POMPELO I IRUÑA I PAMPLONA - 2.100 urteko elkarbizitza

2025ean 2.100 urte bete ziren gure garaiaren aurreko (g.g.a.) 75. urte hartatik: iturrien arabera, Gnaeus Pompeius Magnus kontsul erromatarrak, Ponpeiok alegia, urte hartan sortu zuen Pompelo hiri erromatarra, eta bere izena jarriz ohoratu zuen.

Orduantxe sartu zen Iruña historiografia klasikoan hirigune gisa. Nolanahi ere, Iruña zaharraren sustraiak sakonagoak dira, eta baskoien ondarea, tradizioa eta kultura izan dira zuzenean sustrai horien elikadura-iturri nagusia; izan ere, baskoiek ikusi zuten hiria sortzen, eta, 21 mende hauetan guztietan iraunarazteaz gain, nortasun berezia eman diote Iruñeari. Ponpeiok erromatarren kokagune hura bultzatu zuenetik 1.500 urtera, beste gizon entzutetsu bat, Karlos III.a Noblea, hil egin zen, eta Iruña zaharreko katedralean ehortzi zuten: ordurako aitortua zioten Iruñeari Europan finkatuta zegoen estatu bateko hiriburua zela. 1425eko irailaren 8a zen: Karlos III.ak bi urte lehenago sinatu zuen Batasunaren Pribilegioa, Iruña modernoaren sortze-agiria. Agiri hori izan zen lehen pausoa desberdinkeriak gainditu eta askotariko herritarren arteko bizikidetza sustatzea oinarri hartuta gaur egungo Iruña eraikitzeko bidean. Etorkizunean, horrek eragina izan zuen herritarren nortasunean.

Ibilbide historikoa 6 ekitalditan

«Iruñeak historia luzea du: 2.100 urte (baino gehiago)»
1. Ponpeioren hiria baskoien lurraldearen bihotzean

Gure garaiaren aurreko 75. urtean, Gnaeus Pompeius Magnus kontsulak hiria non ezarri erabaki zuen: ez zuen ex novo edo oin berriko toki bat aukeratu, baskoien antzinako herrixka bat baizik. Katedralaren inguruko lurretan zegoen, eta garai hartan ez zekiten nola zuen izena.

Indigenen arrastoak eta etxolen hondoak aurkitu dituzte inguru horretan, eta aurkikuntza horiek agerian uzten dute, zalantza izpirik gabe, hiriaren jatorria erromatarrek sortu baino hainbat mende lehenagokoa dela. Halaber, horren erakusgarri dugu antzeko beste herrixka batean, Iruñetik kilometro gutxira dagoen eta hiritik begi hutsez ikusten den inguru batean, «Irulegiko eskua» aurkitu dutela berriki, eta mundu osoari ezagutarazi.

Nolanahi ere, erromatarrek hiria ofizialki sortu eta urte gutxira sartu zen Iruña historian. Estrabon geografo greziarrak aipatu zuen lehen aldiz, eta hauxe idatzi zuen g.g.a. I. mendean: «Jazetania atzean utzita, iparralderantz, baskoien tribua bizi da, eta Pompelon izeneko hiri bat dago han: Ponpeioren hiria esatearen parekoa da...»  

Hiri erromatarra izan zen argi eta garbi: cardus eta decumanus erromatarren kaleekin sortu zuten hiriaren egitura, foroa zeukan, m llum bat ere bai (merkatua), eta termak ere eraiki zituzten. Dakigunez, hainbat aldiz suntsitu zuten erromatarren garaiaren amaieran, baina suntsitu zuten bezainbat aldiz berreraiki ere bai, eta Erdi Arora sartzean Pamplona izen erromantzea eta Iruña euskarazko izena hartu zituen. Euskarazko izena hainbat eta hainbat dokumentutan azaldu zen XI. menderako, eta «hiria» esan nahi du bere horretan: horrek erakusten du, ezbairik gabe, baskoien lurraldean erreferentziazkoa izan zela beti Iruña.

 

 

 

2. Erresumari bide eman zion kokalekua

Erreferentziazko izaera horren erakusgarri izan zen, halaber, 824. urtetik aurrera hiria Nafarroako Estatuko hiriburu bihurtu izana: hain zuzen, hasierako mendeetan Iruñeko Erresuma izena eman zioten.

XII. mendearen bueltan, Donejakue bideak indarra hartu zuen, eta beste bi «burgu» sortu ziren jatorri baskoi eta erromatarreko nukleo horren babesean: harresiz inguratutako herriak ziren, eta Pirinioetako iparraldetik zetozen «frankoak» bizi ziren horietan. San Zernin «burguaz» eta San Nikolas «hiriaz» ari gara.

Donejakue bideari esker sortutako jarduera ekonomikotik bizi ziren bi burgu horiek, eta gaizki konpontzen ziren bai elkarren artean eta bai jatorrizko civitas erromatarrarekin ere, gaur egungo Nabarreriarekin alegia. Liskarrik handienak 1276. urtean izan ziren, San Zerninek eta San Nikolasek bat egin eta Nabarreria suntsitu baitzuten: Burguen Gerra deitu zitzaien borroka haiei. Nabarreria suntsituta egon zen denbora luzez, eta 40 urtez hutsik egon ondoren hasi zen berriz jendea horra bizitzera joaten, pixkanaka-pixkanaka. 
 

3. Elkarbizitza: irakaspena nortasun

XV. mendearen hasieran, Nafarroako errege handi batek, Karlos III.a Nobleak, eten egin zuen mendez mende hiriak hartu zuen zorigaiztoko ibilbide hori. Burguak etengabe elkarren aurka eta desafioka aritzen ikusteaz nekatuta, Batasunaren Pribilegioa agiri ospetsua kaleratu zuen, hiru burguak Udal bakar batean biltzeko: alkate bakarra, armarri bakarra eta udal-araudi bakarra izanen zuten ordutik aitzina.

