
BERRITZE-LANAK
IKUSKAPENAK, KEXAK ETA ERREKERIMENDUAK
Obretako Zerbitzua Iruñeko Udalaren eskumenekoak diren zoladurak eta beste hainbat udal-ondasun konpontzeaz arduratzen da. Alde batetik, kaleak egunero ikuskatzen dituzten langileak ditu bere eskumeneko narriadurak detektatzeko. Bestalde, hainbat jatorritako (herritarrak, lankideak, prentsa, Udaltzaingoaren parteak eta abar) kexa edo instantzietatik abiatuta jarduten du, eta Udalaren jabetzakoak diren aztertu ondoren, esku hartu edo entitate eskudunarekin kudeatzen da (ur iragazpenak bizilagunen komunitateen kasuan eta abar). 2020an, 300 kexa eta 1.000 ofiziozko ikuskapen baino gehiago aintzat hartu ziren.
Beste udal-arlo batzuei ere abisatzen zaie, hirugarren bati konponketa bat erreklamatu behar zaionean edo beste konpainia edo zerbitzu batzuei (Iberdrola, Telefónica eta Retena) konponketak eskatu behar zaizkienean, arazoak instalazioek edo kutxatilek sortzen dituztenean (37, 2020an). Hori guztia dokumentatu, erregistratu, artxibatu eta jasotako bidetik erantzuten da. Oro har, lan horiek bost brigaden bidez izapidetzen dira, mantentze-lanak egiten dituen kontrataren bidez eskuragarri daudenak.
Bestalde, bide publikoan gertatutako ezbehar batek zerbitzuaren berezko mantentze-elementuei eragiten badie, aurretiazko tasazioa barne hartzen duten txostenak egin eta Ondare Zerbitzura bideratzen dira, segurtasun publikoa mantentzeko beharrezko birjartzeak eginez eta ordezko exekuzioan jardunez (oso gutxitan gertatzen da hori). 2020an, ezbeharrei buruzko 10 txosten egin ziren guztira.
BITARTEKO BEREZIEKIN EGINDAKO LANAK ETA KANPAINAK
Zenbait lanek bitarteko bereziak behar dituzte, ohiko lanari gehituko litzaizkiokeenak , hala nola asfaltatze-kanpaina txikiak, ezpondetako sastrakak kentzea, espaloiak granailatzea, eta abar. Halaber, zerbitzuak zeregin nabarmena du Sanferminetan zehar (ikus COVID), eta neguan, Elurretako Plana abiatzeko orduan, ahal duten langile guztiek aurretik finkatutako kaleak garbitu eta ibilgailu txikiek oinezkoendako eremuak eta kale estuak garbitzen dituzte. 2020an bide publikoko zoladuren mantentze-lanetarako kontratak Udalaren eskura jarri zituen pick-up motako lur orotarako hiru ibilgailu elurra kentzeko xaflez eta urtzeko ekipoez hornituta, eta urte honetan bi aldiz aktibatu zen Elurretako Plana, prebentzioz.
Jarduera batzuk, duten jatorriagatik eta garrantziagatik, inbertsio-jardueratzat har daitezke, eta azterketa, ikuskapen eta jarraipen zehatzak behar dituzte. Jarduera horiek honako hauek dira: espaloi eta galtzadak berritzea, zolak eta zoladurak barne, edo zenbait espazio birmoldatzea, hala nola, biribilguneak, hormak eta ezpondak eraiki edo berreraikitzea, berrurbanizazio txikiak eta oztopo arkitektonikoak kentzea (oinezkoendako pasabide berriak egin edo zeudenak moldatzea, arrapalak eta desgaitasunen bat dutenendako erreserbatutako plazetara sarbidea). Batzuk kontratu bidez ezarritako partiden bidez egiten dira, beste batzuk banakako lizitazioak eskatzen dituzte.
2020an mantentze-lanak egin ziren Sarasate pasealekuan, Foruen plazan eta Labrit aldapan, eta 1,56 milioi euro jo zuten. Mendillorriko kaleetan, Urdanoz multzoko espaloi eta aparkalekuetan eta Sarrigurengo errepideko armairuen zonaldean ere inbertitu zen, besteak beste. Halaber, beste alor eta enpresendako lan egin zen (eskola-inguruneak egokitzea Herritarren Segurtasuneko alorrarendako, mupi digital baten zimenduak egitea Komunikazio Zerbitzuarendako, kanalizazioak irekitzea ANIMSArendako, argiteriako sare publikotik bizikletetarako aparkalekuetako argia instalatzea Mugikortasun zerbitzuarendako, eta abar) urte horretan; gainera, neurketak egiteko estazio baten zolata egin zen Felisa Munárriz plazan Nafarroako Gobernuarendako.
