
Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko Alorraren helburua hiria lurraldearen gainean sortzea da: horretarako, hiri-antolamendua planifikatu eta kudeatzen du, etxebizitza duin bat edukitzea errazten du, naturaguneak hobetzen ditu, ondare historikoa zaintzen du eta ahalegina egiten du hiri- eta gizarte-ingurua osasungarria izan dadin, osasun-, higiene- eta ikuskaritza-baliabideen bitartez. Halaber, laguntza eskaintzen du herritar orok etxebizitza duin eta egokia eduki dezan.
OBRA-LIZENTZIAK
Ikusten da pixka bat jaitsi dela (% 1) arlo honetan izapidetutako obra-espediente guztien kopurua. Hala ere, gora egin du izapidetutako obra-lizentzien kopuruak (% 8,24), eta behera egin du erantzukizunpeko adierazpen bidez izapidetutako lizentzia laburtuen kopuruak (–% 9,24), aurreko ekitaldiarekin alderatuta.
Izapidetutako etxebizitzen kopuruari dagokionez, 2020an 771 etxebizitza eraikitzeko lizentziak eman dira; horietatik 432 Arrosadia-Lezkairun daude; 93, Erripagañan; 92, Bigarren Zabalgunean; 79, Hego Txantrean; 51, Ipar Etxabakoitzen, eta 24, Buztintxurin. 189 etxebizitza babes ofizialekoak dira, eta 582, libreak.
Guztira, 2020an 2.322 lizentzia eman ziren, 2019an baino % 9 gutxiago.
Emandako lizentziak, tipologiaren arabera
| MOTAK | 2016 | 2017 | 2018 | 2019 | 2020 |
| Obrak | 387 | 406 | 437 | 473 | 518 (+% 10) |
| Laburtuak | 765 | 781 | 709 | 649 | 560 (-% 14) |
| Jakinarazitakoak | 805 | 762 | 914 | 918 | 779 (-% 15) |
| Obrak HBB | 197 | 237 | 244 | 256 | 258 (=) |
| Laburtuak HBB | 30 | 73 | 58 | 39 | (-% 32) |
| Jakinarazitakoak HBB | 76 | 210 | 210 | 186 | 168 (- %10) |
| GUZTIRA | 2.084 | 2.260 | 2.469 | 2.570 | 2.540 |
IREKIERA LIZENTZIAK
2020an 964 espediente izapidetu dira irekiera-lizentzietarako, 2019an baino % 16 gehiago. Haietatik gehienak erantzukizunpeko adierazpen gisa izapidetu dira, eraikinen lehenbiziko erabilerak eta erabilera-aldaketak izan ezik. Emandako lizentzia guztietatik, lehen erabileretarako lizentzien kopurua (86) nabarmentzen da. Hori gertatu da merkataritza-lokalen erabilera etxebizitzetara aldatzeko lizentzien izapidetzea nabarmen igo delako.
ETXEBIZITZAREN ALORREAN EGINDAKO ESKU-HARTZEAK
ETXEBIZITZA-BULEGOA
Etxebizitza Bulegoa 2016ko apirilean hasi zen martxan, Aterpe Larrialdietarako Ordenantza aplikatzeko asmoz. Ordenantza hori, besteak beste, hipoteka-exekuzioen ondorioz etxebizitzak aldi baterako eskuratzeko arazoak konpontzen saiatzen da. Bulegoak eskuragarri dauden etxebizitzak esleitzen ditu, gizarte-larrialdiko egoeran dauden pertsonek edo familia-unitateek alokatzeko izan daitezkeenak. Halaber, beharrezko neurriak hartu dira bizigarritasun-gabeziak dituzten udal-etxebizitzak eraberritzeko, etxebizitzen inbentarioan sar daitezen.
Gaur egun, guztira 150 etxebizitza bildu dira bulegoan, horietatik 40, 2020an. Erabiltzaileen profila 3 edo 4 kideko familia-unitatea da, adingabeak dituzte beren ardurapean, eta diru-sarrera prekarioak.