Hiru burguen arteko gunea elkarren artean borrokatzeko erabiltzen zuten herritarrek garai batean, eta erregeak agindu zuen hor udaletxea eraikitzeko, gaur egungoa dagoen toki berean; hala, eraikin hori batasunaren ikur bilakatu zen iruindarrentzat. Gaur egun udaletxearen sarreran dauden hitzak izaera ireki eta bakegile haren erakusgarri dira: patet omnibus janua, cor valde magis (ateak zabalik daude denontzat, baina bihotza are gehiago).

1423ko irailaren 8an eman zen argitara Batasunaren Pribilegioa, Karlos III.a hil baino justu bi urte lehenago zehazki: 1425eko irailaren 8an zendu zen. Hortaz, 2025eko irailaren 8an, Batasunaren Pribilegioaren urteurrena izateaz gain, 600 urte beteko dira Karlos III.a hil zenetik; hiriak bidezko erantzuna eman eta behar bezala ospatu beharko luke egun hori. Hiriaren garapenari dagokionez, Batasunaren Pribilegioak hiria harresiz inguratutako barruti bakar baten barruan bateratzea ekarri zuen, eta ondorioz, burguak banatzen zituzten barruko harresiak desagertuz joan ziren apurka. Hitz gutxitan esanda, dokumentu garrantzitsu hori mugarri izan zen: Erdi Aroko Iruña atzean utzi eta hiria Aro Modernoan sartzeko lehen pausoa.

 

 

 

4. El sueño de una capital europea

Beaumontarren eta agaramontarren arteko gerra zibilen garai beltza amaituta, egonkortasuna nagusitu zen berriz Katalina I.aren eta Joan Albretekoaren erregealdian. Iruña, erresuma txiki baina kaudimenduna izaki, Errenazimentuan sartzeko prestatzen hasi zen. Aitzitik, 1512ko Gaztelaren inbasioak eta hurrengo 18 urteetako gerrak zapuztu egin zuten amets hori.

1507. urterako bakean zen Iruña. Udalerri bakar batean bilduta zegoen hiria, eta 1486. urterako bazuen dagoeneko Jureria Etxe berria, udaletxea alegia. Europakoen mailako katedral bat zuen ordurako, klaustro gotiko ezin ederragoa erdian, eta hiria erresumako erakunde nagusien egoitza zen gainera:  Errege Kantzilertza (Real Chancillería), Errege Kontseilua eta Erresumako Gorteak eta Diputazioa. Humanismoak Katalina I.aren eta Joan Albretekoaren erregealdian izandako bultzadari esker, 1490erako inprimategi bat zegoen Iruñean, Gutenbergek makina asmatu eta 50 urtera; eta 1499an Gramatika Ikastegi bat sortu zuten, etorkizuneko unibertsitateen aurrekaria: Gramatika, Latina, Artea eta Filosofia irakasten zuten han.

Dena dela, amets eder hori hauts bihurtu zen 1512ko inbasioaren eta hurrengo 18 urteetako gerraren ondorioz. Europako hiriburu ederretako bat bilakatzeko proiektua zapuztu, eta jokaleku militar periferiko bihurtu zuten Iruña, harresien barruan itxita inperioa frantsesen erasoetatik babesteko.
 

5. Hiri hertsatuak suspertzea lortu zuen

Konkistatik XX. menderainoko lau mendeetan, harresien gerriko ikaragarria baino ez zuten eraiki Iruñean Europari begira. Harresi horiek hiriaren hazkundea mugatu eta ito zuten 1915 arte: orduantxe hasi zen hiria suspertzen.

Argi-izpi gutxi izan ziren garai ilun hartan, eta Caro Barojak La hora navarra del XVIII (XVIII.eko nafar ordua) deitu zion horretatik zetozen argiune horiek nagusiki: barroko berantiarreko zenbait gaztelu eraiki zituzten; XVIII. mendeko galtzada-harriak eta estoldak jarri zituzten; 1790ean, Subizatik Iruñeko iturrietara ekarri zuten ura; 1888an, Lehen Zabalgunea eraiki zuten, harresien barruan nahi eta nahi ez... eta ezer gutxi gehiago.

1915etik aurrera hasi zen Espainiako Gerraren Ministerioa (Ramo de Guerra) harresietatik kanpo eraikitzeko debekua arintzen, eta orduan bai, Iruña inguruko herrixketaraino zabaldu zen: ordura arte terra nullius izan zen eremu hura, inorena ez den lurra, harresietako kanoiek suntsitua. Horrela sortu zen denok ezagutu dugun hiria.

Hasieran Bigarren Zabalgunea deritzona eraiki zuten. Serapio Esparzak diseinatu zuen, 1916an, eta zenbaitek zioten gehiegizkoa zela Iruñearentzat, baina hamarkada gutxiren buruan bete zuten eraikinek. Geroago, Hirugarren Zabalgunea deitzen den eremua altxatu zuten, XX. mendeko bigarren zatiko garapen berriak baliatuz.
 

6. Hiriak itxaropenez eta anbizioz begiratzen dio etorkizunari

Gaur egun 200.000 biztanle baino gehiago bizi dira Iruñean, eta hainbeste eraikin daude ezen atzera-bueltarik gabe bere muga naturalak gainditzera bidean baitoa hiria. Iruña hiri bizia da, irekia eta modernoa.

Balioa aitortzen dio orain arteko historia luzeari, baina beste oinarri batzuk ditu abiapuntu XXI. mendeari aurre egiteko: aniztasuna kulturan, hizkuntzan eta herritarren artean, eta berdintasuna emakumeen eta gizonen artean.