TXOSTENAK
Zerbitzuak txosten asko egin ditu askotariko edukiekin. Ondare Zerbitzuari jakinarazi dio herritarrek edo enpresek erreklamazio ekonomikoak egiten dituztenean erorikoek, gurpil lehertzeek eta iragazpenek eragindako kalteengatik. 2020an mota horretako 59 egin ziren. Halaber, 32 kasutan, alorraz kanpoko lanei buruzko informazioa eman du, proiektuak egiteko, obrak hartzeko edo abalak itzultzeko adostasuna emateko, eta 22 kasutan, bide publikoan egindako ekitaldiei buruz (azokak, merkatuak, lasterketak, etab.). 2020an, aurreko urteetan baino askoz gutxiago (ikus COVID), eta bidea beste arrazoi batzuengatik okupatzeari buruz (7).
LIZENTZIAK
ZANGAK
Lanaren funtsezko atal bat zangekin lotuta dagoena da. Bide publikoan zangak irekitzeko lizentziak jaso eta eman dira. 2020an, 26 premiazko lizentzia izapidetu ziren, 23 bide normalizatutik eta 270 baino gehiago prozedura laburtuaren bidez, ibiak konpontzeko zoladurak mugitzea baimentzeaz gain (7).
Erantzuna eman zitzaien lan tekniko guztiak eginez, baina, horrez gain, agirien kontrola eta zerga, tasa eta fidantzen ordainketa-eskutitzak aurkeztu ziren, eta eskatzaileekin zuinketa-lanak egin ziren, Udaleko beste zerbitzu eta alorrekin koordinatu zen, obrak zaindu, gauzatzearen gaineko kontrola eraman eta denboran zehar izan duten bilakaera zaindu zen. Lan horiek, gainera, hainbat entitaterekin harremana eta kontaktu zuzena dakarte, hala nola, Mankomunitatearekin, Gas Navarrarekin, Iberdrolarekin, Telefónicarekin, Opnatelekin eta Onorekin.
IBIAK
Ez da zerbitzuaren eskumena ibietarako lizentziak ematea, ez eta horiek kudeatzea ere, baina bai, ordea, ibia jaisteko baimena ematea, zanga-lizentziaren bidez. Tradizioz, Obretako Zerbitzua partikularrek egindako seinaleztapenak gainbegiratzeaz arduratzen da, ordenantzan deskribatzen dena betetzen duten ala ez jakinarazteko.
HIRI ALTZARIETAKO ZERBITZUA
Zerbitzu honek espazio publikoan hiri altzariak herritarren eskura jartzen lan egiten du: eserlekuak, iturriak, paperontziak, atari zabaleko gimnasia-zirkuituak, haurrendako jolasguneak, bizikletak aparkatzeko euskarriak eta abar.
2020an zakurrendako eremuak eraiki ziren Premín de Iruña pasealekuan, Mendebaldean eta Txantreako Bideko Ama Birjina parkean, eta aldatu egin ziren haurrendako jolasguneak Iturramako bulebarrean eta Maiteminduen parkean, segurtasun-zoladura Iturramako bulebarreko, Taconera parkeko eta Remiro de Goñi kaleko zabuetan, bai eta hiri-gimnasia praktikatzeko 6 zirkuitu ere.
Halaber, 96 eserleku instalatu, kaltetuak zeuden 34 aldatu eta beste 575 margotu ziren. Zerbitzuak bizikletak aparkatzeko 44 euskarri jarri zituen espazio publikoan, 126 hesi eta 48 paperontzi eremu berrietan, hiriko eremu berdeetan zeuden beste batzuk konpontzeaz gain. Biurdana kaleko eta parkeko eta Plazaola zubiko baranda pintatu eta Nafarroa etorbideko eta Donibane Kirol Elkarteko sarbideetan lan egin zuten. Halaber, polietilenozko 160 mutiloi jarri zituzten eta beste 37 konpondu.
Urtean zehar, Hiri-altzarietako Zerbitzuak honako hauek egin ditu: ura edateko iturriak ireki, itxi eta mantentzea, hainbat altzaritako elementuak aldian aldian pintatzea, hala nola, mugarriak, iturriak, metalezko moduluak eta eserlekuen taulak eta altzarietako kolpe txikien konponketak. 2020an udal-biltegia Sanduzelai kaletik Mercairuñako nabera lekualdatu zen.
ARGITERIA PUBLIKOAREN MANTENTZE-LANEN ZERBITZUA
PROGRAMATUTAKO KONTSERBAZIOA
2020an, lanparak aldatzeko urteko programazioaren barruan (beharrezkoa da 4 urtean behin aldatzea), hiriko 6.004 puntutan lanparak aldatu eta luminariak garbitu ziren, 256.000 euroko zenbatekoarekin.