HIPOTEKA-BITARTEKARITZAKO BULEGOA
Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoak laguntza eman nahi die etxegabetzeko arriskuan dauden pertsonei, informazio pertsonalizatua emanez ordaintzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko moduari buruz eta banku-erakundeen aurrean bitartekaritza-lanak eginez, betearazpena saihesteko edo, nolanahi ere, ondorioak gutxitzeko.
2020an, zerbitzuak 35 espediente izapidetu ditu; horietatik 22 amaituta daude eta 13, oraindik irekita abenduaren 31n. Urtean zehar amaitutako espedienteetatik, 5ek bitartekaritzarekin eta akordioarekin egin zuten, 14k aholkularitza juridikoarekin eta 3k bitartekaritzarekin, baina akordiorik gabe. Auzoz auzo azterturik, Arrotxapea (8), Txantrea (6), Donibane (4) eta Buztintxurin (3) daude kasu gehienak. Kasu gutxien (1), berriz, Milagrosan, II. Zabalgunean, Ermitagañan eta Mendillorrin.
HIRIA BIRGAITZEKO BULEGOA (HBB)
Iruñeko Udaleko Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoak bere gain hartzen du hiriko erdigune historikorako Udal Plan Orokorraren hirigintza-garapenaren kudeaketa, eta 1986tik Nafarroako Gobernuak foru-lurraldean ezartzen dituen Eraikinak eta Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoetako bat da. Plan Berezietako kontsultekin, aholkularitzarekin eta aldaketekin zerikusia duen edozein lan egiteaz arduratzen da Hiria Birgaitzeko Bulegoa.
Lehentasunezko birgaitze-eremuetako hirigintza-araudiari dagokionez, 2020. urtean 4 hirigintza-kontsulta izapidetu dira Alde Zaharrean indarrean dagoen araudia aplikatzeari buruz. Halaber, izapidetu eta sarbidea eman zaie Hiria Birgaitzeko Bulegoko 122 espedienteri, hainbat ikerketa, txosten, analisi eta kontsulta egiteko. Gainera, obretarako 455 hirigintza-lizentzia eta obra-amaierako 231 espediente izapidetu dira (obra-amaierako berrikuspenak eta lehen erabilera).
Eraikinak kontserbatzeari, obrak gauzatzeko aginduei eta Eraikinak Ebaluatzeko Txostenak (EEI) aurkezteari dagokienez, Udalaren Hiria Birgaitzeko Bulegoak bere gain hartzen ditu txosten horien aurkezpena jasotzeko, erregistratzeko eta kontrolatzeko lanak. 2020an, obrak betearazteko agindu bat izapidetu zuen, hiriko Alde Zaharrean eraikuntza pribatua kontserbatzeko betebeharra bermatzeko, eta eraikinak ebaluatzeko 211 txosten jaso eta erregistratu zituen.
Irisgarritasun Plan Bereziei dagokienez, Hiria Birgaitzeko Bulegoak bere gain hartzen du plan horien tramitazioa partikularrek eskatuta, zeinen bidez etorkizunean desjabetzeak ahalbidetuko baitira eraikinetan oztopo arkitektonikoak kendu ahal izateko. 2020an, eraikinetako hiru Irisgarritasun-plan bereziren hasierako onespena egin zen, bai eta hiru desjabetze-espedientek eragindako titularren eta ondasunen zerrenda hasiera batez onestea ere.
Nafarroako Gobernuak eraikinak birgaitzeko ematen dituen laguntzen kudeaketa. 2020an, berdin jarraitu du izapidetzeko aurkezturiko espedienteen kopuru orokorrak, 2019ko zenbakiekin alderatuta. Eta berdin jarraitu du, era berean, jabekideen erkidegoek eta banakako etxebizitzen jabeek sustatutako espediente-kopuruaren arteko erlazioak ere.
Nafarroako Gobernuak Iruñeari 2020an hitzemandako laguntzak
Aipatzekoa da, halaber, Alde Zaharreko birgaitze-jarduketei laguntzeko neurri gisa, Hiria Birgaitzeko Bulegoak txostena egiten duela inguruko etxebizitzetan bizigarritasun-baldintzak betetzearen gainean. Etxebizitzen jabeek egindako aurrez aurreko kontsultei erantzuteaz gainera, Nafarroako Gobernuak eskatuta, 118 txosten egin ditu, bizigarritasun-zedulen eskaerei loturik.
