Memoria del Ayuntamiento de Pamplona 2019

PLANGINTZA ESTRATEGIKOA

Plangintza Estrategikoko Alorraren funtzio nagusietako bat Hiri Plan Estrategiko bat (2030 Estrategia – Iruñeko Hiri Agenda) diseinatzea, egitea eta kudeatzea da, epe luzerako hiri-eredua, helburuak, jarduera-ildoak eta proiektu eraldatzaileak definitze aldera. Plangintza Estrategikoak, gainera, beste zeregin batzuk ere baditu: Europako funtsen laguntzen deialdiak identifikatzea eta proiektuak prestatu, aurkeztu eta kudeatzea; zeharkako proiektuak bultzatzea; berrikuntza sustatzea; ikerketa soziologikoa egitea; eta kanpoko lankidetza kudeatzea.

2030 ESTRATEGIA

2020an, Plangintza Estrategikoak 2030erako Estrategia egiteko prozesuarekin jarraitu du. Estrategia horrek nahi den hiri-eredua definitzen du, bai eta hiriko errealitateak eredu horretara eraldatzeko proiektuak ere. Besteak beste, ideiak biltzeko xedez parte hartzeko prozesu bat egin da, Plan Estrategikoa inplementatzen lagunduko duten proiektu estrategikoak egiteko. 164 ideia bildu dira, balizko 57 proiektutarako, hiriko hainbat eragile sozioekonomikoren eta herritarren eskutik.

Paraleloan, hiriko estrategia eta Espainiako Hiri Agenda bateratzeko lana egin da, Espainiako Hiri Agendaren Foru Iraunkorrean parte hartuta.

Abenduan lankidetza-protokoloa sinatu zen Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioarekin, Iruñeko 2030 Estrategia Espainiako Hiri Agendaren proiektu pilotu eta jardunbide egokitzat hartzeko, eta Udaleko Osoko Bilkurak onetsi egin zuen Iruñeak bat egitea Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioaren (FEMP) 2030 Agendaren aldeko hirien sare berriarekin.

EUROPAKO PROIEKTUAK

2020an, Plangintza Estrategikoa Intelligent Cities Challenges (ICC) deialdiaren Smart City-ei buruzko proiektu berri batean sartu zen. Urte horretan bertan hasi zen eta H2020ren Green Deal deialdiaren proiektu baterako proposamen bat lantzen ari da, 2021eko urtarrilean aurkeztu beharko dena; gainera, Udaleko Alorrei arreta ematen die Europako proiektuen parte-hartzearekin eta kudeaketarekin zerikusia duten gaietan, hala nola LIFE 2020 deialdiaren balorazioan.

2020an amaitutzat jotzen da POCTEFA CREACITY proiektua, eta aurreko urteetan onetsitako 7 proiektuen koordinazioarekin eta kudeaketarekin jarraitzen da: STARDUST, JACOB@CCESS, KINTOAN BARNA, SPAGYRIA, MAKING SPEND MATTER, POTEnT eta CLARA, eta horiez gain ICCrena hasten da.

2020an deialdi gutxi egon dira, Europako programen epe handien arteko trantsizio urte bat delako. Europako proiektuen emaitza eta kudeaketa-adierazle nagusiak honako hauek dira:

  • Guztizko egikaritze-gastuak,  langileria-gastuak eta proiektu horiei lotutako zeharkako gastuak barne, 611.781 eurokoak  izan dira 2020an, eta horiek Europarekin batera finantzatzea espero da 582.929 euroko diru-sarreren bidez, hurrengo hilabete edo urteetan (programa bakoitzaren epeen arabera).
  • 2020an, Europako dirulaguntzetatik 839.888 euro jaso dira (eta gehienak aurreko urteetako gastu-aitorpenei dagozkie).
  • Aurkeztutako proposamen bakarra onetsi da (% 100): ICC. Horretaz gain, bigarren bat ebaluazio-prozesuan dago. Onartutako proiektuak (ICC) ez du Europako finantzaketarik; aitzitik, Smart City proiektuak egiteko aholkularitza eta gida ematen ditu.

STARDUST

Proiektu honek –H2020 SCC1 Europako programarekin batera finantzatua– barne hartzen du Smart Cities direlakoei buruzko hiru proiektu pilotu egitea Europako hiru hiritan (Iruña, Trento eta Tampere), eta bertan parte hartzen dute, halaber, emaitzak transferi behar zaizkien beste hiri batzuk (follower cities). Iruña da tokiko partzuergoko burua, proiektu pilotua garatzeko.

