Iruñeko Abokatuen Elkargoko lehen emakume elkargokidea izan zen, eta abokatu-bulego bat sortu zuen 20ko hamarkadan. Abokatu lanetan aritu zen Iruñean eta Donostian, eta gerora Nekazaritza Ministerioko Nekazaritza Erreformarako Batzordean lan egin zuen. Gerra Zibilaren ondoren baztertu egin zuten eta ez zen berriz abokatu lanetan aritu; halere, ez zituen galdu independentzia eta konpromisoa.

Iruñean jaioa 1900ean, María Lacunza zuzenbidearen arloan aitzindaria izan zen Nafarroan eta estatuan. Zaragozan eta Madrilen ikasi zuen, eta 1926an Zuzenbidean lizentziatu zen, unibertsitateetako ikasgeletan oso emakume gutxi zeuden garai batean. Handik gutxira, Iruñeko Abokatuen Elkargoko lehen emakume elkargokidea izan zen, baita Donostiako Elkargokoa ere, eta bulego profesional bat sortu zuen.
1927tik 1931ra abokatu defentsaria izan zen bi hiri horietako auzitegietan. Zuzenbidearen arloan gizonak nagusi izan arren, erakutsitako independentziagatik eta ausardiagatik nabarmendu zen. 1932an funtzionario plaza lortu zuen Nekazaritzako, Industriako eta Merkataritzako Ministerioan, eta Nekazaritza Erreformari buruzko Azterlan Batzordean parte hartu zuen. Horren ondorioz, Europako hainbat herrialdetara bidaiatu zuen.
Gerra Zibilean, Errepublikaren gobernuari jarraitu eta Valentziara joan zen, baina gerra amaitutakoan, garbiketa-espediente baten ondorioz bizitza publikotik baztertu zuten. Bere lanpostura itzultzea eskaini zioten, muga jakin batzuekin, baina berak uko egin zion eta ez zen abokatu lanetan gehiago aritu.
Valentzian bizi izan zen 1984an hil zen arte. Hamarkada batzuk geroago, Maríaren memoria berreskuratu zuten, emakume aitzindaria izan baitzen zuzenbidearen arloan eta belaunaldi berriei bideak irekitzeko borrokan. 2007an, Iruñeko Udalak kale bat eskaini zion Lezkairuko auzoan, Nafarroako lehen emakume abokatua izan baitzen emakumeek arlo horretan lan egitea ia pentsaezina zen garai batean.