Bizitegi-multzoetan energia-eraginkortasuneko birgaitze-jarduketak sustatzeko laguntzetan, 2020. urtean, Hiria Birgaitzeko Bulegoko zerbitzu teknikoek partaidetza-prozesuan esku hartu zuten, eta aldeko txostena eman zuten 2.202 etxebizitzari eragiten dieten bizitegi-multzoetako esku-hartze orokorreko 15 proiektutarako. Esku-hartze orokorreko plan horietatik 5, Nafarroako Gobernuak onetsi ditu Foru Agindu bidez.
2020an, agerian geratu ziren Iruñeko Udalak eta Nasuvinsak Txantrean eraikina birgaitzeko prest dauden jabekide-erkidegoei laguntza emateko (Efidistrict proiektua) sinatutako hitzarmenaren ondorioak.
Lehentasunez birgaitu beharreko hiriko eremuak (Alde Zaharra eta Zabalguneak) edo hiriko gainerako 50 urtetik gorako eraikinak birgaitzeko udal-laguntzei dagokienez, 2020an, aurrez aurre emandako etengabeko informazioaz gainera, Birgaitze Babestuari buruzko 24 txosten egin dira Lehentasunez Birgaitu beharreko Eremuetako eraikin eta etxebizitzetarako (Alde Zaharra eta Zabalguneak).
Aldi horretan, bistan geratu zen behera egin zutela alde horietako birgaitze-jarduketek; hori horrela, Alde Zaharreko 21 eraikin eta Zabalgunetako 171 etxebizitza birgaitzeko proiektuak kalifikatu ziren hasiera batez, 2.589.245 euroko inbertsio partikularraz. Udalak 1.110.716 euroko dirulaguntza eman du jarduera horietarako.
Udalak babestutako birgaitze-jarduketen ondorioz, halaber, aldamioak laga dira Lehentasunez Birgaitu beharreko Eremuetako eta Auzo Kalteberetako fatxadetan eta estalkietan esku hartzeko. 2020an, 16 eraikinek jaso dute laguntza, 72.911 euro guztira.
2020an, Alde Zaharreko eta Zabalguneetako 11 birgaitze-jarduketaren laguntzak ordaindu ziren, 900.000 euro guztira.
HIRIA BERRONERATZEKO JARDUKETAK – EREMU KALTEBERAK
2012. urteaz geroztik, hiriko eremu hondatuenetako hiri-kalteberatasunari buruz aurrez egindako azterlanetatik abiatuta, Hiria Berroneratzeko jarduerak garatzen eta ezartzen ari dira eremu kalteberetan, Esku-hartze Orokorreko proiektuen erredakzioa Esparru Hitzarmenen onespenari lotuz. Hala, hitzarmen horiei esker, eragindako eremuetan informazio- eta kudeaketa-laguntzak eta -neurriak ezartzen ahal dira.
2020an, buru eman zieten Lezkairuko Zalduko eraikinen (2015ean onetsitako esparru-hitzarmena) birgaitze-lanari, hitzarmenak izapidetzeari eta laguntzak ordaintzeari; 2017an onetsitako Agur Maria zeharkaleko (Arrotxapea) eraikinekin esparru-hitzarmenari lotutako jarduketek jarraitu zuten; eta hasiera eman zitzaion Sanduzelaiko eremu kalteberari (2018an onetsitako esparru-hitzarmena), 16 etxebizitza-multzoari (2018an onetsitako esparru-hitzarmena) eta Gridillas Etxeetako uharte-etxeari lotutako birgaitze-jarduketak izapidetzeari. Halaber, Arrotxapeko Oscoz etxe-multzoan (2019an onetsitako esparru-hitzarmena) eta Txantreako San Migel Kolonian (2020an onetsitako esparru-hitzarmena), hiru hitzarmen sinatu dira aipatu eremu kalteberetako jabekide-erkidegoekin.
Ekintza horiek 2020an garatzeak berekin ekarri du eremu kalteberetako 8 erkidegori laguntzak ordaintzea, guztira, 398.926 euroan. Gainera, hasierako kalifikazioa eman zen eremu horietan eraikinak birgaitzeko 4 proiektutarako.
