
Iruñeko Udala hainbat ikastetxeren titularra da. Aipagarrienak Joaquín Maya Musika Eskola eta Catalina de Oscáriz Udalaren Arte eta Lanbide Eskola dira, baita Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bidez zuzentzen dituen hamabi haur-eskolak ere.
Joaquín Maya Musika Eskola musika-irakaskuntza ez-arautuko ikastetxea da, eta Iruñeko Udala da haren titularra. Chinchilla jeneralaren kalean dago. Espezialitate hauek ematen dira: akordeoia, baxu elektrikoa, bateria, bonbardinoa, kantua, klarinetea, kontrabaxua, abesbatza, instrumentu-elkarteak, fagota, zeharkako flauta, gitarra, gitarra elektrikoa, musika-hizkuntza, oboea, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronpa, tronboia, tronpeta, tuba-bonbardinoa, txistua, biola, biolina eta biolontxeloa. 2015-2016 ikasturtean, guztira 1.039 lagun egon ziren espezialitateetako batean matrikulatuta.
Horiez gain, musika klasikoari buruzko ikastaro monografikoak egin ziren, helduei bereziki zuzenduak (Entzunaldi gidatuak, Artea entzutea eta Historiako konpositore eta estilo handiak). 67 matrikulazio izan ziren.
Egungo Catalina de Oscáriz Udalaren Arte eta Lanbide Eskolaren aurrekariak 1828koak dira, urte hartan Udal Akademia sortu baitzen. Gaur egun, marrazki artistikoari eta pinturari buruzko ikastaro monografikoak ematen dira. Horrela, 2015/2016 ikasturtean, eskari guztiari erantzun zitzaion, 23 ikasle aritu baitziren marrazkian, eta 28, pinturan. Hortaz landara, 240 lagun hiruhilekoan behingo hiru lantegietan matrikulatu ziren: marrazketa, pintura eta marrazkiaren teoria.
Hamabi dira Udalaren haur-eskolak, eta milatik gora leku eskaintzen dituzte hiriko auzo desberdinetan, bai gaztelaniaz, bai euskaraz, bai ingelesez. 1.010 leku dira, zehazki, eta Nafarroako Gobernuaren titulartasunekoak diren lau haur-eskolen 314ak gehituta, 1.324 leku eskaintzen ditu guztira hiriak. Gaztelaniazko 550 leku daude (eskaintzaren % 41,52); 355 dira ingelesezko jardueradun gaztelaniazko lekuak (% 25,31); eta euskarazkoak 439 dira (% 33,17).
Gaztelaniazko eskaintzak Arrotxapea, Mendebaldea eta Mendillorriko haur-eskolak hartzen ditu. Euskarazkoak, aldiz, Printzearen Harresi, Donibane, Izartegi eta Goiz Eder hartzen ditu. Eta ingelesezko jardueradun gaztelaniazko eskaintza Hello Buztintxuri, Hello Azpilagaña, Hello Egunsenti eta José María Huarte haur-eskolek estaltzen dute.
Haur Eskolen Erakunde Autonomoak zortzi eskolatan birmoldaketa-lanak eta egokitzapenak egiteko programa bat onetsi zuen 2016an, Haur Hezkuntzaren lehen zikloa arautzen duen 28/2007 Foru Dekretuari egokitzeko. Programa lau urtean garatzea aurreikusten da, eta 2,3 milioi euro erabiliko lirateke birmoldaketa-lanetan. Horretarako, zenbait haur-eskola aldi baterako itxi beharko lirateke ikasturtearen zati batean zehar, eta haurrak beste zentro batzuetara eraman beharko lirateke obrak egin bitartean. Kopuru horrek halako 20 baino gehiago joko du Iruñeko Udalak Haur Eskolen sarean 2011-2015eko aldian egindako inbertsioa, orduan 105.433 euro inbertitu baitziren hobekuntza-lanetan, baina horrek ez zuen berekin ekarri zentroek foru-legedian jasotakoa betetzea.
Halaber, 2016an, erakunde autonomoak proposatu zuen Udalak bere gain har zezan berriro, 2017tik aurrera, jantoki-zerbitzuen ardura sei haur-eskolatan, eta garbiketa-zerbitzuena, hirutan. Horrela, erakunde autonomoak berak kudeatuko lituzke zuzenean hamaika haur-eskolatako jantoki- eta garbiketa-zerbitzuak. Salbuespen bakarra José María Huarte haur-eskola da; izan ere, egonaldi erdiko lekuak eskaintzen dituenez soilik, ez du jantoki-zerbitzurik, eta, eskola-ordu gutxiago daudenez, kanpoko enpresa batek egiten du garbiketa, kontratu murriztu batekin.
Udalak hainbat programa eta laguntza-deialdi diseinatu eta eskaintzen ditu ikastetxeei eskolaz kanpoko ekitaldiak bultzatzen laguntzeko eta, era berean, ikastetxeen eta beren lan-esparruko gizarte- eta ekonomia-ingurunearen arteko harremana sustatzeko. Udalak, hartara, hiru ataletan egituratu ditu.
