San Bartolome Gotorlekua / Magdalena-Frantziako aurrealdea
Katedralaren ondoan dago; harresiko horma-atal zaharrena da, eta bertako ingurabideko pasealekua hiriko ederrenetakoa da. Gotorlekuen hiru zatitan zabalena da, eta garai bateko Navarreria hirian du jatorria. Labrit eta Redingo bastioiak 1530ekoak dira gutxi gorabehera, eta kanpoaldeko defentsak 1750ekoak.
1960. urtearen aldera ingurabide zaharra ireki zen jendearentzat, eta pixkana-pixkana pasealekua, defentsak, garita eta harresiko horma-atalak lehengoratu direnez, gaur egun Iruña berriz ere gailentzen zaio altueratik Arga ibaiari harro antzean, garai batean izan zen hiri-gotorlekuaren antzera.
Arrotxapea-Takonerako aurrealdeak
Iruñeko lorategirik zaharrena hiriko harresietatik kanpo zegoen, jatorrian. San Zernin burguaren jatorrizko harresiaren ondoan egiten zen azoka, eta han zeuden San Frantziskoren eta Santa Eulaliaren monasterioak.
Ziudadela eraikitzeko bi aurrealde berri trazatu behar izan zituzten (Taconerakoa eta San Nikolasekoa); hortaz, Erdi Aroko harresi zaharrak eta Taconera eremu berriaren barruan geratu ziren. XVII. mendearen bukaeran, bete-betean erabiltzen ziren Gonzaga bastioia eta Taconerakoa (eta bere portalea), San Rokeko errabelina eta Gonzaga kontraguardia.
1830ean, tokia lorategi bilakatu zuten. Gaur egun, lubanarroetan aire zabaleko zoo txiki bat dago, eta bertan oreinak, ahateak, beltxargak, paumak eta hainbat eskorta-hegazti bizi dira.
Ziudadela
Nafarroako Erresumaren leialtasuna eta hiriaren defentsa bermatzeko, Filipe II.ak gotorleku moderno bat eraikitzeko agindu zuen: Ziudadela. Erregearen ingeniaririk onenetako batek egin zuen proiektua, Giacomo Palearo (Fratin) italiarrak, Anbereseko gotorlekua oinarri hartuta.
1571n, Vespasiano Gonzaga erregeordeak jarri zuen lehenengo harria, baina 1645 arte ez zituzten amaitu lanak. Gerra-kontzeptu berrian artilleria funtsezkoa zen, eta ingeniaritza militarra ezin zen atzean geratu. Hori guztia aintzat hartu zuten Ziudadela eraikitzerakoan: forma pentagonala zuen, bost txokoetan bastioi bana zituen, baita bost errabelin, bi kontraguardia eta lubanarro zabal bat ere.
Errenazimentu estiloaren soiltasuna agerikoa da aitzinalde nagusian, non oroitarri batek gogora dakarkigun obren hasierako data. Gainerako harresiek ere kutsu soil eta ikusgarri hori dute.Gotorlekuak funtzio militarra izateari utzi zionean, Iruñeko glazisak –ziudadela errenazentisten defentsen kanpoaldeak inguratzen zituzten eraikuntzarik gabeko lursail zabalak– estilo ingeleseko parke handi bihurtu zituzten: Gaztelugibel. Parkearen tipologiak natura basati eta neurrigabea imitatzen du, estilo frantseseko lorategian ez bezala. Lubanarroak glazisaren azpian doaz, Ziudadelaren kanpoaldeko defentsak inguratuz. Gaur egun ohikoa da iruindarrak ikustea Gaztelugibelek eta lubanarroek osatzen duten hiriaren erdialdeko berdegunerik zabalenaz gozatzen.