Salvador Pinaquy Ducasse industriaren modernizazioaren aitzindaria izan zen Iruñean. Izan ere, Caparrosoren errota fundizio bilakatu zuen, non hiri-elementuak eta funtsezko azpiegiturak ekoizten baitziren. Ekintzarik gogoangarriena 1874an egin zuen, karlistek hiria setiatu zutenean, hiriko ur-hornidura berrezartzeko sistema bat asmatu baitzuen. Pinaquyren ondareak bizirik dirau hiri-altzarietan, iturrietan eta Iruñeko memorian.
Salvador Pinaquy Ducassek (Baiona, 1817ko irailaren 27a) “Salvador Pinaquy y Compañía” sozietatea sortu zuen 1850ean, eta Caparrosoren errota historikoa galdategi moderno bihurtu zuen. Bertan egiten zituzten estolderia-estalkiak, burdin sareak, ate monumentaletarako mekanismoak, burdinazko zutabeak eta Nafarroako landa eremua modernizatzeko makinak. Dena den, ekintzarik gogoangarriena 1874an egin zuen, karlistek hiria setiatu zutenean, Noaingo akueduktua ixtearen ondorioz Iruña urik gabe geratu zen aldian. Pinaquyk iturburuk bat topatu zuen Caparrosoren errotaren ondoan, eta ura maldan gora hiriraino eramateko sistema bat asmatu zuen; hain zuzen, 1874ko azaroaren 6an ur-hornidura berrezarri zuen. Herritarrek pozez gainezka ospatu zuten Pinaquyk lortutakoa, eta horri esker, domina bat eman zioten, zeinetan hauxe jartzen zuen: “Egarri zenari edatekoa eman zion”.
Galdategia Kale Nagusira eraman zuen 1885ean, eta han aritu zen lanean 73 urte zituela 1890ean hil zen arte. Negozioak zabalik jarraitu zuen Martín Sancena koinatuari esker, eta gerora hiri altzariak egiten hasi ziren. Hain zuzen, Iruñeko paisaian aztarna utzi duten elementuak egiten zituzten, hala nola bankuak eta lehoiaren iturri ikonikoak. Gaur egun, Salvador Pinaquyren ondareak bizirik dirau asmamen eta zerbitzu publikoaren ikur gisa, eta haren izena hiriaren historia industrial, teknologiko eta humanitarioari loturik dago modu ezabaezinean.
