Stardust

Stardust proiektu europar bat da, xede duena energia-eraginkortasun orokorra areagotzea eta parte hartzen duten hirietako bizi-kalitatea hobetzea, baita tokiko ekonomia suspertzea eta negozio-eredu berriak sortzea ere. Hori lortzeko bidea da eraikuntzaren, energiaren eta mugikortasun elektrikoaren sektoreak integratzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologia aurreratuenak, konektibitatea, eta gauzen Interneta (IoT) erabilita.

Proiektu hau Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa- eta berrikuntza-programaren barruan finantzatuta dago, 774094 zenbakiko laguntza-hitzarmenaren bidez.

Iruña, Trento (Italia) eta Tampere (Finlandia) hiriekin batera, proiektu honetako hiri aitzindarietako bat da. Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) koordinatzen du.

Proiektuaren iraupena

Proiektua 2017ko urriaren 1ean abiatu zen, eta 5 urte iraungo du.


Kideak

Stardust proiektuak Europako 9 herrialdetako 30 bazkide ditu (9 hiri, enpresa publikoak eta pribatuak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta enpresa txiki eta ertainak).

Hiri aitzindariak Iruña, Trento (Italia) eta Tampere (Finlandia) dira.

Nafarroako bazkideak, Iruñeaz gain, honako hauek dira: Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala - CENER (proiekturen koordinatzailea), Nafarroako Gobernua, Nasuvinsa, Zabala Innovation Consulting, Bee Planet, Iruñerriko Mankomunitatea, eta NUP, Smart Cities Insitutuaren bidez. Espainiako partzuergoa beste enpresa honekin osatzen da: SICE telekomunikazioak.


Aurrekontua

Stardust proiektuaren aurrekontua 21 milioi eurokoa da, eta Europako Batzordearen eskutik guztira 18 milioi euroko diru-laguntza jasoko du. Horietatik gutxi gorabehera 5,5 milioi euro Iruñean jarduketak egitera bideratuko dira, gehienbat nafar enpresen eskutik.


Jarduketak

Stardust proiektuaren esparruaren barruan elkarren artean konektatutako hainbat jarduketa-pilotu gauzatuko dira Iruñean. Hona hemen horietako batzuk: San Pedro auzoko energia-birgaitzea; energia-iturri berriztagarrietatik energia sortuko duen mikrosare elektriko bat instalatzea, eta hondar-beroa ustiatzea hiriko argiteria eta ibilgailu elektrikoak energiaz hornitzeko; Nasuvinsak garatuko duen Etxebizitza-Planeko etxebizitzetako energia kudeatzeko adimendun teknologiarik aurreratuena inplementatzea; mugikortasun elektrikoa bultzatzea, Nafarroako Gobernuak inplementatuko dituen mekanismo pizgarrien bidez; bizikleta publiko elektrikoen sistema berri bat osatzea; ibilgailu elektrikoak azkar batean kargatzeko kargagune bat paratzea; argiteria publikoko sistema adimendunak dituzten guneak ezartzea; etab.

Beste bi hiri aitzindariek ere antzeko jarduketak gauzatuko dituzte, eta haiekin ezagutzak, esperientziak eta emaitzak trukatuko dira.

Halaber, plataforma informatiko bat gauzatuko da, non datuak irauli, eta behin horiek aztertu, filtratu eta antolatu eta gero, hirian sortutako datu kopuru handi hori kontsultatu ahal izango da. Datu horiek baliogarriak izango dira administrazio publikoendako, herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobetzeko; herritarrendako, haien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dien informazioa izango baitute; eta enpresa handi, ertain zein txikiendako eta ekintzaileendako, datuak diru bihurtu ahal izango baitituzte, energiaren, telekomunikazioen zein merkataritzaren alorretan eta beste abarretan zerbitzu berriak eskainita.

Enplegua zein jarduera ekonomikoa sortzea STARDUST proiektuaren oinarrizko helburu bat da. Eta hori lortzeko metodologia bat garatuko da, proiektuaren emaitzak Iruñeko eta Nafarroako ekoizpen-ehunari helarazteko. Oficinae Verdi enpresak ere parte hartuko du, zeinak interesa duten eragile eta enpresek osatutako berrikuntza ekosistemarekin batera lan egingo baitu, negozio aukerak identifikatuz eta negozio-ereduak garatuz, oinarri hartuta energia-eraginkortasuna, energia berriztagarriak, mugikortasun elektrikoa, datuen analisia eta kudeaketa, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.