
JARDUERA NAGUSIAK
TXANTREAKO KALEAK BERRURBANIZATZEA (DONEZTEBE, LESAKA, ELO, MENDIGORRIA ETA ETXARRI ARANATZ)
Aurrekontua: 2.044.470 euro. Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak finantzatuta, Tokiko Inbertsio Planaren bitartez (1.123.103 euro).
Deskribapena: espaloiak zabaltzea, galtzadak murriztea, oinezkoen pasabide goratuak instalatzea, bideak asfaltatzea, egonleku berriak sortzea eta zerbitzuak lur azpitik eramatea. Auzoak, lanak egin bitartean prestatu zen disuasio-aparkaleku eremu berria irabazi du Ezkaba kalean, doako aparkaleku gisa mantendu baita. Egindako obrek Etxarri Aranatz, Mendigorria eta San Kristobal kaleetan izan dute eragina, baita Doneztebe, Lesaka eta Elo esparru horretako barneko kaleetan. Esku-hartzeak irisgarritasunaren eta oztopo arkitektonikoak kentzearen inguruko araudia betetzen du.
Jarduketa horrek bere horretan mantentzen du kaleen egungo sekzioa, batetik, oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazio-eskema bera mantenduz eta, bestetik, zoladura eta zintarri guztiak ordeztuz jarduketa-esparruaren perimetroan. Egonlekuak ere egin dituzte eraikinen eta kale perimetralen arteko esparruetan, koloretako galtzada-harrizko zoladuraz, hiri-altzari berriez eta zuhaitzez.
Barneko kaleetan, bideen sekzioa aldatu da, oinezkoendako eremua handituz eta galtzada murriztuz. Espaloien mailako plataforma-kale sekzio bat egin da, 2,2 metroko ilaran aparkatzeko bi alborekin eta 3,5 metro baino gehiagoko espaloiekin. Doneztebe eta Lesaka kaleen erdialdean oinezkoen pasabide goratuak egin dira barruko plazetatik igarotzen diren bideak elkar lotzeko.
Lan horiek berritu dituzte hoditeria orokorrak eta saneamendu-harguneak, eta baita ur-horniketa eta hiri-argiteriako instalazioa ere.
ESTALKIA LEZKAIRUKO FUTBOL-ZELAIAN (1. FASEA)
Aurrekontua: 123.790 euro.
Deskribapena: Udaleko futbol-zelaian harmailak estaltzea oinarrizko egitura flotatzaile batean oinarritutako diseinuaren bidez, zeinak espazioaren eta egituraren jarraitasuna mantenduko baitu Lezkairuko Kirol-hirira sartzeko eginen den aterpearekin.
Proiektuaren 11 mentsuletako 4 egin dira (harmailen erdialdean), 210,21 m2-ko azaleran, harmaila osoa (637 m2) estaltzeko behar den guztiaren heren batean, gutxi gorabehera.
Estalitako zatia altzairu angeluzuzeneko 'L' formako mentsulazko egitura nagusi batean bermatzen da. % 5eko malda du eta xafla uhinduz egina dago. Sabai horizontal faltsua jarri da, perimetro-fronte guztietan estaldura bertikala duena, altzairu aurrelakatuzko xafla tolestuaren bidez.
Etorkizunean, hainbat fasetako obra guztia amaitzen denean, 100 metroko estalki-luzera gaindituko da, futbol-zelaiaren neurriekin bat datorrena, eta alde batean ahalik eta euskarri gutxien izanen ditu, dauden elementuei ahalik eta gutxien eraginez.
EMAKUMEEN ETXEA. II. FASEA-OZTOPO ARKITEKTONIKOAK EZABATZEKO OBRAK ETA IGURATZAILE TERMIKOA HOBETZEA
Aurrekontua: 266.872 euro.
Deskribapena: Jarduketak oztopo arkitektonikoak ezabatu ditu igogailu bat jarriz, inguratzaile termikoa hobetu da kanpoko arotzeriak aldatuz eta lehen solairua eraberritu da liburutegia hartzeko (bertara lekualdatuko da IPESen funtsak dituen liburutegia).
Beheko solairuan, harrera-gunean, pasabide bat egin da igogailura heltzeko, harrera-gunearen eta ikasgeletako baten azalera murriztuz, sarrerako atakaren eta elektrizitate-kutxaren lekua aldatuz, eta eskailera-igogailua ezabatuta.
