Udalak migratzaileen arteko elkartegintza bultzatuko du, partaidetza-organoetan presentzia handiagoa izateko, eta baliabideak eta zerbitzuak haien eskura jartzeko

Udalak migratzaileen arteko elkartegintza bultzatuko du, partaidetza-organoetan presentzia handiagoa izateko, eta baliabideak eta zerbitzuak haien eskura jartzeko
Udalak informazio-bilera bat antolatu du migratzaileen hainbat elkarterekin: otsailaren 25ean (asteartea) izanen da, Calderería kaleko aretoan (Calderería k., 11)

Udalak hainbat ekimen jarriko ditu martxan Iruñean bizi diren migratzaileen arteko elkartegintza sustatzeko. Askotariko hiria dugu Iruña; iaz, Erroldaren % 27 atzerritarrek osatzen zuten: batez ere kolonbiarrek, ekuadortarrek eta perutarrek, baina baita boliviarrek, bulgariarrek eta marokoarrek ere. Atzerritar kopurua handia izan arren, presentzia eskasa dute Udalaren partaidetza-organoetan, eta zailtasunak dituzte Udalak herritarren eskura jartzen dituen baliabideak erabiltzeko. 

Horren harira, otsailaren 25ean, 18:30ean, Udalak bilera bat antolatu du migratzaileekin lan egiten duten eta kultur aniztasunaren arloan diharduten elkarte eta erakundeekin; honako helburu hauek izanen dituzte hizpide bileran: elkarren artean egoera hobetzeko bideak aurkitzea, gune oro inklusiboago izateko hausnarketa-prozesuak  martxan jartzea, hedapen- eta komunikazio-prozesuak berrebaluatzea eta migratzaileek eta elkarteek Udalaren guneak eta baliabideak ezagutu eta erabil ditzaten sustatzea. 

Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorreko zinegotzi ordezkariak jakinarazi du bilera eginen dutela, eta aurreratu du gida bat argitaratuko dutela, aurki: argibide-gida bat izanen da, elkartegintza prozesuak errazteko. Kultur aniztasuneko elkarteendako laguntza-gida gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez, errusieraz eta arabieraz argitaratuko dute.  Gainera, kultur aniztasunarendako dirulaguntzen udal-deialdia hemendik gutxira eginen da, eta aurreikuspenen arabera, laguntza eta aholkuak emateko prozesu bat antolatuko du Alorrak, proiektuen aurkezpena errazte aldera. 

Datorren otsailaren 25ean (asteartea) eginen duten bileran, gida aurkeztea espero dute, baita entitateek beren eskura dituzten udal-baliabideen berri ematea ere; izan ere, aretoen eta guneen erreserbak erraztu nahi dituzte. Besteak beste, baliabide hauen berri emanen dute: Zentro, zentro komunitarioak, Gaztediaren Etxea, Emakumeen Etxea, hiriko liburutegi publikoak, Civivox sarea eta kirolguneak.

Ekintza horiek guztiak Kultur Aniztasunaren I. Planaren (2023 – 2026) esparruan eginen dira, eta helburu dute kultur aniztasunari balioa ematea, herritarren ikuspuntuak aberaste aldera.  Testuak 150 neurri baino gehiago biltzen ditu, lau ildo estrategiko hauetan: kulturartekotasuna, hiri hezitzaile eta bitartekaria, gehiago jakitea aurreiritziak bazter batean uzteko, eta herritarren aldeko apustua.

Gaur arratsaldean, 18:30ean, Aniztasunaren Foroa bilduko da (Calderería kalea, 11). Halaber, sanferminetan parte-hartze inklusiboa jorratzeko lan-saio bat antolatuko da gutxi barru, Iruñeko Udaleko Kulturako Alorrarekin batera. 

¿Te ha sido útil esta página?