Halaber, bideko argiteria led teknologiako luminarien truke aldatu zen, Nafarroako, Sanduzelaiko, Gipuzkoako, Zaragozako, Marcelo Celayeta eta Atarrabiako etorbideetako eta Agustindarren industrialdeko 1.050 luminaria, guztira. Kasu honetan eragiketa kostu zehatzik gabekoa da ETRA NORTE SA - SICE SA ABEEri adjudikatutako hiri-argiteria mantentzeko kontratuaren parte delako, Udalari ingurugiroaren ikuspuntutik egindako enpresa-proposamen gisa. Esku-hartze horiek energia eraginkortasuna hobetzeko eta kontsumoa murrizteko lantzat jotzen dira.
Halaber, hiri-argiteriako instalazio berriak egin ziren eta lehendik zeudenak berritu edo ordeztu, oro har, pantaila fluoreszenteen edo lanpara zaharren ordez led teknologiakoak jartzeko. Ildo horretan egindako esku-hartzeek 361.400 euroko inbertsioa gainditu zuten 2020an.
2020an egindako instalazioak honako hauek dira, besteak beste: Sanduzelaiko osasun zentroaren plazakoa (15.816 euro) eta Agoitz kaleko musika-kontserbatorio zaharreko atzealdekoa, kasu horretan berreskuratutako materialekin (2.385 euro). Berritze-lanak, besteak beste, honako toki hauetan egin ziren: Runa parkeko pergolan (7.038 euro), Arrotxapeko futbol-zelaian (49.765 euro), Yamaguchi parkean (101.237 euro), Taconera parkeko bideetan (117.378 euro) eta Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioan (28.599 euro). Kasu askotan kono-enbor formako zutabeak jarri behar izan ziren luminariak sostengatzeko.
Ordezkapenak nagusiki Erletokietako tunelean (8.365 euro), San Roke kalearen eta Vistabella parkearen arteko tartean (23.207 euro) eta Oblatuen zubian (7.701 euro) egin dira.
BESTE KONTSERBAZIO-LAN BATZUK
Zerbitzuan matxura lodiak konpontzen dira (kutxatilak, lurpeko instalazioetako matxurak, erretako borneak, kanalizazioak buxatzea, aginte-zentroetako elementuak ordezkatzea, istripuz botatako argi-puntuak, eta abar). 2020an, bide publikoan gertatutako istripuek instalazioetan eragindako kalteek 30.600 euro jo zuten.
OINARRIZKO MANTENTZE-LANAK
Barne hartzen dute instalazioen eragintza-kontrola (piztu eta itzaltzea), eguneko eta gaueko ikuskaritza-zerbitzuak, guardiako zerbitzua, aginte-zentroen telekudeaketa, matxura arinak konpontzea, ustekabean erretako lanparak berritzea, fluxua murrizteko ekipoen funtzionamendua aldizka kontrolatzea, baliabide materialak eta pertsonalak eskura izatea, hiri-argiteriaren inbentarioa eguneratzea.
2020an erregelamenduan zehazten diren aldizkako ikuskapenak egin ziren hiriaren iparraldeko hiri-argiteriako instalazioetako 89 aginte-zentrotan.
IBILGAILU PARKEKO ZERBITZUA
Udalaren ibilgailu-flotaren kudeaketaz eta mantentze-lanez arduratzen den udal-zerbitzua da, eta 2020an, 259 ibilgailu ziren guztira.
2020an, 252k IAT azterketa pasa zuten, eta 950 kasutan esku-hartzeak behar izan zituzten barne-lantegietan, hala nola, abiadura-kaxak berritzea, haizetako-garbigailu berriak instalatzea, olioa eta bonbillak aldatzea, IAT azterketa pasa aurreko azterketak, eta abar. 87 kanpoko lantegietan konpondu ziren, eta 27 karrozeria-konponketa egin ziren.
Zerbitzuak lau hilabetean behin aztertzen ditu plataforma altxagarriak, bai kamioietan, bai Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuak ezartzen duenean.
Garai horretan 26 istripu erregistratu ziren, 12 ibilgailu bajan eman ziren eta langileen jantzien, garbiketa-materialen, bulegoko materialen, botikinak hornitzeko eta erregai-txartelen hornidura eskaerak kudeatu ziren. 130 erregai-faktura izapidetu ziren eta 400 inguru, ibilgailuak eta makina autopropultsatuak mantendu eta konpontzeko zerbitzu eta horniduragatik.