JARDUERA NAGUSIAK
HILTEGI ZAHARREKO PARKEA
Proiektua: Iruñeko Udal Planeko ARS-3ko S.O-1 unitatea urbanizatzeko proiektua. Likidazio-aurrekontua: 885.999,79 euro (BEZa kanpo).
Urtarrilean eta otsailean zuhaitzak eta zuhaixka-espezieak landatzeko lanak –bere unean geroratuak– egin dira, eta jarduketa itxitzat jo da. Gunea eraldaturik dago, eta 13.300 m2-ko parke handi bat, jarduera ekonomikoko gune bat eta zuzkidura-lursail bat hartuko ditu.
Iruñetik hurbilen dagoen aldean sortua da, trataturiko mendi-hegal batean; lehengoratu egin da inguruaren orografia, eta espezie autoktonoen zuhaitzek eta zuhaixka-masek zipriztindutako belardi bat eratu da, tantakako ureztatze-sistemaz hornituta. Parkearen goiko aldean begiratoki bat dago eserlekuekin, eta hegoaldean, berriz, egonaldiko espazio txiki bat, piknikak egiteko, eta haurrentzako jolasak, altzariekin. Proiektuak barne hartzen du errepidetik gertuen dagoen eremua urbanizatzea aparkalekuekin, espaloi berri batekin eta bidegorriarekin, Iruña-Orkoien ibilbidean mugikortasuna eta oinezkoen lotura errazteko. Urbanizazio berriak jarduera ekonomikoetarako lurzati bat sortuko du errepidetik eta Orkoiengo mugatik hurbilen dagoen zatian, bai eta zuzkidura-lurzati bat ere parkearen ondoan.
IRUÑA-ORKOIEN OINEZKOENDAKO LOTURA EGITEKO LANAK (PA30)
Proiektua: Iruña-Orkoien oinezkoendako lotura egiteko proiektua (PA-30). Likidazio-aurrekontua: 439.838,16 euro (BEZa kanpo). Bi udalerrien eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmenaren bidez.
Iruña eta Orkoienen artean, PA-30 errepidearen gainean oinezkoen pasabidea egiteko proiektua da, bide-segurtasunari lotutako azpiegitura, oinezkoak eta bizikletak igarotzea ahalbidetzen duena. 751.193 euroko aurrekontuak (BEZa barne) barne hartzen ditu desjabetzea, lanak eta horien zuzendaritza (% 59,8, Nafarroako Gobernuak jarria; % 22,6, Iruñeko Udalak, eta % 17,6, Orkoiengoak). Uztailean lanak APEZETXEA ANAIAK SL enpresari esleitu zaizkio.
Pasabidea, 32,5 metro luze eta 2 metro zabal, PA-30 errepidearen 20,8 kilometroan dago, hiltegi zaharretik gertu. Argiteriako instalazioak led-motako luminariak ditu. Lanen barruan, 430 metro luze eta 3 metro zabal den oinezkoendako bidexka bat egin da, bi aldeetako espaloiekin lotura duena. Halaber, hiru eskailera-tarte sortu dira, oinezkoendako bidexkan egin beharreko ibilbidea murrizteko.
TRENBIDEKO KALEAREN 2. ZENBAKIKO ERAIKINAREN ERAISKETA ETA C-2 UNITATEAREN BERRURBANIZAZIOA
Proiektua: Trenbideko kalearen 2. zenbakian dagoen eraikina eraistea eta C-2 unitatea berrurbanizatzea. Likidazio-aurrekontua: 165.910,09 euro (BEZa kanpo).
Trenbideko kalearen 2ko eraikina eraisteko lanei esker, ingurunea berrurbanizatu eta espaloiak eta bidegorria handitu dira eremuan. Jarduketak C-2 unitatearen 7. industrialdeko 960. katastro-lurzatia hartu du jomuga, Buztintxuri – Euntzetxiki – Dona Grazia auzoan, eta 278 m2-ko azalera du. Lanak Construcciones y Excavaciones Erri Berri SL enpresak egin ditu eta 148.898,42 euroan adjudikatu dira (BEZa kanpo). % 15,31 aldatu da adjudikazio-aurrekontua, babespeko hegaztiek egindako habiak bildu behar izateagatik eta eraistean segurtasuna bilatu behar izan delako.
