Donejakue bidea, Iruñean barna

Donejakue bideari esker, XI. mendetik, Iruña, Orreaga igaro ondoren dagoen lehen hiri handia, truke kultural, ekonomiko eta espiritualerako gune bihurtu zen. Horren ondorioz sortu ziren San Nikolas eta San Zernin burguak. 1423an, burguak bateratzearekin bat, hiri modernoa sortu zen. Donejakue bideak eragin nabarmena izan zuen Nafarroako hiriburuaren nortasunean eta garapen historikoan.

Camino de Santiago

Compostelarako bidean kokaturik, Iruña izan da, mila urtean baino gehiagoan, erromesaldiaren lehenengo hiri handia, Orreaga pasata. Donejakue bideak Iruñean barna egiten duen ibilbideak modu erabakigarrian baldintzatu zuen Nafarroako hiriburuaren historia, hirigintza eta izaera. XI. mendearen amaieran, erromesen etorrerak eta, batez ere, frankoenak, Nabarreria burguaren ondoan, San Zernin eta San Nikolas burguak sortzea ekarri zuen, bakoitza bere lege, hizkuntza eta ohiturekin. Dibertsitate hori gatazka-iturri izan zen, harik eta 1423an Karlos III.ak Batasunaren Pribilegioa aldarrikatu zuen arte, zeinaren bidez hiru auzoak batu eta hiri modernoa eratu baitzuen. 

Gainera, Donejakue bidea Europarekiko komunikazio eta merkataritzarako funtsezko bidea izan zen, merkataritzari eta artisautzari lotutako burgesia indartsua sortu zuen, eta ondare kultural eta espiritual sakona utzi zuen. Horrela, Iruña herrien eta tradizioen arteko topagune bihurtu zen, eta gaur egun ere mundu osoko ibiltariak hartzen ditu. Erromes horiek abegi onez hartzen ditu hiriak eta, ibilbidea egiteaz gain, Donejakue bidearekin lotutako sekulako ondare historiko artistikoa topatzen dute.