2020an inplementazio lan gehienak amaitu ziren, energiaren arloan –estalki fotovoltaikoa Iratxeko monasterioan eta sare adimenduna, beroa berreskuratzea datuak prozesatzeko zentroan (DPZ) eta fotolinera–, mugikortasunaren arloan –azken miliako plataforma eta bizikletetarako txandakako aparkalekuak– eta ingurumen-hezkuntzaren arloan (gaming app). Era berean, aurrera egin zen ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneetako jarduketetan, teknologian (hiri-plataforma) eta hiri-kontserbazioan (argi adimendunak).

Halaber, barneko eta kanpoko beste lan batzuk egin ziren (bilerak, berrikuspenak, etab.), eta seihilekoko bi jarraipen-txosten eta gastu-justifikazio bat.

CREACITY

2019an amaitu zen egikaritzea, eta 2020an proiektuaren azken ordainketa jaso zen, administratiboki dena itxitzat joaz.

JACOB@ACCESS

Proiektua 2022ko martxora arte luzatu zen (bazkide baten egikaritzean izandako atzerapenen ondorioz). 2020an Entregagaien jarraipena egin zen (Turismok ekarpenak egin zizkien) eta jardueraren urteko txostena egin zen.

KINTOAN BARNA

Proiektuaren ardatza Donibane Garazi-Iruña ardatzaren dinamizazio sozioekonomikoa da, Kintoko oihanaren bidez eta turismoa dinamizatzeko estrategia partekatuak baliatuz. Eugiko Kontzejuak koordinatzen du, eta Yelmo proiektuaren jarraipena da.

Iruñeko Udalak Turismo Bulegoko arduradun gisa parte hartzen du. Aurten komunikazioa landu da produktu turistikoa garatzeko, jardueraren urteko txostena egin da eta gastuak erregistratu dira POCTEFA (SIGEFA) programaren plataforman.

SPAGYRIA

Spagyria proiektua, kosmetiko ekologiko eta osasungarrien negozio-lerro bat garatuta, desgaitasunen bat dutenen enplegua hobetzera bideratuta dago. 2020an Udalak proiektuaren eskura jarri zuen negutegi-lehortegiaren azpiegitura Arantzadiko meandroko lursail ekologiko ziurtatu batean. Instalazioak Elkarkiderekin egindako hitzarmenaren bidez lagatzen dira, gizarteratze eta laneratze enpresa horrek proiektuan hartzen baitu.

Orobat, lan-bilerak egin dira hiru hilez behin Koordinazio- eta Kudeaketa-Batzordearekin, bai eta jardueraren urteko txostena eta gastuen aitorpena ere.

MAKING SPEND MATTER

Proiektu hau Ingalaterrako Preston hiriko jardunbide egoki batean dago oinarrituta, eta helburua da gastuaren azterketa erabiltzea kontratazio publiko estrategikoa bultzatzeko tresna gisa, tokiko ekonomia, berdintasun soziala, ingurumena eta bizi-kalitatea hobetzeko. 2020an proiektua sei hilabetez luzatzea adostu zen. Ahalegin gehienak online bileretan parte hartzen duten hirien arteko esperientzia-trukean oinarritu ziren. Urte amaieran urteko gastuaren justifikazioa egin zen.

POTEnT

Proiektu honen helburua da 2023rako aurreikusitakoa baino % 10etik gorako karbono-murrizketa lortzea, eta, horretarako, agintari publikoek energia-zerbitzuak hobeto eskaintzea lortu nahi da.

Energia Agentzia da atal teknikoaren buru. Proiektu honetako jarduera garrantzitsuenetako bat da elkarlana eta bilera trukea. 2020an, hori online egin da. Halaber, bazkide guztien praktika onen Erregistroa antolatu da, etorkizuneko elkartruke baterako prestakizun gisa, eta Tokiko Ekintza Planaren eskemaren lehen zirriborroa egin da. Seihilekoko txostenak prestatu dira, eta agiri horiek Interreg Europe Programak ezarritako kontu-ikuskapenak gainditu dituzte.