Eraitsitako eraikina 1950eko hamarkadakoa zen, antolamenduz kanpo zegoen eta espaloia estutzen zuen, bidegorrirako tokia besterik ez utzita. Eraispenaz gain, kontratua betetzeak berekin dakartza kale horretako 4. atariko mehelinaren itxiera berria, euri-uren sareak hobetzea eta eremuaren berrurbanizatzeari buru ematea. Desagertutako eraikinaren ordez tamaina txikiagoko bloke bat eraikiko da (8 etxebizitza eta merkataritza-lokalak). Ondoko atariak Udalaren dirulaguntzekin birgaitu dira eta egoera onean daude.
MAGDALENAKO ARS-1 URBANIZATZEKO 1. FASEA (1. LOTEA- S1 UNITATEA)
Proiektua: Magdalenako ARS-1 urbanizatzeko 1. fasea (1. lotea- S-1 unitatea). Likidazio-aurrekontua: likidatzeke 2021ean. Adjudikazio-aurrekontua: 6.935.385 euro (BEZa kanpo).
Proiektuak V/S-1 izeneko lurzoru urbanizagarriaren sektorea urbanizatzea proposatzen du, V/GSA-2 Sistema Orokor atxikia sartu gabe (ARS-1 Banaketa-gunea).
Lanen lehen fase honek lurzati guztiak berrurbanizatzea proposatzen du, instalazio-harguneei eta ibilgailuen zein oinezkoen sarbideei dagokienez. Esku-hartzeak barne-hartzen ditu hala Torralba del Río kalea nola Mendigorria, Torralba del Rio eta San Kristobal kaleak lotzen dituen egungo plazatxoa biribilgune bihurtzea; Burlatarekin mugakide den eremu baten urbanizazioa ere zedarritzen du, Irabia ikastetxetik gertu, Ezkaba kaleko autoendako sekzio osoa eta oinezkoen zein txirrindularien zati bat osatzeko, Magdalena kaleraino jarraitutasuna emanez (Irubide institutuaren ondoan).
MAGDALENAKO ARS-1 URBANIZATZEKO 1. FASEA (2. LOTEA - PARKEA)
Proiektua: Magdalenako ARS-1 urbanizatzeko 1. fasea (2. lotea - PARKEA) Likidazio-aurrekontua: likidatzeke 2021ean. Adjudikazio-aurrekontua: 1.811.867,87 euro (BEZa kanpo)
Proiektu honek U.I. V-Txantreako GSA-2 sistema orokor atxikiaren urbanizazioa garatzen du (Txantrea hegoaldeko parkearen ARS-1 eta ARS-3 banaketa-eremuak).
Arga ibaiak, Donejakue Bideak, Burlatako mugak eta Txantrearen hegoko ertzak zedarritzen dute eta 101.628 m2-ko azalera dauka.
Parkearen iparraldeko muga honako hau izanen da: ARS-1 Banaketa-eremuaren barruan V/S-1 sektoreak zedarritzen duen eremua urbanizatzeko proiektuan hegoaldeko muga zehazten duen kalea. Parke berriaren bidez, proiektuak proposatzen du trantsizioak ebaztea, konektatzea eta artikulatzea ertzeetan dauden paisaia ezberdinen artean: luzeran, hiriko erdigunearen eta naturalizatutako paisaiaren artean, Burlatako mugan ubidea leheneratuz, eta zeharkakoan, Txantreako hiri-paisaiaren eta Magdalenako landa-paisaiaren artean.
Parkearen lehen fase honen esparrua honako hau da: Magdalenako zubiarekiko zein Arga ibaiarekiko lotura sarbide-plaza txiki baten bidez sortzea Magdalenako zubitik, halako moduz non fisikoki eta bisualki lotzen baita Txantrea Iruñeko goi-lautadarekin eta Josefina seroren komentuko baratze zaharra Irubide parkearekin, komentuaren hesiaren parte bat eraitsita eta lehengo bide nagusia egonleku bihurtuta.