Ikasleek eskola-ingurunea ezagutzeko programak
Programa horrek ikasmaterial osagarria dauka:‘ Iruña eta bere hiri senidetuak ezagutu ’ ikasliburua, Iruñeari buruzko bi joko eta DVD bat. Hiri senidetuak ikasteko jarduera ikastetxe bakoitzean egiten da, eta ikastetxe bakoitzak aukeratzen du zer hiri sakonago ikasi. 2016an, Baiona aukeratu zen gehien, eta, ondotik, Yamaguchi, Paderborn eta Pamplona Kolonbiakoa. Eskola-programa horrek, gainera, hirian bi ibilbide egiteko aukera eskaintzen du: lehenak Iruñeko historian jartzen du arreta, eta hiru orduko iraupena duen ibilbide bat egiten da Alde Zaharrean barrena. Bigarrena, berriz, autobusez egiten da eta hiriko auzoak bisitatu eta alderatzen dira, zer-nolako garapena eta bilakaera izan duten ikasteko.
Programaren osagarri, beste talde batzuei irekita dauden bisita gidatuak egiten dira. 2016an, 2.016 lagunek parte hartu zuten 180 taldetan banatuta. Taldeek Alde Zaharreko hiru ibilbide historikoren artean aukeratzen dute: harresietan barnako ibilaldiak, Donejakue Bidea Iruñean, entzierroaren ibilbidea, ibilbide historiko edo hirigintza-ibilbide bat, eta hiriko auzoak ezagutzea. Taldeek, alde handiz, ibilbide historikoa aukeratu zuten (75 talde).
Apirilaren 16an, Zuhaitzaren Eguna 2016 ospatu zen, eta Patxi Larrainzar eta Buztintxuri ikastetxe publikoetako zein La Compasión-Escolapios ikastetxe itunduko ikasleek parte hartu zuten. Buztintxuriko lorategi batean landatu ziren aleak: Gingo Biloba (7), Carpinus Betulus (1) eta Carpinus Betulus Fastigiata (2). Lehen Hezkuntzako 5. mailako 90 ikasle parte-hartzaileek aurrez ikasi zuten berdeguneak hirietan oso garrantzitsuak direla, bai eta behar bezala zaintzea ere, landaketa-jardueraren osagarri. Jardueraren helburua Iruñeko berdeguneak hazten laguntzea da eta, era berean, ikasleak kontzientziatzea landare-espezieek hirian berez duten balioaz, bai eta behar dituzten zainketez ere.
Jarduera artistikoak sustatzeko eta irakurmen-gaitasuna hobetzeko programak
1996-97ko ikasturtetik hona, Udalak antzerki-lantegiak garatzen ditu Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, haurrek dituzten adierazpen- eta antzezpen-baliabideak aberastea helburutzat hartuta. Hartara, teknikak ere irakasten zaizkie, besteekiko komunikazioa eta harremana errazteko, eta era berean, beste curriculum-arlo batzuekin zerikusia duten ikaskuntza-prozesuak finkatzeko. Programa hau Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleei zuzendua dago, dramatizazioa eta jolas dramatikoa landu ditzaten; halaber, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoentzat da, txotxongiloen bidezko dramatizazioa landu dezaten. 2015/16 ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetarako unitate tematikoa ‘Biziaren hastapenak eta bizitza Lurrean: bidaia bat jatorrira’ izan zen, eta 2016/17 ikasturterako, aldiz, ‘Elementuak: Airea’. 2015/16ko ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoan, 93 taldek parte hartu zuten; 2016/17ko lehen hiruhilekoan, berriz, 26 ikastetxetako 87 taldek. Programa Nafarroako Antzerki Eskolak kudeatzen du, berariaz deitzen den lehiaketa publikoaren esleipenduna baita.
‘Irakurzaletasuna sustatzea’ programa 1996an hasi zen eta, 1997/98ko ikasturtetik aurrera, Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei ez ezik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei ere zuzenduta dago, publikoei nahiz pribatuei, gaztelaniaz nahiz euskaraz. 2016an, 273 jarduera egin ziren. Guztira, 9.463 parte-hartzaile izan ziren, Haur eta Lehen Hezkuntzako 41 ikastetxetakoak, Bigarren Hezkuntzako 26 ikastetxetakoak, Hezkuntza Bereziko 2 ikastetxetakoak eta Helduen Hezkuntzako 2 ikastetxetakoak. Programan hiru jarduera-mota garatzen dira: irakasleendako mintegiak, oso egokiak liburuei buruzko aipamen eguneratuak emateko (iaz, 71 orientazio-bilera egin ziren); ahozko narrazio-saioak, hau da, munduko hainbat herrialdetako herri-ipuinak kontatzen dira (121 narrazio), eta haur-literaturako idazleekiko topaketak, eta horren baita, egile horien kontakizunak irakurtzen dira ikastetxera bisitan joan aurretik (81 topaketa).
