Iruñeko Udalaren 2018eko memoria

ENERGIA BERDEKO ZERBITZUA

EGUZKI-INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK ERAIKINETAN

Energia Berdeko Zerbitzuak udal-eraikinetako instalazioen jarraipen teknikoa egin zuen hilero, behar bezala dabiltzala ziurtatzeko. Horien artean daude 22 ikastetxe publiko, Ingurumen Hezkuntzako Museoa, Gaztediaren Etxea, Sanduzelaiko Aquavoxa eta NUPeko pergola. Behin-behineko kalkuluen arabera, 218.482 kWh-ko ekoizpena eta 61.854,96 euroren diru-sarrerak daude.

2018ko instalazio berriak. AUTOKONTSUMO modalitateko 5 instalazio fotovoltaiko berri instalatu eta abiarazi dira Bernat Etxepare ikastetxe publikoan, Doña Mayor ikastetxe publikoan, Txantreako liburutegi publikoan, Trinitarioetako oinezkoen harrera-eraikinean eta Taconera lorategietan (nahiz eta azken horrek ez duen energiarik sortzen etengabe, baizik ur-ponpak funtzionatu behar duenean bakarrik). Horrez gain, Buztintxuriko ikastetxeko instalazio fotovoltaikoa autokontsumo-modalitatera egokitu dute.

Udal-eraikinen azterlan energetikoak. 2018an, Herritarren Segurtasuneko alorraren udal-eraikinaren azterketa espezifiko bat egin zen, plaka fotovoltaiko berriak autokontsumoko moduan instalatzea aurreikusi eta dimentsionatzeko. Bigarren seihilekoan, esku-hartze hori STARDUST proiektu europarraren barruan sartzea proposatu da (H2020 programak finantzatua).

 

UDAL ENERGIA-MERKATURATZAILEAREN PROIEKTUA

2018an, Udal Energia Merkaturatzailea sortzeko eta enpresako gerentzia hautatzeko urratsak egin ziren. Ekainaren 7an Osoko Bilkurak behin betiko onartu zuen erakunde propio hori sortzea. Erakunde hori egungo instalazio fotovoltaikoaren kargu eginen da, eta hura hedatzen ahaleginduko da, herritarrek eta gizarte-eragileek energia berdea instalatzea erraztuko du, ekoizle berrien sareko lotura modu aktiboan sustatuko du, Udalak juridikoki babestutako ekoizle txikien kooperatiba bat sortzea bultzatuko du, eta etorkizuneko merkaturatzaileak sortutako diru-sarreren zati bat itzuliko du pobrezia energetikoa arintzeko programetan inbertitzeko. Irailean, Udal Operadore Energetikoa (UOE) sozietate mugatua eratu zen, eta, abenduan, Javier Zardoya izendatu zen haren kudeatzaile.

POBREZIA ENERGETIKOA

2017an, pobrezia energetikoari buruzko 1. azterlan prospektiboa egin zen. 2018an, jarraipen-lan bat egin zen Udaleko eta Nafarroako Gobernuko gizarte-zerbitzuekin, larrialdietarako laguntzen eta ohiz kanpoko laguntzen datuak eskuratzeko, eta hiriko pobrezia energetikoko kasuen hurbilketaren adierazle gisa balio izan zuen.

HEZKUNTZA ENERGETIKOKO TAILERRAK
2018ko apiriletik azarora bitartean hezkuntza energetikoari buruzko 12 tailer egin ziren, herritarrendako oro har, energiaren, energia berriztagarrien, merkatu elektrikoaren, faktura-azterketaren, aurrezteen eta abarren gaineko ideia nagusiak azaltzeko.

 

TRANTSIZIO ENERGETIKORAKO EKINTZA-PLANA
2018ko urtarrilean, Energia Berdearen Zerbitzuak 2018-2019 aldirako Trantsizio Energetikorako lehen Ekintza Plana argitaratu zuen. Epe laburreko emaitzak lortzeko garatu beharreko neurriak bilduko dituen ibilbide-orri bat izatea da helburua, eta ibilbide handiagoko jarduketak egiten eta planifikatzen hastea. Ekintza Planak kontuan hartzen ditu egoera (diagnostikoa), legegintzaldi honetan jada hasitako ekintzak, eta 22 ekintza proposatzen ditu –2019rako amaitzeko–, bai eta lehenbailehen hastea gomendatzen direnak ere, legealdi honetan baino ibilbide luzeagoa eginez, epe ertain eta luzeko jarraitutasunarekin (proposamen estrategikoa).

AUTOKONTSUMORAKO DIRULAGUNTZEN LERROA
2018ko ekainean, Iruñeko etxebizitzetan autokontsumoa bultzatzeko laguntzen lehen lerroa ireki zen. Laguntzaren helburua da eguzki-plaken bidez ekoitzitako energia elektrikoaren autokontsumoa bultzatzea, partikularren etxebizitzetan. Dirulaguntzaren balio-aldian, 20 kontsulta jaso ziren (hainbat pertsonarenak), eta, familia bakarreko etxebizitzetan, autokontsumorako 2 instalazio finantzatu ziren.

LANKIDETZA ESPEZIFIKOAK

EnerAgen Estatuko Sarea
Iruñeko Udala EnerAgen Sareko bazkidea da - Espainiako Energia Agentzien Elkartea - 2003. urtetik. 2018an, EnerAgen sareak bere bazkideen laguntzarekin (Iruña barne) eguzki-jatorriko autokontsumo elektrikoari (eguzki-plakak) buruzko webgune bat garatu du, http://www.autoconsumoaldetalle.es/, jatorri berriztagarriko elektrizitatearen autokontsumoa sustatu eta bultzatzeko. Gainera, apirilean, Energia Berdearen Zerbitzuak Energia Agentzien III. Topaketan aurkeztu zituen Iruñeko Udalak energia berriztagarrien ekoizpenari, autokontsumoa bultzatzeari eta udal energia-merkaturatzailea sortzeari buruz egindako jarduketak.
Energy Cities Europako Sarea
Iruñeko Udala Energy Cities sareko bazkidea da 1999. urteaz geroztik, zeina Europako hiri aktiboen sare garrantzitsuena baita, eredu energetiko berriei dagokienez. 2018an, Energy Cities sareko hainbat teknikarirekin aritu da lankidetzan, Energia Berdearen Zerbitzuak abian dituen proiektuen balioa nabarmentzeko: udalak energia merkaturatzeko proiektua, energia-pobreziaren jarraipena, udal-instalazioekin energia berriztagarria sortzea, autokontsumoa bultzatzea…
WWF Espainia - «Planetaren ordua»
2009. urteaz geroztik, Iruñeko Udalak bat egiten du urtero Espainiako WWF fundazioak koordinatutako ekimenarekin, klima-aldaketaren eta planetaren eta ingurumenaren gaineko eraginen inguruan kontzientziatzeko. «Planetaren ordua» izenburupean, proposatzen dena da ordubeteko itzalaldi bat egitea martxoan, 20:30etik 21:30era.