Hiriaren historiak eta garapenak berdegunez eta zuhaitzez betetako hiria eraikitzea ekarri du, bertan ondare kulturalak eta hiri-izaerak bat egiten dutelarik. Parke- eta lorategi-hektarea ugari ditu, eta, horiei esker, biztanle bakoitzeko parke-azalera handiena duen Espainiako hiria da: 26 m².
Frantziako edo Zumalakarregiren portalearen oinean, hiri harresituaren iparraldeko sarreran, Arga ibaiak meandro bat sortzen du; Iruñeko lekurik berezienetako bat inguratzen du meandro horrek, nekazaritzarako oso interesgarria den gune bat. Lurralde honetako barazkien ontasunak goraipatzeko, Iruñeak hainbat ekitaldi gastronomiko antolatzen ditu urtean zehar, eta hainbat proposamen eskaintzen ditu, hala nola pintxoak, bisita gidatu gastronomikoak, lantegiak, dastatzeak eta uztartzeak eta produktu horri lotutako hainbat jarduera. Horien artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, “Neguko barazkiak”, “Ardo gorriak eta barazkiak”, “Udaberriko barazkiak”, “Ardo gorriaren eta zainzuriaren astea”. Dastatu Iruña Berdea!
LEKU INTERESGARRIAK
Frantziako edo Zumalakarregiren portalearen oinean, hiri harresituaren iparraldeko sarreran, Arga ibaiak meandro bat sortzen du eta Iruñeko lekurik berezienetako bat inguratzen du. 150.000 metro koadroko parke bat da eta Arga ibaiaren ezkerraldean sortzen den meandroan dago, Arrotxapea eta Txantrea auzoen artean.
Parke naturala (erribera), nekazaritza-parkea (baratzeak) eta hiri-parkea (berdeguneak, plazak, haurrendako jolastokiak) ditu, hainbat eremutan banatuta. Baratzeek, ingurune horretan ohikoak diren ekoizpen alderdiak eta alderdi didaktikoak eta gizarte harremanetakoak uztartzen dituzte, jatetxe baten bidez.
Gurbindo Etxea nekazaritza eta abeltzaintzako interpretazio-zentroa da, eta Arantzadiko parkean dago, Iruñearen bihotzean. Bisitan, sentsazioen ibilbidea eskaintzen dute, eta nekazaritzak eta abeltzaintzak Nafarroako ekonomiaren motor gisa duten garrantzia ikusiko duzu.
Gurbindo Etxeak nekazaritzari dagozkion lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duen nekazaritza-gune bat du. Hiriko landa-munduaren erreferentzia-puntu izateko sortu da, landa-ingurunea eta lurraldeko baliabide endogenoak sustatzen dituen turismo- eta aisialdi-gune bihurtzeko.
Iruñeko auzo zaharrenetako batean, Arga ibaiaren ertzean, Zabalza familiak 150 urte baino gehiago daramatza bere baratzeak lantzen, belaunaldiz belaunaldi, kontsumitzaileari baratzeko produkturik onenak helarazten.
Metodo naturalak jarraituz, produktu kimikoak saihestuz, ingurumena zainduz beti eta inoiz jan dituzun barazki eta entsalada samur eta zaporetsuenak lortzeko maitasuna eta interesa jarriz. Iruñea osoan izen handia dute haien crispilla letxugak, tomateak, lekak, borrajak, zerbak eta tipulinak.
La Biblioteca jatetxeak Michelin izar bat du eta naturaz inguratutako abangoardiako hotel batean dago. Nortasun propioa duen hotel honek esperientzia berriak eskainiz harritu nahi ditu bisitariak.
