Memoria del Ayuntamiento de Pamplona 2019

MUGIKORTASUNA

BIDEGORRIA YANGUAS Y MIRANDA KALEAN ETA ARMADA ETA BAIONA ETORBIDEETAN

Aurrekontua: 227.630 € (BEZa barne)

Deskribapena: esku-hartze taktikoen bidez bi noranzkoko bidegorri babestua egin da, Europa plaza eta Bake plaza elkar lotuz, Baiona etorbidea – Armada etorbidea ardatzaren bidez. Bake plazaren eta Sarasate pasealekuaren arteko loturarekin batera, 1.600 metroko distantzia lineala osatzen dute. Haren konfigurazioan, pintura, kautxuzko bereizgailuak eta bi koloretako oztopo-zutoinak erabiltzen dira, tarte zehatzaren arriskuaren arabera.

Gainera, saneamendu-sistemak birgaitu dira; autobus-geraleku aurreratuak, bidegorrira sartzeko arrapalak eta ertz-erretenak egin dira; Baiona etorbideko aparkaleku-lerroak, edukiontziak eta horiek mugatzen dituzten muga metalikoak lekuz aldatu dira. Armada etorbidean, zirkulaziorako errei bat galdu da Iturrama eta Donibanerako noranzkoan (Pio XII.erantz eta Baiona etorbiderantz), bertan bi noranzkoko bidegorria paratzeko, zeina paralelo baitoa Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditoriumarekin mugakide den espaloiarekin.

Baiona etorbidean ere ibilgailu motordunendako zirkulazio-errei bat kendu da Europa plazaranzko norabidean. Bidegorriak espaloiari lotuta jarraitzen du Azueloko Monasterioaren plazaren ondoan, eta Baiona etorbidea gurutzatzen du, non aparkaleku-lerroa lekualdatzen baita, bidegorria espaloiaren eta aparkaleku-lerro horren artean utzita. Bidegorriak bi noranzkokoa izaten jarraitzen du, eta Europako plazaraino iritsiko da.

GIPUZKOAKO ETORBIDEKO BIDEGORRIAREN LOTURA, TREN GELTOKIAREN ONDOAN

Aurrekontua: 25.356 euro.

Deskribapena: Buztintxuri eta Arrotxapea lotzen dituen bi noranzkoko bidegorriaren tarte berria eratzea, Gipuzkoako etorbidearen eta Trenbideko kalearen arteko bidegurutzera iristen den ziklista-bidea Nazario Carriquiri kalearekin lotuz. Azpiegitura berri honek Santa Engraziako bidegurutzea gainditzen du.

Bidegorri-tarte berria galtzadaren maila berean doa, 160 metro luze da eta 3 metro zabal ditu, eta metro erdiko babes-banda bat dauka gomazko bereizgailu eta oztopo-zutoinekin. Tarte horren hasieran eta amaieran ziklistendako pasabide bana eraiki dira, gorriz margotuta.

Bidegorri-trazadura berrian, bi tarte bereiz daitezke. Gipuzkoako etorbidearen eta Trenbideko kalearen arteko bidegurutzetik abiatzen dena galtzadaren eta Santa Engraziako etxebizitzen arteko bidean barna igarotzen da. Azpiegitura berria abiatzeko, debekatu egin da eremura ibilgailuekin sartzea, eta horri esker oinezkoen gune berri bat prestatu da. Bigarren tartea trenbidearen gaineko zubian barna doa, eta ibilgailuendako erreien zabalera murriztuz ezarri da.

BIDEGORRIA NAVAS DE TOLOSA KALEAN

Aurrekontua: 9.226 euro

Deskribapena: Dagoen bidegorria egokitzeko eta osatzeko esku-hartzea, Basotxo ondoko hiri-garraioaren geralekuan ere jardunez. Bidegorriaren trazadura espaloiaren eta villavesaren plataforma handituaren ondoan kokatzen da. Hala,  biribilgunetik datorren ziklistendako trazadurari jarraipena ematen zaio, Alde Zaharra eta Zabalguneak Pío XII.aren etorbidearekin lotzeko.

OINEZKOEN PASABIDEEN IRISGARRITASUNA BERGAMÍN KALEAN

Aurrekontua: 7.061 euro.

Deskribapena: Proiektu pilotua Bergamín kaleko sei espaziotan, ikusgaitasuna handitzeko eta segurtasuna hobetzeko. Oinezkoen lau pasabide aldatu dira, kostu gutxiko esku-hartzeen bidez; inguruneko oinezkoendako azalera zabaldu da hiri-altzariz eta beste elementu batzuez egindako ‘espaloiaurre’ batzuen bidez. Halaber, oinezkoen pasabideak Mugikortasuneko ordenantzara egokitu dira. Pasabide horien ingurunean errepideko zirkulazioaren erreia  2,85 metrora estutu da, zirkulazioa baretzeko eta segurtasuna handitzeko. Hala ere, halako batean ibilgailuren batek zabalera handiagoa beharko balu, gutxienez 3,25 metroko zabalera erreala duen plataforma bat izanen du.