Erdisotoan bi ikasgela batu dira, pasabideko karga-horman beste sarrera bat sortuz. Lehen solairuan, pasabidetik biltegirako sarrera ezabatu egin da. Kanpoko arotzeria ordeztu da, zubi termikoaren haustura eta kristaltze egokia duten aluminiozko beste batzuk jarrita eraikin osoan.
JUARISTI DOKTOREAREN KALEKO IGAROBIDE JASANGARRIA BERRURBANIZATZEA
Aurrekontua: 418.517 euro.
Deskribapena: Jarduketak egin dira Juaristi Doktorearen kalearen 930 metroetan eta horren jarraipena den José Alfonso kalean, eta bietan lehenbizikoa bizitegi-kale bilakatu dute, abiadura orduko 20 kilometrora motelduta. Auzotarren eskariz, berrurbanizazio-proiektua Sanduzelai IParen inguruetara (Sanduzelaiko etorbidea) heldu da: bidegorri bereizi bat egin da eta Sanduzelaiko etorbideko oinezkoen pasabidea egokitu da bizikletetarako pasabide bat txertatuta.
Jarduketa horien bidez, bi ardatz landu dituzte. Alde batetik, ‘hezkuntza-sistema’ deitutakoa (José María Repáraz Doktorearen kalearen eta Nafarroa etorbidearen arteko tartea, Sanduzelai IP ikastetxeraino). Bertan auzoko bi ikastetxeak, haur-eskola eta futbol-zelaia daude. Bigarren ardatza ‘sistema komunitarioa’ izenekoa da, eta barne hartzen du Juaristi Doktorearen eta Labayen Doktorearen kaleetako zatiaren berrantolaketa, auzotarren elkarbizitza errazte aldera.
LAGUNTZAKO ANDRE MARIA KALEKO IGAROBIDE JASANGARRIA BERRURBANIZATZEA
Aurrekontua: 276.194 euro.
Deskribapena: Jarduketek Laguntzako Andre Maria kalea dute ardatz. Aita Adoain eta Imarkoain kaleen artean, iparraldeko aldean ilaran aparkatzeko dauden aparkatze-tokiak berrantolatu dira, eta noranzko biko bidegorri bereizia sortu da auzoko erdigunea Alemanes aldearekin lotzeko. Imarkoain eta Iruñerria kaleen artean oinezkoendako gune bat sortu da, berdeguneekin eta elkarbizitzarako ekipamenduekin (jolasak, bankuak, etab.), lur gainean aparkatzeko tokiak berrantolatuta. Gune horretan bizikletak eta bizilagunen ibilgailuak abiadura motelean ibil daitezke.
Jarduketaren hirugarren gunea Hontzaren plazaren ingurua da (Laguntzako Andre Maria kaleko zatia, Noain eta San Kristobal kaleen artekoa). Zirkulazioaren noranzkoa aldatu egin da Noain kaleko lotunean, eta jarraipena eman zaio noranzko biko bidegorri bereiziari, lehen aparkatzeko lekuak zeuden tokian. Plazatik hurbilen dagoen eremuan, Ororbia kaletik Subiza kaleraino, oinezkoendako gune berri bat eratu da, bizilagunek soilik zirkulatu dezakete bertan, eta bizikleten pasabideak nahiz berdeguneak sortu dira.
Iparraldeko aparkatzeko tokiak Subiza eta San Kristobal kaleen artera lekualdatu dira, bidegorriari jarraipena emateko, eta oinezkoendako pasabide bat sortu da. Amaitzeko, Oibar kaleko espaloia luzatu da.
ESTALKIAK HAUR-JOLASGUNEENDAKO
Aurrekontua: 159.720 euro.
Deskribapena: Olanazko bi estalki jarri dira Iturramako bulebarreko eta Mendillorriko aintzirako haur-parkeetan, horiek eguraldi txarretik eta eguzkitik babesteko. Lanek barne hartzen dute bi estalkietan argiteria jartzea eta jolas-lekua okupatzen ez duten zutabe perimetraletan oinarritzen den sostengu-sistema bat.
Iturramako bulebarreko parkean, Lopez pilotalekuaren ondoko eremu batean, 250 m2-ko azalera estali da. Mendillorriko aintzirako haur-parkean 220 metro koadro estali dira. Parke bietan, eta jolasgunearen edozein gunetan, 3 metrokoa da, gutxienez, pergolaren garaiera librea, eta jolas baten gainean dagoenean, horren punturik altuenetik 1,5 metrora gutxienez dago estalkia.
