Harresien ibilbidea

Batasunaren Pribilegioaren ondoren, Erdi Aroko harresiak bazter geratzen hasi ziren. Zaharkitzapen hori berretsi zen Albako Dukearen tropen artilleriak Iruña konkistatu zuenean 1512an.

XVI. mendean, Iruña gaztelar koroaren gune aurreratua bihurtu zen Frantziari aurre egiteko orduan, eta, horregatik, lehen mailako defentsa-sistema bat eraiki behar izan zuten: artilleria modernoari eutsi ahal izateko horma-ezpondak, bastioiak, errabelinak, kontraguardiak, zubi altxagarriak, eta abar. San Bartolome gotorlekua harresietan barna ibiltzeko abiapuntu egokia da. Gune aurreratu hau XVIII. mendean eraiki zen, XVI. mendeko harresien defentsa-izaera sendotzeko asmoz. Jorge Próspero de Verboomek diseinatu zuen, Vauban ingeniari frantziar oso ezagunaren ikasle izandakoak.

Jarraian Labriten Bastioia dago, barruti gotortu osoko bastioirik zaharrena. Ondoan ditu Artzapezpiku-jauregia eta Labrit zein Jito Alai pilotalekuak.

Barbazán Apezpikuaren pasealekua edo Barbazán ingurabidea hartuta, iparralderantz, Redingo bastioian, Zaldi Zuriaren txokora iritsiko gara; hura da hiriko tokirik enblematikoenetako bat eta ohiko defentsa-sistema errenazentista baten gainean dagoen begiratoki ezin hobea. 1960ko hamarkadan eraiki zen gaur egun ikus dezakegun ostatua, kutsu historizista duena eta inguruari Zaldi Zuriaren txokoa izena eman diona, nolabait. San Cristobal gotorlekuak Ezkaba menditik zelatatzen gaitu, hirian egin zen azken defentsa-eraikina eta Gerra Zibileko zenbait gertaera tamalgarriren agertoki izandakoa.

Harresiak zituenez, Iruñeak sei portale baino ez zituen, XVI. eta XVIII. mendeen artean eraikiak. Bertako ariel-etxoletan kobratzen ziren harresiez haragotik iristen ziren jateko, edateko edo erretzeko objektuen gaineko tasak. Redinen ondoan dago Frantziako edo Zumalakarregiren Atea, sei horietatik jatorrizko tokian dagoen bakarra. Hiru ate ditu, eta kontrapisu-sistema eta bihurgune-egiturak mantentzen ditu.

Ingurabideko pasealekuan barna helduko gara San Pedro Errege-erreginen Jauregira, Nafarroako Artxibo Nagusira, alegia. Bertan zegoen elurtegian elurra biltzen zuten, lastoa eta elurra geruzaka tartekatzen zituen sistema zehatz baten bidez (hori dugu gaztelaniazko “limpio de polvo y paja” esaeraren jatorria). Egitura horretaz “elurtzaina” arduratzen zen. Berak zuen elurra bildu, haraino garraiatu, jaitsi, pilatu eta prentsatzeko ardura, baita gero eskatzen zuen edonori izotza ematekoa ere.

Aurrerago, Arrotxapeko Atetik gora –horrek bertan dagoen harresiaren aurrealdeari izena ematen dio – Ate Berrira iritsiko gara, zeina hainbat aldaketa izan arren, Iruñeko sarrerarik ikusgarrienetakoa baita.

Behin Takonerako lorategian –Takonerako bastioian kokatua–, garaipen-arku itxurako ateak ikusiko ditugu, hala nola izen bereko atea, San Nikolas atea eta Taconerako bastioia. Harresi-barrutiaren gainerako bi ateak Arrotxapeko Atea eta Telleriako Atea dira. Biak XX. mendearen hasieran desagertu ziren.

Alabaina, hiriaren gotortzea ez zen osatu Ziudadela eraiki arte, ziur aski, Errenazimentu espainiarraren arkitektura militarrean eredurik hoberena. Fernando Katolikoak Luis Hutínen Erdi Aroko gaztelua eraitsi zuen eta Santiago gaztelua eraiki. Dena den, Iruñeko defentsa-sistema errenazentista ez zen osatzen hasi Karlos I.a Espainiakoaren eta Filipe II.aren erregealdiak arte. Iruñeko Ziudadela, “gaztelu oso nagusia”, hiriaren arnasgune berdea da, Hiriartea arte garaikideko zentroaren kokalekua eta munduan oraindik erabiltzen diren gotorleku pentagonaletan zaharrena. 1571n diseinatu zuten –Filipe II.aren aginduz– Giacomo Palearo (Fratin) italiarrak eta Nafarroako erregeorde Vespaiano Gonzaga y Colonna-k. Haren eginkizuna ulertu ahal izateko, aintzat behar dugu bost bastioietako bi hiriaren barnealdera zuzenduta zeudela; ongi adierazten zion hori Antonelli ingeniariak Filipe II.ari: “kanpoko nahiz barruko arriskuetatik defendatzeko balio beharko du”.