Eratutako azalera berriek berezko ezaugarriak dituzte: beste kolore bat, asfaltoarenaz bestelakoa eta espaloiarenaren antzekoa; 10 cm zabal dituen bide-marra zuri bikoitza jarduketa nabarmentzeko eta oinezkoendako espazioak irregularki okupatzea eragozteko elementuak.

PONLE FRENO KOMUNIKAZIO-KANPAINA

Aurrekontua: 18.150 euro.

Deskribapena: Atresmedia komunikazio-enpresa trafiko-istripuen prebentziorako kanpaina baten buru da, “Ponle freno” izenekoa. Udalak kanpaina hori lagundu du irrati-iragarkien edukiak aldizka definituz. Iragarki horiek Onda Cero Iruña irratian grabatu eta egunero audientzia handieneko ordutegietan igorri dira.

LABRIT ETA AMAIA KALEKO INGURUNEKO MUGIKORTASUNAREN AZTERKETA

Aurrekontua: 3.121 euro.

Deskribapena: Lau hilabetez zirkulazio-azterketa bat egin da Joan Labritekoaren eta Amaia kaleen inguruan, eta horretarako, matrikula-irakurgailuak dituzten 7 neurgailu instalatu dira. Sistema eguneko 24 orduetan aktibatuta egon da hainbat astez, eta radar teknologian oinarritzen da. Horri lotuta, matrikulak hautemateko kamerak erabili dira, datu horiek anonimoki landu eta zirkulazio-fluxua zehazte aldera.

Anteral enpresak egindako azterlanean lortutako emaitzak abiapuntutzat hartu dira Labriteko igarobide jasangarriaren proiektua egiteko.

BIDEGORRIEN AUDITORETZA

Aurrekontua: 0 euro.

Deskribapena: Mugikortasun zerbitzuak hiriko bidegorrien egoerari buruzko auditoretza egin du 2020an. Antzemandako gorabeherak plano batera eraman eta garrantziaren arabera lehenetsi dira. Auditoretza hori “bizirik” dago, udal-teknikariek instalazioak ikuskatzen dituztelako. Herritarrek antzeman eta Udalari hainbat bideren bidez jakinarazitako gorabeherak berrikusteko balio du. Horrez gain, Udalaren bidegorrien sarean egin beharreko mantentze-lanetako esku-hartzeak gauzatzeko abiapuntu da tresna hori.

AZKEN MILIAKO BANAKETAREN PROIEKTU PILOTUA

Aurrekontua: 0 euro-

Deskribapena: Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Vectalia eta Correos Expressekin, Alde Zaharrean azken miliako banaketa jasangarriko sistemak ezartzeko proiektu pilotu bat garatu eta kudeatzeko, sistema iraunkorrak denboran zehar, eta, ahal izanez gero, udalerri osora zabaltzen ahal direnak. Helburua: CO2-ko isurketak murriztea eta pakete-banaketa jasangarriagoa lortzea. Irailaz geroztik, karga-moto elektriko bat arduratzen da Correos Express-en paketeak banatzeaz.

BIZIKLETETARAKO APARKALEKU PUBLIKOEN SAREA

Aurrekontua: 109.635 euro.

Deskribapena: Bizikleta sustatzeko, bizikleta-sare bat behar da, bai eta aparkaleku egokiak ere, bizikleta elektrikoak ere erabiltzen laguntzeko. Behar horri erantzunez, Udalak Bizikletetarako Aparkaleku Publikoen Sarea abiatu zuen; aparkaleku babestuak, seguruak eta txandakakoak dira, sarbide-kontrolarekin eta bideoz zainduak.

Lehenengo hiru moduluak instalatu egin ziren Zezen-plazan (Emilio Arrieta kalearen ondoan), Nafarroako Ospitalegunearen eremuan (Protomedicato plazan, lurpeko aparkalekuaren gainean) eta Arriurdiñeta plazan (Txantreako liburutegi publikoaren ondoan). Urtean zehar, sarea handitu eta hiru modulu berri jarri dira Liburutegi Nagusiaren inguruan (Ermitagaña auzoa), Iturramako Civivoxaren ondoan eta Autobus-geltokiaren ondoan.

Aparkalekuak aluminiozko egituraz eta polikarbonato gardeneko paramentuz eginak dira, eta argiztapen artifiziala dute. Aparkaleku bakoitzak 50 leku, bizikleta elektrikoetarako 2 kargagune adimentsu eta gurpiletarako puzgailu bat dauzka. 2020an, 12.000 lagunek baino gehiagok erabili zituzten udal-instalazio horiek.

AUZOTARRENDAKO BIZIKLETA-APARKALEKUAK

Aurrekontua: 6.850 euro.