Erresistentzia handiko mintzez osatutako estalkia eusten duten egitura metalikoak erabili dira (PVC zuri zeharrargikoz estalitako poliesterra). Zutabe, habe, arku, tripode eta euskarrietan babes-material bigungarria jarri da.
SAN PEDRO AUZOKO HIRU UDAL-ETXEBIZITZA ZAHARBERRITZEKO LANAK
Aurrekontua: 131.123 euro.
Deskribapena: Hiru etxebizitza berritu dira San Pedro multzoan, geometria ia karratua duten beheko, lehen eta bigarren solairuko hainbat erakinetan. Etxebizitzek komuna, sukaldea, 3 logela eta egongela dituzte, eta 69 m2 inguruko azalera eraikia. Etxebizitza hauek 1948. urtekoak dira eta garai hartako instalazioak eta ekipamenduak dituzte.
Esku hartu da etxebizitzako gela guztietan, hala nola egongela, sukalde, komun, logela eta abarretan, eta berokuntza-sistema instalatu eta kanpoko zein barneko arotzerietan esku hartu da.
BEHEKO SOLAIRUKO KOMUNAK ETA BIGARREN SOLAIRUKO AROTZERIAK BERRITZEA SANDUZELAI IP-N.
Aurrekontua: 112.193 euro.
Deskribapena: Proiektuak beheko solairuko komunak eta bigarren solairuko arotzeriak ditu ardatz; azken horien ordez aluminiozko zubi termikoaren haustura eta kristal bikoitza duen arotzeria jarri da. Ikasgeletan pertsiana-kutxa eta baranda bat jarri dira, barneko baldintza termikoak hobetzeko.
Komunetan, kendu eta aldatu egin dira alikatatuak eta zoladurak, komun-ontziak, luminariak eta mekanismo elektrikoak, eta beste bereizketa-trenkada batzuk eraiki dira, 6,20 m2-ko komun irisgarria sortzeko. Jarduketa-eremuak 51,10 m2 jo du.
ARROTXAPEKO “LA CARBONILLA” ZENTRO KOMUNITARIOA
Aurrekontua: 98.524 euro.
Deskribapena: Lanek beheko eta lehenengo solairuei eragin diete. Beheko solairuko komunak berritu eta kanpoko arotzeria guztiak aldatu dira. Eraikineko sarrera nagusiko atea eta esparrua inguratzen duen hesiko atea ere berritu dituzte. Irisgarritasuna dela-eta, sartzeko arrapala eraiki da, eta plataforma jasotzaile bat kokatu da beheko solairua eta lehena lotzen dituzten eskaileretan.
BERNAT ETXEPARE IP-KO PATIOA
Aurrekontua: 94.365 euro.
Deskribapena: Hormigoizko patio zaharra zuhaitzak, jolasguneak eta egoteko eremuak dituen berdegune bihurtu da. Diseinuak kontuan hartzen ditu soziabilitatearen inguruko hezkuntza-estrategia berriak erabilerak gehituz, ez bakarrik kirolekoak, baina saskibaloi-pista bat ere egin da. Sarbide berri bat egin da Maiatzaren Lehena plazatik, eta esku-hartzea instalazioekin osatu da: ureztatzea, euri-urak eta argiteria.
SOROPIL ARTIFIZIALA ORDEZKATZEA SANDUZELAIKO FUTBOL-ZELAIAN
Aurrekontua: 137.622 euro.
Deskribapena: Sanduzelaiko udal futbol-zelaian soropil artifizial mistoa instalatu da, 60 mm-ko altuera duena, polietilenozko bi koloreko hariaz, 360 eta 400 mikrako lodierarekin, FIFA 25 metodoaren araberako neurriarekin. Aspertsoreen ordez, gainerakorrak diren beste batzuk jarri dira, ureztapen-programagailua egiaztatu da eta ubideak garbitu dira. Dotazio horretan bertan, aulkien polipropilenozko banakako eserlekuen ordez, egurrezko banku jarraitu bat jarri da, ateak berrikusi dira eta baranda perimetraleko zutoin eta eskudelen arteko lotura errematxatuak errepasatu dira.
Erabiltzaileek eskatuta, hesi estanko hidrauliko bat ezarri da ibilgailuak sartzeko atearen behealdean, Argako uraldiak geldiarazteko, eta itxitura jarraitua sortu da, zelaia inguratzen duen hormigoizko hormatxoarekin.
