamenduan) |
70 proposamen |
|
|
GUZTIRA |
86 |
2.033 |
IRUÑA BERDEA DA PROGRAMA
Aurrekontua: 2.281 euro.
Deskribapena: Irailaren 15etik azaroaren 21era, Ingurumen Hezkuntzako, Kulturako eta Turismoko udal-zerbitzuen arteko ekintzak koordinatzen dituen programa bat garatzen da.
Guztira 18 ekitaldi egin ziren, 285 parte-hartzailerekin.
KLIMA-EKINTZARAKO LANTALDEA PROGRAMA
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak konpromisoa hartu zuen 2020ko urria eta 2021eko maiatza bitartean hileko topaketa batean egungo gizarteak klima-erronkari aurre egiteko dituen moduak jorratzeko, trantsizio ekologikoaren bidez. Lantaldea 15 parte-hartzailerekin hasi zen, osasun-egoerak edukiera murrizten zuelako.
BISITA PARTIKULARREN PROGRAMA
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: Ingurumen Hezkuntzako Museoak bisitariei aurrez aurre arreta emateko zerbitzua eskaintzen du, bai kontsultak egiteko, bai espazioaren erakusketa iraunkorra bisitatzeko. 2020an 745 bisitari joan ziren Ingurumen Hezkuntzako Museora, % 76 kontsultetarako eta % 24 erakusketa bisitatzera.
ESPAZIOAK LAGATZEKO PROGRAMA
Aurrekontua: 0 euro.
Deskribapena: Ingurumen Hezkuntzako Museoak jarduerak egiteko espazioak lagatzen dizkie Udaleko berezko zerbitzuei eta talde eta/edo kolektibo antolatuei. 2020an, 60 lagapen egin ziren, eta horietan 691 lagunek hartu zuten parte.
Udalarenak ez diren kolektibo eta entitate hauek eskatu dute “Museoa zeureganatu” espazioen lagapena: ASANACEM, San Pedroko liburutegia, Suma con Causa, Mundu Bat eta Gorosti. Parte-hartzea % 62 murriztu da 2020an, 2019arekin alderatuta. Aldiz, ekitaldien kopurua oso antzekoa izan da, 2020an 60 erregistratu baitziren eta 2019an, 65.