Deskribapena: 2017az geroztik, Iruñeko Udalak bost lokal egokitu ditu bizitegi-erabilerako bizikleta-aparkalekuak izateko, bizikletak etxeetan gordetzearen arazoa konpontzeko. 2020an, Alde Zaharrean beste lokal bat egokitu dute (San Anton kaleko 7an), 57 lekurekin. Apirilean 10 urteko erabilera-baimenak adjudikatu ziren auzoan erroldatutakoen artean, eta horrez gain, 100 lagun baino gehiagoko itxaron-zerrenda sortu zen. Aurten prezioa 60 €/urte eta 30 €/urte bitartekoa da (errenta-maila eta erabilera-modalitatea zein diren). Plazen adjudikaziodunek Biziz aplikazioaren bidez sar daitezke aparkalekura, edo atean markatzen den kodeaz edo larrialdietarako telefono baten bidez ere.

Intelligent Parking enpresak egiten du aparkaleku horien kudeaketa eta mantentzea, urteko zerbitzuak emateko kontratu baten bidez, eta ordainagiriak ANIMSA enpresa publikoak garatutako aplikazio baten bidez kobratzen dira.

BIZIESKOLA HELDUENTZAT

Aurrekontua: 3.649 euro.

Deskribapena: ‘Bizieskola helduentzat’ prestakuntza-programa bat da, eguneroko joan-etorrietarako garraiobide gisa bizikletaren alde apustu egiten duten helduen kopurua sustatzera bideratua, eta bizikletan ibiltzen ikasi ez dutenei edo, jakinda ere, hirian barna ibiltzeko gaitasun edo konfiantza nahikoa ez dutenei zuzendua dago. Ikastaroak taldeka eta mailaka antolatzen dira. 2020an, irailean egin ziren lantegiak, Europako Mugikortasun Astearen barruan, eta 50 lagunek parte hartu zuten.

BIZIKLETA ESKOLAN

Aurrekontua: 38.150 euro.

Deskribapena: “Bizikleta Eskolan” hiriko ikastetxe guztiei zuzenduta dagoen prestakuntza-programa da, hala Lehen Hezkuntzan (5. eta 6. mailak) nola Bigarren Hezkuntzan (DBHko 1. eta 2. mailak). Esparru-akordio baten bidez garatzen da, zeinaren arabera bi enpresak lantegiak ematen baitituzte. Segurtasunez zirkulatzen eta bizikletak eta horien segurtasun-ekipoak egoera onean mantentzen irakatsi nahi da. Ikaskuntza hiru etapatan egiten da, bi etapa teorikotan eta hirugarren etapa praktiko batean, begiraleek gidatutako ibilbide baten bidez. 2019-2020ko ikasturtean 5 ikastetxek eta 400 ikaslek parte hartu dute guztira

EUROPAKO MUGIKORTASUN ASTEA. EMA-2020

Aurrekontua: 4.383 euro.

Deskribapena: Iruñeko Udalak bat egin du Europako Batzordearen ‘2020ko Europako Mugikortasun Astea’ (EMA-2020) kanpainarekin. Aurten irailaren 16tik 22ra garatu da, “Mobility with Cero Emissions” (“Isurketarik gabeko mugikortasuna”) lelopean.

Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Iruña aintzatetsi du, Espainiako Mugikortasun Asteko Idazkaritzaren bidez. Idazkaritza horrek Espainiako hirietako kanpainak kudeatzen ditu eta ‘Espainiako Mugikortasun Astea’ sariak deitzen ditu, urtean egindako mugikortasunaren kudeaketa nabarmena izan eta neurri iraunkorren bidez frogatu duten Espainiako udalerriak saritzeko.

EMA-2020an garatutako jarduerek ardatz izan dute Udalak ezarritako mugikortasun-azpiegiturak eta -zerbitzuak ezagutaraztea eta balioestea, etorkizunean horien erabilera areagotzeko. Orotara, 1.000 lagun inguruk parte hartu dute jardueretan.

Gazteluko plazan argibidegunea jarri zen, eta horrez gain, Ciclos Martín enpresak bizikleten doako prebentzio-azterketak egin zituen; ibilaldi gidatuak egin ziren bizikleta sarean AMTS elkartearen eskutik, bidegorri berrietan eta esku-hartze taktikoetan zehar ibiliz; helduek bizikletan segurtasunez ibiltzen ikasteko ikastaroak; bi bizikleta-ibilbide kultural (Alde Zaharreko, Donibaneko eta Mendebaldeako hiri-baratzeak, eta hiriko parkeak); ate irekien jardunaldiak deitu ziren Bizikletetarako Aparkaleku Sarean, eta horiei buruzko dibulgazio-kanpaina egin zen.

Hitzaldiak, mahai-inguruak eta hainbat erakusketa egin ziren (Conor Bikes markako bizikleta elektrikoak eta hiri-bizikleta konbentzionalak, bilduma partikular bateko bizikleta-modeloak eta %100 elektrikoak diren ibilgailuak). Halaber, hirian mugikortasunari buruz egin diren hirigintzako esku-hartzeetara bisita gidatuak egin ziren, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoarekin (EHAEO) eta auzo-elkarteekin elkarlanean.