Leandro etengabe ari da inguruneak eskaintzen dizkion aukera berriak bilatzen, soroak eta basoak arakatzen, baratzezainekin, artzainekin, nekazariekin, habitat horiek ezagutzen dituzten jakintsuekin hitz egiten, horiek betidanik hor egon diren osagaiak deskubritzen baitizkiote, baita berrinterpretatzeko antzinako erabilerak ere. Horiek guztiek aukera berritzaile ugari eskaintzen dizkiote gaur egun Leandrori. Horrek esan nahi du Almako platerak basoek eta soroek une bakoitzean ematen dituzten fruituekin prestatzen direla, eta, hala, bazkaldarra iraganera eramaten dutela ezohiko bidaia batean.
Iruñeko erdigune historikoan dago, non bestela?,bere hormen artean hiriburuaren historiaren zati bat gordetzen duen Nafarroako azokarik zaharrena. Azoka tradizional bat da, erdiko patio angeluzuzen baten gainean dago eta askotariko produktu freskoak eskaintzen dituzten banakako postu ugari ditu.
Gaur egungo merkatua 1876an eraiki zen, urtebete lehenago sute batek ordura arte Iruñeko merkatu nagusia izan zena kiskali zuen orube berean. Arrotxapea auzoko baratzezainek han saltzen zizkieten beren produktuak iruindarrei.
Takonerako lorategiak, Iruñeko zaharrenak, hiriaren erdialdean dauden frantziar estiloko lore-baratzeak dira. 1830ean diseinatu zituzten, eta oraindik ere badute kutsu erromantiko hori. Versaillesko lorategien estilo berekoa izaki, legarrezko bide zabalak, eskulturak, parterreak eta heskai ebakiak ditu.
90.000 m²-ko azalera du eta hiriko harresien inguruan dago. Izatez, zati bat harresiaren parte da, esaterako bastioi-hormez inguratuta dagoen lubanarroa. Bertan zoo txiki antzeko bat osatzen duten hainbat espezie bizi dira, hala nola oreinak, faisaiak, ahateak, zisneak eta indioilarrak. Ez du ixteko eta irekitzeko ordutegirik; beraz, nahi duzuenean etor zaitezkete.
Zuhaitzik deigarrienetako bat Japoniar sofora da; vienar kafetegi xarmangarrian dago.
Iruñeko Baluarte kongresu-jauregiaren goialdean dago. Leku pribilegiatua da, hiriaren ikuspegi apartak dituena.
Goi-sukaldaritzako jatetxea da, 2020an 'Sol Repsol' sari batekin saritua. Gure lurraldeko barazkiez gozatu eta testura, zapore eta forma guztietan dastatzeko aukera izanen duzu.
Bi menu dituzte, zure esperientzian zapore tradizionalenak zein azken joera gastronomikokoak ezagutzeko aukera emanen dizutenak. Hori guztia ibilbide profesional handiko eta jatorriz Nafarroako barazkien sehaskakoa den Nacho Gómara Erriberako txefaren eskutik.
Takoneratik irten eta hegoalderantz hartuta, Gaztelugibelera iritsiko gara; hain zuzen, izen hori erabiltzen da Ziudadelako glazis zaharrak izendatzeko. Defentsa-eginkizuna izan zuten, baina gotorlekua Udalarena izatera pasa zenean, 1964an, kulturarako eta aisialdirako gune handi bihurtu ziren.
Ziudadelan dago Kultura Garaikideko Zentroaren egoitza. Bertako eraikinetan hainbat erakusketa eta jarduera aurkituko ditugu, eta lorategietan Oteiza, Basterretxea eta Miralles bezalako autore ezagunen eskulturak.
Gotorlekuaren kanpoaldean, atsegina da paseoan ibiltzea, hala lubanarroen aldean nola Gaztelugibeleko aldean. Bide hauetan ikusten ahal dira, besteak beste, astigarrak, altzifreak, pagoak, izeiak, pinuak, lizarrak, zumarrak eta zedroak. Zuhaiztian hainbat hegazti bizi dira, hala nola apo-hontz europarra (hontz txikia) eta noktulo ertaina edo saguzarra. Azken honek hainbat habia-kutxa ditu parkean.