Carmen Baroja Nessi (1883-1950)

Kultura-sustatzailea izan zen, eta antzerki-proiektu berritzaileetan nabarmendu zen, baita Lyceum Club Femeninoaren elkartegintza feministan egindako lanagatik ere. Ikerlaria eta dibulgatzailea izan zen artearen eta folklorearen arloetan. Era berean, haur-literatura idatzi zuen, prentsan kolaboratu zuen eta Pío Baroja nebaren testuak zinemara egokitu zituen

Carmen Baroja

Ricardo eta Pío Barojaren arreba, eta Julio eta Pío Caro Barojaren ama, Carmen Baroja Nessik bere burua aldarrikatzen jakin zuen izen handiko gizonez osatutako familia batean. Iruñean, Madrilen, Valentzian, Zestoan eta Donostian bizi izan zen, eta 1906an 6 hilabete eman zituen Parisen. Bertan, artista eta emakume independentea izateko asmoa indartu zuen.

1926an, “El Mirlo Blanco” antzerki-talde berritzailearen sorreran parte hartu zuen, eta urte horretan Lyceum Club Femenino elkartea sortu zuen beste emakume batzuekin batera. Kluba elkartegintza feministaren eredua zen, Londresen jada zeuden entitate autonomo eta autofinantzatuen erara. 

Publizista lanetan ere aritu zen: El Encaje en España (Bartzelona, 1933) lana argitaratu zuen, oraindik ere gai horretan erreferentziazkoa dena, eta 1945ean Catálogo de la colección de amuletos lana, Trabajos y materiales del Museo del Pueblo Español sortaren abiapuntua. Haurrendako hainbat ipuin idatzi zituen “Vera de Alzate” ezizenarekin, Buenos Aireseko La Nación egunkariarekin kolaboratu zuen, eta zinemaren munduan parte hartu zuen, Pío anaiaren lan batzuen egokitzapenak egin baitzituen.