Berrikuntza gisa, 2016an zehar, Iruñeko Udalak hitzarmena izenpetu zuen Jaume Bofill fundazioarekin, Lecxit programa abiarazteko Iruñean (‘Irakurmena heziketa-arrakastarako’ gaztelaniazko akronimoa da). Programa aitzindaria da, Lehen Hezkuntzako ikasleen irakurmena hobetzeko, eta hainbat boluntariok laguntzen diete irakurtzen. Ekimena Katalunian sortu zen, 2011-2012 ikasturtean, eta 61 herri eta 120 ikastetxetara hedatu da, eta lurralde horretatik irtengo den lehen aldia da honako hau, Iruñera heltzeko.
Astean behin, irakurtzeko espazio bat eratzea da Lecxiten jarduera nagusia. Bertan, Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailetako ikasleek elkarrizketa- eta irakurketa-aldiak partekatzen dituzte boluntarioekin, eta horrek ikasitakoa errotzen eta irakurmena hobetzen laguntzen die. Boluntarioek entretenimendurako, konfiantzarako eta heziketa-konpromisorako denbora tarte bat sortzen laguntzen dute, parte hartzen duten ikasleekin. Lecxit programaren gakoa da era ludikoan eta atseginean lan egitea, eta hori boluntarioek eta parte hartzen duten haurren ingurukoen inplikazioak egiten dute posible. Programa 2017an estreinatuko da, baina 2016an hasi zen Udala ikastetxeak eta boluntarioak erakartzen; hartara, 8 ikastetxetan hastekoa da, 33 boluntarioren eskutik, 2017ko hasieran.
Programa horiez gain, Udalak hainbat lehiaketa deitu zituen. Alde batetik, XXVI. Literatur Lehiaketa antolatu zen, Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleentzat. Aurreko edizioetan bezala, bi modalitate ezarri ziren: “Ipuina”, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik DBHko bigarren mailara bitarteko ikasleentzat, lau kategoriatan banaturik, ikasmailen arabera; eta, “Komikia”, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko 2. mailara bitarteko ikasleentzat, bi kategoriatan banaturik adinen arabera. Guztira, 587 lan aurkeztu ziren.
strong>‘Dibuja Pamplona/ Iruña Marraztu’ lehiaketa Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolarekin batera egiten da, eta XVI. ediziora iritsi zen iaz; sari gisa, 3.720 euro banatu zituen, marrazteko materialean. Iruñeko San Frantzisko plaza aukeratu zen edizio berrirako, eta 20 ikastetxetako 101 ikasle aritu ziren. Hona hemen irabazleak: Patricia Arcocha, Santiago Muracciole eta Ana Escudero, ‘A’ kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. eta 5. Ikasmailetakoak), eta Felipe de Lucca, Ander Martikorena, Imanol González eta Josetxo Alonso, ‘B’ kategorian (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetakoak)
Diru-laguntzetarako deialdia
Iruñeko Udalak, urtero, laguntzen deialdia egiten du hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei zuzenduta, eskola-liburutegien funtsa handitzeko eta ikasmaterial suntsikorra erosteko. Ikastetxe bakoitzari zenbat diru eman ikastetxe bakoitzaren matrikularen arabera finkatzen da. 2015/2016 ikasturtean zehar, guztira 8.518 ikasle egon ziren matrikulatuta ikastetxe publikoetan, gehi Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzarako Ikastetxeko 1.100 lagun, eta banaturiko diru-laguntzen zenbatekoak 98.330 euro jo zuen guztira: 38.175 euro eskola-liburutegietarako, eta 60.155 euro, ikasmaterialerako; gehienezko diru-laguntza/ikaslea erlazioa 5 euro eta 9 euro izan zen, hurrenez hurren.
Bigarren deialdiak Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetako eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak laguntzen ditu diruz, eskola-eskaintzaren kalitatea hobetzen laguntze aldera. 2016an, eskolaz kanpoko jarduerengatik, 107.220 euro eman ziren diru-laguntzetan; zehazki, 20.000 ikasle inguru dituzten 44 ikastetxeren artean banatu ziren. Dirutza horren % 50 ikastetxe eskatzaileen artean hainbanatzen da, eta gainerakoa, berriz, ikastetxe bakoitzaren ikasle kopuruaren arabera.
Azkenik, ikastetxeetako gurasoek gurasoentzat beraientzat antolatzen dituzten programak eta jarduerak garatze aldera, Iruñeko Udalak urtero diru-laguntzen deialdi bat egiten du Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako Guraso Elkarteentzat. 2015/16ko ikasturteko deialdia maiatzean onetsi eta 2016ko abenduan ebatzi zen; 39 elkarte aurkeztu ziren, eta 65.000 euro eman zitzaien.