ITURRAMA BERRIKO A LURZATIKO GARAJE TAPA URBANIZATZEA
Proiektua: Iturrama Berriko A lurzatiko garaje tapa urbanizatzea. Likidazio-aurrekontua: 34.034,33 euro (BEZa kanpo). Hitzarmenaren bidez eginda.
Iturrama Berriko plazaren proiektuan erabilitako diseinuari eta materialei jarraituta, garaje-tapen gainean dagoen erabilera publikoko gune librea berrurbanizatu da, Iruñeko Udal Planeko XXIII. UIan dagoen Iturrama Berriko birpartzelazio proiektuko A lurzatian. Lanek jarraipena eman diote Leonor Trastamarakoaren plazan erabilitako granitozko zoladurari.
PROIEKTUAK IDAZTEA
Arga, Elorz eta Sadar ibaien ibai-plangintzaren eredua
Proiektuaren idazketa 2019an adjudikatu zen TENADA, PROYECTOS Y OBRAS DE INGENIERÍA DEL SUELO Y MEDIOAMBIENTAL, SLUri (hemendik aurrera, TENADA, SLU), 37.500 euroan (BEZa kanpo).
Lan-esparrua Arga ibaiari eta Elorz eta Sadar ibaiadarrei dagokien ibai-eremua da, bai eta horrek hiri-espazioarekin dituen loturagune guztiak ere. Ereduak jarraitu beharreko estrategia jasotzen du: lan-fase batzuk ezarri dira ibai-, gizarte-, ekologia- eta hiri-lehentasunen arabera, eta egutegi bat osatu da faseak gauzatzeko, haien aurrekontuarekin eta jotako gauzatze-aldiarekin bat hierarkizaturik. Jarduketa-programa osoaren lehentasunezko helburua da hiriko ibai-inguruneak hiriaren egituran integratzea, bertako balio natural eta hirigintzakoak mantenduz eta sustatuz, dauden inpaktuak zuzenduz eta funtzionamendu hidraulikoa hobetuz.
2020ko ekainean onetsi zen agiri-aurrerakina, honako hauek barne hartuta: ibaien eta haien inguruneen azterketa, indarreko lege-esparrua, arazo zein beharren identifikazioa eta lokalizazioa, zonifikazioa eta proposamenak. Horrela amaitu da aurreikusitako hiru faseetako lehenengoa.
ZNO-1 (Gridilla) eremuaren inguruko lan-proiektuaren idazketa
Indarrean den Iruñeko Udal planak “Gridilla Etxeak” eraistea jasotzen du eta osatu gabe dagoen etxe-uhartea osatzea behe solairu eta lau solairu altxatuko bizitegi-eraikin kolektibo batekin, zeinaren hondoa, lerrokadurak eta gailur-altuera ondoko eraikinen berberak izanen baitira. Jarduketa garatzeko beharrezkoa da Xehetasun-azterlan bat egitea, dagoeneko izapidetu eta behin betiko onetsita dagoena. Planeamenduak, halaber, bidea ematen du gunea inguruko kaleekin lotzeko, hau da, Salva doktorearen, Sanduzelai eta Labayen doktorearen kaleekin, oinezkoendako eta autoendako lotura hobetuz auzoko alde honetan. Jarduketa hau “Erdigune Sanduzelai” partaidetzako prozesuan eztabaidatu zen.
Urbanizazio-proiektua idazteko kontratua eta obren zuzendaritza teknikoa CIMA INGENIEROS SLUk (% 80) eta Sergio Murillo Saldíasek (% 20) osatutako lantaldeari adjudikatu zitzaizkion, 2018an, 56.000 euroan (BEZa kanpo). Enkarguak bi proiektu ezberdinen idazketa barne hartzen du: patinodromoaren ingurukoa eta Gridillas Etxeena, eta horietako bakoitza, bestalde, hiru gauzatze-fasetan banatuta dago.