Ziudadelara Armada etorbideko ate nagusitik edo Laguntza atetik sar daiteke, doan.

 

Harresiak eta Hemingway

‘The Sun Also Rises’ eleberrian Hemingwayk behin baino gehiagotan aipatzen ditu Iruñeko harresiak. Horietako batean Jake eta Brett protagonistak jendetzatik atera eta paseo bat ematea erabaki zutela azaltzen du: “Belardi hezea zeharkatu genuen eta gotorlekuen harrizko parapetora heldu ginen. Lautadaren hondoan jada ilun zegoen, nahiz eta oraindik mendiak ikusten ziren. Gertuen zegoen mendian gora zihoan errepidean auto baten argiak ikusten ziren. Tontorrean gotorleku militarraren argiak ikusi genituen. Elkarrekin egin genuen parkea zeharkatzen zuen bidea... eta harresietako portale handikoa, zeinetik hirira berriz ere sartzen zen”.

Eta harresiei ere erreparatzen die Gaseko eskortetan zezenak ikusten daudenean: “Harresi zaharretan eta gotorlekuan zehar jendetza pilatzen zen. Gotorlekuen ondoz ondoko hiru lerroek jende ilara beltzak osatzen zituzten. Harresien gainetik beste askoren buruak agertzen ziren etxeetako leihoetatik”. 

AURREALDEAK

San Bartolome Gotorlekua / Magdalena-Frantziako aurrealdea

Katedralaren ondoan dago; harresiko horma-atal zaharrena da, eta bertako ingurabideko pasealekua hiriko ederrenetakoa da. Gotorlekuen hiru zatitan zabalena da, eta garai bateko Navarreria hirian du jatorria. Labrit eta Redingo bastioiak 1530ekoak dira gutxi gorabehera, eta kanpoaldeko defentsak 1750ekoak.  

1960. urtearen aldera ingurabide zaharra ireki zen jendearentzat, eta pixkana-pixkana pasealekua, defentsak, garita eta harresiko horma-atalak lehengoratu direnez, gaur egun Iruña berriz ere gailentzen zaio altueratik Arga ibaiari harro antzean, garai batean izan zen hiri-gotorlekuaren antzera.

Arrotxapea-Takonerako aurrealdeak

Iruñeko lorategirik zaharrena hiriko harresietatik kanpo zegoen, jatorrian. San Zernin burguaren jatorrizko harresiaren ondoan egiten zen azoka, eta han zeuden San Frantziskoren eta Santa Eulaliaren monasterioak.

Ziudadela eraikitzeko bi aurrealde berri trazatu behar izan zituzten (Taconerakoa eta San Nikolasekoa); hortaz, Erdi Aroko harresi zaharrak eta Taconera eremu berriaren barruan geratu ziren. XVII. mendearen bukaeran, bete-betean erabiltzen ziren Gonzaga bastioia eta Taconerakoa (eta bere portalea), San Rokeko errabelina eta Gonzaga kontraguardia.

1830ean, tokia lorategi bilakatu zuten. Gaur egun, lubanarroetan aire zabaleko zoo txiki bat dago, eta bertan oreinak, ahateak, beltxargak, paumak eta hainbat eskorta-hegazti bizi dira.

Ziudadela

Nafarroako Erresumaren leialtasuna eta hiriaren defentsa bermatzeko, Filipe II.ak gotorleku moderno bat eraikitzeko agindu zuen: Ziudadela. Erregearen ingeniaririk onenetako batek egin zuen proiektua, Giacomo Palearo (Fratin) italiarrak, Anbereseko gotorlekua oinarri hartuta. 

1571n, Vespasiano Gonzaga erregeordeak jarri zuen lehenengo harria, baina 1645 arte ez zituzten amaitu lanak. Gerra-kontzeptu berrian artilleria funtsezkoa zen, eta ingeniaritza militarra ezin zen atzean geratu. Hori guztia aintzat hartu zuten Ziudadela eraikitzerakoan: forma pentagonala zuen, bost txokoetan bastioi bana zituen, baita bost errabelin, bi kontraguardia eta lubanarro zabal bat ere. 

Errenazimentu estiloaren soiltasuna agerikoa da aitzinalde nagusian, non oroitarri batek gogora dakarkigun obren hasierako data. Gainerako harresiek ere kutsu soil eta ikusgarri hori dute.Gotorlekuak funtzio militarra izateari utzi zionean, Iruñeko glazisak –ziudadela errenazentisten defentsen kanpoaldeak inguratzen zituzten eraikuntzarik gabeko lursail zabalak– estilo ingeleseko parke handi bihurtu zituzten: Gaztelugibel. Parkearen tipologiak natura basati eta neurrigabea imitatzen du, estilo frantseseko lorategian ez bezala. Lubanarroak glazisaren azpian doaz, Ziudadelaren kanpoaldeko defentsak inguratuz. Gaur egun ohikoa da iruindarrak ikustea Gaztelugibelek eta lubanarroek osatzen duten hiriaren erdialdeko berdegunerik zabalenaz gozatzen.