CLARA

CLARAren helburu nagusia da tokiko agintarien, udaltzainen eta komunitateen gaitasunak hobetzea, hirietan elkarbizitza baketsua mehatxatzen duten gertaera arrazista zein xenofoboei eta gorroto-diskurtso zein -delituei aurrea hartzeko, horiek identifikatzeko eta horien aurka borrokatzeko. Hori guztia ikas-komunitateen (CLAPS) bidez garatzen da, delitu hauen biktimendako jarraipen- zein babes-eredu batez osatua, Europako toki-esperientzietan ikasitakoa gehitu, eta sorturiko produktu eta emaitzak helarazita. Plangintza Estrategikoak proiektu honetan lan egiten du Udaltzaingoari babesa emanez kudeaketarekin zerikusia duten gaietan (langileen orduen justifikazioa, kudeaketa-bileretara joatea, etab.) eta proiektuaren edukiarekin lotutako beste batzuetan. 2020an lehen funts-eskaera egin zen, eta abenduan jaso zen.

UDALAREN INFORMAZIO GEOGRAFIKOKO SISTEMA

Udalaren Informazio Geografikoko Sistemak (SIG) Iruñeko Udalaren jabetzako informazio asko modu geoerreferentziatuan eta mapa batean integratuta aurkezteko beharrari erantzuten dio. Informazio Geografikoko Sistema datuak prozesatzeko sistema bat da, informazio geografikoa (elementuen kokapen espaziala) eta alfanumerikoa (elementu horien deskribapena) modu integratuan tratatzeko gai dena, eta barne hartzen du datuak atzematea, biltegiratzea, editatzea, aztertzea eta irudikatzea, gardentasuna bultzatuz eta Open Data areagotuz.

2020an Informazio Geografikoko Sistemaren erabileran aurrera egin da, eta laguntza teknikoko kontratua esleitu zaio Trabajos Catastrales S.A. (TRACASA) enpresari emandako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko, aplikazioak mantendu eta garatzeko, bisoreak aldatzea funtzionalitate berriekin eta egungo eta etorkizuneko datuak mantentzea. Halaber, informazio geruza berriak landu dira, eta ikonografia hobetu da, beste Udal-alor batzuekin elkarlanean. Urte horretan prestakuntza-ikastaroak antolatu dira Udaleko langileak trebatzeko tresnaren erabileran, eta lan egin da Iruñeko kartografia eguneratzeko proiektu baten definizioan Nafarroako Gobernuarekin batera.

SOZIOLOGIA – HIRI-BEHATOKIA

Plangintza Estrategikoaren eginkizunetako bat da izaera soziologikoa duten ikerketak garatzea, bai eta hiriari buruzko informazio garrantzitsua biltzea, aztertzea eta argitaratzea ere, hiri-estrategiaren diagnosiak eta jarraipena egin ahal izateko. 2020an:

  • Iruñeko eta auzoetako biztanleria osoaren eta etorkinen piramideak lau hilez behin eguneratzea.
  • Udalaren kale-izendegia eguneratzea.
  • Udalak, beste instituzio batzuek eta partikularrek biztanleriari buruz egiten dituzten eskaerei erantzutea.
  • 010aren gogobetetasun-mailari buruzko inkesta.
  • Iruñeko Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuetako lehen mailako arreta-eredua ebaluatzeko landa-lana.
  • Nafarroako Gobernuarekin koordinatzea Milagrosako ijitoen diagnostiko soziala egiteko.
  • Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrari laguntza ematea datuak erregistratzeko eta lankidetza Auzoetako adinekoei buruzko diagnostikoa egiteko.
  • Udalaren Haur Eskolekin elkarlanean aritzea. Biztanleria-txostenak egitea.
  • Txantreako San Migel koloniaren hiri-zaurgarritasuna aztertzea, Iruña Biziberritzenekin elkarlanean.
  • Barne-txostenak egitea Alorrerako.
  • Hiri Behatokiaren proiektua garatzea, hiriaren errealitateari buruzko etengabeko azterketa eta diagnostikoa egiteko tresna dena. Baliabide honek bilatzen du eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalei, eta herritarrei, oro har, hiri-inguruneari buruzko ikuspegi global eta eguneratua eskaintzea, lagungarri eta orientagarri izateko erabakiak hartzeko orduan eta ekintza estrategikoak abiatzerakoan.