Magdalenako proiektua eguneratzea
2019ko maiatzean, «Magdalenako ARS-1eko S-1 unitatea urbanizatzeko proiektua eguneratzeko, 1. faseko (S-1) separata idazteko eta, hala badagokio, 1. fase honetako (S-1 eta Parkea) obrak zuzentzeko» kontratua adjudikatu zitzaion Sergio Murillok eta Cima Ingenieros etxeak osatutako lantaldeari, 134.800 euroan (BEZa kanpo). Proiektuaren berrikuspena 2019ko abenduan onetsi zen, eta gaurkotze-lanak egiteari dagozkion ordainsariak 2020ko urtarrilean ordaindu ziren.
Proiektuak 2012an onetsitako dokumentua eguneratu zuen: aplikatu beharreko araudi berrietara egokitu zuen, prezioak eguneratu zituen, eta partaidetza-prozesu batean auzotarrek egindako ekarpenak, ‘Begibistan’ lantaldearen irizpideetan garatuak, gehitu zituen proiektura. Auzotarren honako proposamen hauek jaso dira: plangintzan jasotako biribilgunearen ordez semaforoz araututako bidegurutze bat jartzea (Irubideko eremua); kale berria auzoaren eta etxebizitza-eremu berriaren zerbitzu gisara ulertzea, Alde Zaharraren eta Burlataren arteko lotura azkar bat izatea eragotziz; zirkulazioa baretzeko elementuak sartzea, oinezkoen eta bizikleten zirkulazioari lehentasuna emanez, eta bidegorriak parkearen periferiatik diseinatzea, barruko bideak oinezkoentzat utzita.
Proiektuak eremuko kale mugakideekiko loturak jasotzen ditu, eta, bereziki, Torralba kalearen birmoldaketa, eta Mendigorria, Torralba del Rio eta San Kristobal kaleak lotzen dituen egungo plazatxoa biribilgune bihurtzea. Burlatarekin mugakide den eremu baten urbanizazioa ere zedarritzen du, Irabia ikastetxetik gertu, Ezkaba kaleko autoendako sekzio osoa eta oinezkoen zein txirrindularien zati bat osatzeko, Magdalena kaleraino jarraitutasuna emanez.
Trinitarios parkeko pasealekua eta igogailua
2019ko ekainean, «Trinitarios parkeko urbanizazioa (D fasea)» proiektua onetsi zen. Idazketa-proiektua 61.382,79 euroan adjudikatu zen.
Agirian aurreikusita dagoenaren arabera, mendiko hegala handituko da eta oinezkoen ibilbideak harmonikoki txertatuko dira, bai eta 20 metroko desnibela gainditu ere, Corten altzairuko metalezko egitura –L itxurakoa, beirazko gorputz bertikal batekin– daukan igogailu bat instalaturik, Trinitariosen eta gainerako hiri-aldeen arteko komunikazioak artikulatzeko, bereziki hiriko lautadarekin. Igogailuak López Sanz doktorearen kalearekin lotuko du parkea. Behealdean Plazaola pasealekuarekiko paraleloa den oinezkoen pasealeku berriko plazan egonen da. Bigarren fase batean, goiko aldea urbanizatzea aurreikusten du proiektuak: López Sanz doktorearen kalea berrantolatzea eta Larraina kaletik jarraitzea, bai eta Larraina kalearen eta Iratxeko Monasterioaren kalearen arteko bidegurutzean oinezkoendako pasabideak berriro banatzea ere.
2020ko maiatzean agiriaren aldaketa bat onetsi zen, igogailuaren oinarri-aldean dagoen saneamendu-hoditeriaren afekzioak kontuan hartzeko.
PLANEAMENDUA
UDALAREN EKIMENEZ
Jada eraikita dagoen hiria berritzeko planeamendu-lanei dagokienez, 2020an jarraitu zen Hiri Jarduketarako Plan Bereziak (HJBPB) egiten Lehen Zabalgunean, Bigarren Zabalgunean eta XIX. UIn (Milagrosa eta Santa María la Real auzoak). Halaber, Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat erredaktatu da, ARS4, XIX. Ui-ren 2. Sektorerako (Milagrosa).
PARTIKULARREN EDO BESTE ADMINISTRAZIOEN EKIMENEZ
Lehendik abiatu diren eta izapidetzea 2020an amaitu duten espedienteen zerrenda:
2020an izapidetutako espedienteen zerrenda:
2020an izapidetzen hasitako espedienteen zerrenda