Landabengo azoka urteko igande guztietan dago zabalik, uztailean eta abuztuan salbu, elikagaien eta jangarriak ez diren produktuen 147 salmenta-posturekin

Landabengo azoka urteko igande guztietan dago zabalik, uztailean eta abuztuan salbu, elikagaien eta jangarriak ez diren produktuen 147 salmenta-posturekin
Udaltzaingoak bi patruilekin kontrolatzen du eremuko seinaleztapena, sarbideak, postuen kokapena eta azokaren garapen egokia

Foto Landaben

 

Iruñeak hitzordua du urteko igande guztietan, uztailean eta abuztuan salbu, Landabengo azokan. Tradizio hori Txantrean egiten zen azoka edo ‘rastro’ delakoaren oinordekoa da. 90eko hamarkadaren hasiera arte bertan egin ohi zen eta gero Landabengo industrialdera lekualdatu zen. Gaur egun, guztira 147 salmenta-postu daude publikoarendako zabalik igande goizetan, 09:00etatik 14:30era.

Iruñeko Udala azokaren antolaketaz eta postuak esleitzeaz arduratzen da, eskatzaileei baimenak ematen dizkie eta jardueraren garapenari dagozkion irizpide batzuk jarraitzen ditu. Postuak Landabengo industrialdearen B, L, C eta K kaleetan jartzen dira. Azoka bi eremutan banatuta dago: batak 75 elikagai- eta janari-postu ditu, eta, besteak, jatekoak ez diren beste produktu batzuen 72 postu. Besteak beste, honako hauek erosten ahal dira: fruitu eta barazki freskoak, arropa, oinetakoak, jostailuak, landareak, larrukiak, kosmetikoak eta abar.

Adjudikatutako postuak zenbakituta eta identifikatuta daude, eta horietako bakoitzak dagokion baimena du, baimenduaren izaera eta bete behar duen lekua adierazita.

Polizia-dispositiboa
Iruñeko Udaltzaingoa arduratzen da eremua kontrolatzeaz eta segurtasunaz azoka bitartean. Dispositiboa azoka ireki baino ordu batzuk lehenago hasten da: esparruak seinaleztatzen dituzte, baimendutakoendako bakarrik diren sarbideak mugatzen dituzte, eta postu bakoitzaren kokapena eta irekiera-ordutegia betetzen dela kontrolatzen dute. Ingurunea ibilgailurik gabe geratzen da 09:00etan azoka irekitzen denerako, eta oinezkoendako eremu bihurtzen da. 

Polizia-dispositiboa bi polizia dituzten bi patruilek osatzen dute. Behin sarbideak kontrolpean daudela, azokak iraun bitartean segurtasuna kontrolatzen dute, besteak beste, udal-ordenantzak betetzen direla ziurtatuz eta eremuan eta inguruan ibilgailuen zirkulazioa zainduz.

Jarduera amaitzen denean, 14:30 aldera, Iruñeko garabi-zerbitzuak seinaleztapena kentzen du. Garbiketa-zerbitzuek, orduan, hondakinak biltzen dituzte eta azoka izan den eremua urez garbitzen dute. Horrela, esparru hori prest geratzen da egunero bete behar duen funtziorako, industrialdeko kaleak lotzeko bide gisa. 
 

¿Te ha sido útil esta página?