Martxoaren 2an abian jarriko da Lezkairuko auzo-unitate berria José Vila ikastetxe zaharrean, eta bertan Santa María La Realeko auzotarrak ere artatuko dituzte

Martxoaren 2an abian jarriko da Lezkairuko auzo-unitate berria José Vila ikastetxe zaharrean, eta bertan Santa María La Realeko auzotarrak ere artatuko dituzte
Otsailaren 17an Milagrosako auzo-unitatea irekiko dute, eta 24an, Donibanekoa, bietako instalazioetan egin diren berritze-lanak amaitu ostean

Iruñeko Udalak martxoaren 2an irekiko du hiriko hamahirugarren auzo-unitatea. Lezkairuko auzo-unitatea izanen da, eta José Vila ikastetxe zaharrean egonen da. Auzo-unitateetan ohikoak diren lehen mailako arretako lau programak eskainiko ditu, eta Lezkairuko auzotarrak artatzeaz gain, Santa María la Real auzokoei ere zerbitzua emanen die. Otsailean irekiko dira, baita ere, Milagrosako eta Donibaneko auzo-unitateak, 17an eta 24an, hurrenez hurren, horien egoitzetan egindako lanak amaitu ostean.
 

María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan azaldu du zeinen beharrezkoa den Lezkairuko auzo-unitate berri hau herritarren eskura dauden baliabideen sarea hobetze aldera. Orain arte, bi auzoek Milagrosako auzo-unitatea zuten erreferentziatzat, eta horrek itxaron-denbora luzeak eragiten zituen bertan jende asko artatzen zelako. Irekiera honekin, auzo-unitateen sarea handitu da, gaur egun dauden 12etatik 13 izatera pasako baitira, Lezkairu zerbitzu publikoz hornitu eta gizarte zerbitzuak Santa María La Realeko auzotarrei ere hurbilduko dizkiete. Izan ere, auzo horretan adineko jende asko bizi da eta Lezkairuko auzo-unitatearen eraikina Milagrosakoa (Irati Errekaren kalean) baino irisgarriagoa da.
 

Halaber, zentro berriak Lezkairu eta Santa María la Real auzoetako auzotarrak artatzeaz gain, Milagrosako auzo-unitatearen jende metaketa arinduko du, hura baita arta-kopuru handienetakoa ematen duena. Horrela, herritarren arreta arindu eta erantzuna modu azkarragoan eta deszentralizatuagoan emanen da, auzo bakoitzean baliabideak egonen baitira aukera-berdintasunaren alde egiteko, herritarra Iruñeko zein auzotan bizi den alde batera utzita. Ia duela hamarkada bat ireki zen azken auzo-unitatea Iruñean. Hain zuzen, 2010eko abenduaren 16an abiatu zen Buztintxuriko auzo-unitatea.
 

Sei kontratazio auzo-unitate berriaz arduratzeko
 

Lezkairuko auzo-unitate berrian zerbitzua emate aldera, Iruñeko Udalak hainbat profil profesional dituzten sei lagun kontratatuko ditu (administrariak, gizarte integrazioko teknikariak, gizarte-langileak). Langileak kontratatzeko inbertsioak ia 220.000 euro joko du, eta Nafarroako Gobernuak % 50 finantzatuko du oinarrizko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko foru-dekretuaren bidez.
 

Iruñeko Udaleko Gizarte Enplegu Babestuko langileek egin dituzte Lezkairuko auzo-unitate berriaren eraikina egokitzeko lanak. Lanak duela hilabete batzuk egin zituzten, izan ere, urritik, eraikin horretan egon da –behin-behinean– Milagrosako auzo-unitatea, Irati Errekaren kaleko egoitzako lanak amaitu bitarte. José Vila zaharreko gune horretan Catalina de Oscáriz arte-eskola zegoen, eta eraikina egokitzeko lanek 20.000 euroko kostua izan zuten. Lan horien ondorioz, banakako hamaika bulego sortu ziren erabiltzaileen beharrei erantzuna emateko, eta harrera egiteko nahiz biltzeko beste gela batzuk ere egin ziren.
 

Auzo-unitateen modernizazioa
 

Auzo-unitateak herritarrei arreta emateko zerbitzu publiko unibertsalak dira, eta Udalaren babes-sistemarako sarbidea dira. Lehen arretako lau programa dituzte: harrera eta gizarte-orientazioa, norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeko programa, gizarteratzea, eta haurrei eta familiei laguntzeko programa.
 

Udalak zerbitzu sozialetan egiten den gastua lehenestearen alde egiten du, baita auzo-unitateen modernizazioaren alde ere, hala arreta-metodologien inguruko kontzeptuei nola udal-instalazioen egokitzapenari dagokienez. Arreta-eredu berriak herritarrei ematen zaien zerbitzua bizkortu eta hobetzen du, eta taldeka esku hartzeko guneen alde egiten du. Pertsonak ardatz dituen eredu bat lortzea da helburua, arreta integral eta holistikoan oinarritua, eta eskaera zatitzen duten laguntza ereduak ekidingo dituena. Eredu hori auzo-unitate batzuetan jarriko da abian, eta modu globalagoan ebaluatuko da, Udaleko langileen eta erabiltzaileen iritziak jasoko baitira.
 

Instalazioen egokitzapenari dagokionez, Milagrosako auzo-unitatea otsailaren 17an irekiko dute, Irati Errekaren kaleko 9ko atzealdeko egoitza berrituan; aste bat geroago, otsailaren 24an, Donibaneko auzo-unitatea irekiko dute, Txokoberri eraikinean (Baiona etorbidea, 30). Milagrosako auzo-unitatean 357.750,99 euro inbertitu dituzte, eta irisgarritasun-beharretara egokitutako sarrera berria egin da; halaber, barruko espazioen banaketa aldatu da, bulego eta bilera-areto berriak egin baitira. Donibaneko auzo-unitateko lanek 224.000 euroko kostua izan dute, eta instalazioak berritu eta handitzeaz gain, beheko solairuan hutsik zegoen karrerapeko espazioa orain erabilgarri bilakatu dute. Kasu honetan, lan horiek egoera zaurgarrian dauden zazpi lagunek egin dituzte, eta horiek kontratatzeko finantzazioa Interes Orokorreko lanak egiteko Nafar Lansareren deialdiaren kargura lortu da.
 

Halaber, Iruñeko Udala lanean ari da egun Jarauta kaleko 43an dagoen Alde Zaharreko auzo-unitatea lekualdatzeko. Auzoaren erdialdetik gertuago dagoen toki bat bilatu nahi dute, errazago iristeko modukoa. Era berean, lekualdaketa baliatu nahi dute egoitza berri horretan egokitze-lanak egiteko.

¿Te ha sido útil esta página?