Bearnoko inprimatzaileak penintsulako lehenbiziko inprimategia instalatu zuen Iruñean 1490ean. Horrek erakusten du Nafarroako Erresumak garai hartan zuen garrantzia. Han argitaratu zuen Manuale Pampilonense lana, inkunable hispaniar bakanetako bat. Hamabi urtez Iruñean egon zen, eta ondoren, Logroñora eta Alcalá de Henaresera joan zen; azken horretan inprimatu zuen Biblia Eleaniztun Konplutentsea. Errenazimentuko tipografo handienetako bat da
Arnalt Guillém de Brocar bearnotarra XV. mendearen amaieran iritsi zen Nafarroara, eta erresumako lehen inprimatzailea izan zen. 1490ean, penintsulako lehenbiziko inprimategia instalatu zuen Iruñean. Bertan argitaratu zuen Manuale Pampilonense lana, hirian argitaratutako lehenbiziko liburua eta inkunablerik preziatuenetako bat. Penintsulako lehen inprimategia Iruñean paratzea Nafarroako erresumak garai hartan zuen garrantzi politiko eta kulturalaren adierazle da.
Iruñean bizi izan zen hamabi urteetan era guztietako lanak inprimatu zituen, baina liburu liturgikoetan nabarmendu zen, horiei esker lortu baitzituen ospea eta beste lurralde batzuetako elizbarrutietako enkarguak. 1501ean, Logroñora joan zen bizitzera, eta han Antonio de Nebrijaren lanak argitaratzen hasi zen. Gerora, Cisneros kardinalaren aginduz, Biblia Eleaniztun Konplutentse handia –hispaniar Errenazimentuko obra goren bat– argitaratzeko lanak zuzendu zituen Alcalá de Henares-en–. María de Zozayarekin ezkondu zen Iruñean, eta alabaren bitartez, Lizarrako Manuel de Eguía inprimatzailearekin ahaidetu zen, zeinak segida eman baitzion Arnalten ondareari. Brocar 1523an hil zen, eta haren lan-ibilbideari esker, garai hartako Europako inprimatzaile bikain eta ospetsuenetako bat izan zen.