ANTONIUTTI PARKEKO SKATE PARKEA
Aurrekontua: 157.363 euro.
Deskribapena: Obrek errodadura-gainazalak berritu dituzte, baita metalezko elementuak eta babesak ere, bi hamarkada baino gehiagoko erabileraren ondoren. Horretaz gain, ‘corner’ izeneko bi arrapala berri diseinatu dira, ‘miniramp’ delakoarekin lotzen direnak, funtzionalitatea eta irristaketa-lerroak hobetuz. Aldatu dira ‘quarter channel’ eta ‘grind box’ deituriko alboetako diseinuak, bai eta ‘wallride’ izena duen elementuarena ere. Berritu dira skate-parka osatzen duten elementu metaliko guztiak.
Instalazioak 114 m2-ko erdi-lurperatutako bainerak, bihurguneak eta arrapalak mantentzen ditu, hormigoiz egindakoak. Argiztapena sendotu da eta hustubideak aldatu dira euri-urak hobeki husteko.
ERAIKIN BATEN ERAISKETA OSCOZ ETXE-MULTZOAN. Atariak: 12. eta 14. zenbakiak.
Aurrekontua: 143.695 euro.
Deskribapena: Abandonaturiko erakina eraitsi eta orubeko hondakinak kendu dira, auzorako oinezkoendako plaza bat lortzeko. Beheko solairu eta hiru altuerako erakinean (1917) ez zen inor bizi, antolamendutik kanpo zegoen.
MANTENTZE-LANAK HARRESIETAN, ZIUDADELAN ETA BARRUTI GOTORTUAN
Aurrekontua: 150.000 euro.
Deskribapena: 2014az geroztik, harresiak, Ziudadela eta Arga ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubiak mantentzeko lanak egin dituzte deitutako lehiaketetako enpresa adjudikaziodunek. 2020an, egin den lan nagusia izan da Ziudadelako kanpoaldeko eta barrualdeko hormen garbiketa. Landaretza osoa kendu da 5.950 m2-ko hormetan, 120 m2-tan harlanduzko hormetako eta harri-hormetako junturak pikatu eta horiek berriz bete dira (eraikin singulareko lubanarroak eta Ziudadelako hainbat erakinetako hormak barne). Ziudadelara Armada etorbidetik sartzeko portada zaharberritu da. Graffitiak kendu dira.
Zaharberritze-lanak egin dira Andre Dona Maria bastioiko garitaren hainbat harritan, eta esku hartu da San Bartolome gotorlekuko kanoi-zuloetan eta hara sartzeko horman, Gonzaga bastioian eta Santa Engrazia zubian. Sarasateren mausoleoa garbitu egin da, eta Ziudadelako Arma aretoko arrakala eta Frantziako portaleko gangaren barnealdeko pitzadurak konpondu dira. Halaber, harrizko 170 metro lineal estalki jarri da autobus-geltokiko kontraezpondan (Ziudadelako lubanarroetan).
AIRE-GIROTZEA ZALDI ZURIAN
Aurrekontua: 28.982,16 euro.
Deskribapena: Hiria Birgaitzeko Bulegoak hala eskaturik, kanpotik ikusten diren bero-ponpen instalazioa desmuntatu da, barrualdean estaldura azpiko hozte- eta berokuntza-unitate zentrifugo bat jartzeko, zeina konektatzen baita kanpoaldearekin komunikatzeko tximinia berri batera.
JARDUKETA TAKTIKOAK MANUEL DE FALLA KALEAN ETA INGURUETAN
Aurrekontua: 198.020 euro.
Deskribapena: Espazioaren berrantolaketa, lurrean margoturiko tramaren bidez, hiri- eta lorezaintza-altzarien instalazioa eta oinezkoendako pasabide berrietan seinaleak jartzea.
Oinezkoendako guneak sortu dira, igarotzeko eta egoteko eremu gisa, eta ibilgailuen zirkulazioa mugatu da hainbat puntutan (soilik garajeetara sartzeko). Zirkulazioari dagokionez, zirkuitu berriak ezarri dira eta aparkaleku-plazak kendu dira, 3. sektoreko bizilagunendako prestatutako aparkatze-eremu berdearekin konpentsatu direnak.
Egonleku-plaza berriak San Fermín elizaren parean daude, Guelbenzu eta Manuel de Falla kaleen elkargunean, eta jarduketaren erdian, erdiko plaza gisa, Urrobi Errekaren kalea, Urrobi Errekaren zeharkalea, Araxes Errekaren kalea eta Manuel de Falla kalea elkartzen diren tokian. Jarduketa soilez, lurra koloretako tramaz margotuz, zedarritu dira oinezkoendako eremu berriak, hiri-espazioari kalitate handiagoa emanen dioten altzairu berriak (bankuak eta paperontziak) nahiz jardineretan landare-elementu desberdinak ere jarriz, gaur egun inongo landaretza-elementurik ez duten kaleetan.
ARROTXAPEKO OLGETARAKO SOFTBOL-ZELAIA
Aurrekontua: 104.264 euro.
Deskribapena: Olgetarako proiektua da. Softbol-zelaia lurzoruaren geometriara egokitu da, ipar-mendebaldeko orientazioaz, eta jarduketak egin dira 5.000 m2-tan, 30 metroko luzerako hesia jarri da zelaiaren alde bakoitzean, 4 metroko garaierako sarearekin. Baseen, Home-aren eta jaurtitzailearen kokapena markatzeko zoladuran sartutako altzairu galbanizatuko xaflak erabili dira. Halaber, egonleku eta berdegune bat sortu dira zelaiaren ondoan.
BUZTINTXURI IP-KO KIROL-PISTA
Aurrekontua: 24.435 euro
Deskribapena: Buztintxuri Ikastetxe Publikoaren kirol-pistaren estalkia berritzea, estalkiaren lau aldeetako bitan bi metroko hegala duen teilatu-hegal bat jarriz, euria egiten duen egunetan ura pistara irits ez dadin. Horrek 128 m2-tan zabaltzen du estalitako azalera, ia mila metro koadrora iritsi arte. Teilatu-hegala bolumen prismatiko triangeluarra da, profilezko egitura metalikoa du, luzetarako uhalak, eta zeharkako malda duen nerbiodun xafla batez estaltzen da, leiho-isurkiekin errematatua. Teilatu-hegalaren malda % 60koa da, lurzatiaren ekialderantz eta hegoalderantz.
GARBIKETA AUTOMATIKOKO KOMUNA JARTZEA TRINITARIOSEN
Aurrekontua: 90.000 euro.
Deskribapena: Garbiketa automatikoko komuna lotzeko lanak Trinitarioseko parkean. Komunak eserleku zintzilikaria eta estalki etzangarria izanen ditu, altzairu herdoilezinez eginak, eta automatikoki garbitu, desinfektatu eta lehortuko da erabili ondoren. Garbiketa puntu desberdinetatik eginen da desinfektatzailea eta desodorantea daukaten ur-zurrutez. Konketak ur-hornidura izanen du, saneamendurako hustubideekin. Horrez gain, komunak desgaituendako laguntza-barrak izanen ditu, hala nola, komuneko paper banatzailea, zakarrontzi edo edukiontzi higienikoa eta esekitokia, eta baita aire beroa duen esku-lehorgailua, xaboia dosifikatzeko gailua eta distira-ispilua ere.
Hala, Trinitariosko parkea urbanizatu zenetik hara doazen pertsona ugarientzako zerbitzua izanen da, orain arte ez zutena. Eguneko 24 orduetan erabiltzen ahalko da eta Iruñean ezaugarri horiek dituen 27.a izanen da.
GOIZ EDER HAUR-ESKOLA (I. FASEA)
Aurrekontua: 49.748 euro.
Deskribapena: Logela berria, eta guneak egokitzea bi hizkuntza-ereduen elkarbizitzarako; euskara eta gaztelania ingelesezko jarduerekin.
Lanak bularrekoen eta ibiltarien modulu zaharretan egin dira. Zegoen logela bakarra bitan banatu da, bat sehaskekin, eta bestea, ohe – koltxoiekin, atzamarrak ez harrapatzeko atea duen trenkada bereizle baten eta pertsiana duen leiho baten bidez, bularrekoen moduluaren biltegiko espazioa gehituta.
Gunea altzariz hornitu da (biberoientzako altzaria, bazkari-lanetan laguntzen duen plataforma bat jantokian eta beste altzari bereizle batzuk ikasgela eta jantokiaren artean), eta gaur egun dauden bi jantokiak bereizteko trenkada bat egin da, gune horiek lantegi gisa berreskuratzeko. Amaitzeko, hormak pintatu dira.
SAN JUAN DE LA CADENA IP-KO JANTOKIA
Aurrekontua: 3.291 euro. Udal-teknikariek egina.
Deskribapena: Proiektua patioko fatxadan, gaur egungo jantokiaren ondoan, zulo bat irekitzean datza, gune horretatik handitu den gunera igaro ahal izateko. Proposamena da egitura berri bat egitea, hormigoi-zapata gaineko zutabe metalikoz, altzairuzko pilarez eta txapa kolaborante forjatuz osatua. Handitzearen estalkia erabiliko da gune berria aireztatzeko kanpoko elementuak paratzeko. Gunea handitzeak ez du patioko espazio guztia hartuko. Patio txiki bat sortu da igogailuaren ondoan, eta horri esker, zirkulazio-eremu horiek argiztapen- eta aireztapen-naturala izaten jarraituko dute.
Beharrezkoa izanen da lehen solairuko idazkaritzan jardutea ikasgela berrira sartzeko pasabide bat sortze aldera, idazkaritzaren azalera zertxobait murriztuz. Handitzearen fatxada berria arotzerian zubi termikoaren haustura duten kristalezko bao handiz eratuta egonen da.
ITURRAMA IP-KO ETA GARCÍA GALDEANO IP-KO LEIHOAK ORDEZTEA
Aurrekontua: 0 euro. Udal-teknikariek egina.
Deskribapena: Proiektua kanpoko arotzerien ordez (pertsianak eta sarrailak barne) aluminiozko arotzeria metaliko berriak paratzean datza, kristal bikoitzak eta pertsianak barne. Iturrama IPko ekialdeko eta mendebaldeko fatxadetako leihoak aldatuko dira, eta García Galdeano IPko lehen solairukoak. Jarduketa honen bidez, ikastetxe horien inguratzailearen elementu batzuen parte bat birgaitu nahi da, baldintza termikoak, bizigarritasunekoak eta erabilerakoak hobetzeko.
SAN FRANTZISKO IP-KO GIMNASIOA BERRITZEA
Aurrekontua: 3.630 euro.
Deskribapena: San Frantzisko IPko gimnasio berriaren proiektua patioan eraikitako bolumenean kokatuko da, zeina bertan estalkia jartzeko 2018an egindako lanen ondorio baita. Estalkiaren pieza nagusia eraikin-zubi moduan egin eta bolumetrikoki patio karratu moduan eratu zen.
Estalkiaren espazio horretan ez ezik, bertara sartzeko bi sarbideetan eta San Frantzisko kaleko aldean lehen solairuan dauden bi komun multzoetan ere jardun behar da. Komun horietako ontziak murriztuko dira bi solairuetan. Beheko solairuan komunak pixka bat murriztuko dira gimnasiora bide nagusietatik sartu ahal izateko. Goiko solairuko komuna neurri handiagoan murriztuko da, instalazio-gela bat jarri behar delako, bertan beharrezko aireztatze- eta berogailu-elementuak paratze aldera.
HEGOALDE IKASTOLAKO KOMUNAK BERRITZEA
Aurrekontua: 0 euro. Udal-teknikariek egina.
Deskribapena: Eraikin zaharreneko beheko eta lehen solairuan dauden komunen espazioak birbanatu dira, gune bakar batean batzeko, eta bertan leku bat erreserbatuko da komun egokitu bat egiteko.
AMAIUR IKASTOLAKO KOMUNAK BERRITZEA (II. FASEA)
Aurrekontua: 1.210 euro. Udal-teknikariek egina.
Deskribapena: iparralderago dagoen eraikinaren hegalean dauden komunei eraginen die, beheko eta lehenengo solairukoei. Ikasleendako bi komun sortuko dira, gaur egun irakasleendako komun txiki batek eta ikasleendako beste batek okupatzen duten espazioa birbanatuz.
SANDUZELAI IP-KO KOMUNAK BERRITZEA
Aurrekontua: 0 euro. Udal-teknikariek egina.
Deskribapena: Lehen solairuko komunak berritzea, alikatatuak eta zoladurak, komun-ontziak, luminariak eta mekanismo elektrikoak kenduz. Kanpoko arotzeriak ordeztuko dituzte aluminiozko leihoekin, zubi termikoaren hausturaz eta kristal bikoitzaz.