Iruñeko Udalak tokiko moda izanen du ardatz azaroan: sektore hori ikusgai egiteko eta komunitatea sortzeko jardueren programa zabala antolatu da

Iruñeko Udalak tokiko moda izanen du ardatz azaroan: sektore hori ikusgai egiteko eta komunitatea sortzeko jardueren programa zabala antolatu da
‘Iruña moda da’ programaren barruan, ekimenak prestakuntza-lantegiak, topaketak eta beste jarduera batzuk barne hartuko ditu
Fitxategi
Fitxategi
moda


Iruñeko Udalak, azaroan, modaren sektoreko hiriko profesionalen jarduna ezagutzera eman eta ikusaraziko du, eta horretarako, prestakuntza-lantegiak, topaketak eta beste jarduera batzuk barne hartuko dituen programa zabal bat antolatu du. Ekimena Iruña moda da programaren barruan dago eta xede du herritarrei lanbide hori hurbiltzea, ogibideari eusten dioten pertsonak aintzatestea eta hiriko profesionalen komunitateko kideek elkar ezagutzeko aukera sustatzea, harreman profesionalak sortzea eta proiektu bateratuak gauzatzea.

Azarorako programazioa ikasketatik topaketara doan ibilbide gisa antolatu da. Horretarako, lau ekintza-bloke hauek antolatu dira: Janzten duten oroitzapenak, Lanbide irekia, Janzten duen hiria eta Lotzen duten hariak. Blokeak kokagune desberdinetan eta askotariko formatuetan eginen dira. Ibilbide horren bidez, lanbidearen transmisioa, ideia bat jantzi bilakatzeko prozesua eta jantziak amaierako kontsumitzaileraino heldu aurretik egiten duen ibilbidea erakutsi nahi dira. Programazio osoa Iruña moda da webgunean kontsultatzen ahal da. 

Programaren berritasun nagusiak gaur (osteguna) aurkeztu dituzte Mikel Armendariz Barnechea, Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkariak eta Ilazki Martirena moda-diseinatzaile, ekintzaile eta Iruña moda da programaren koordinatzaileak.

Aitortza eta prestakuntza-jarduerak
Janzten duten oroitzapenak blokearen barruan dauden ekintzen bidez, hilabete osoan zehar, hiriko erakusleihoetan, beren bizitza modari eskaini diotenen izenak, aurpegiak eta ibilbideak eta modarekin lotutako lanbideak ikusgai jarriko dira. Ekimenaren bidez, beren lanarekin, lantegiekin eta saltokiekin modaren ogibidea eraiki eta Iruña denboran zehar jantzi duten pertsonak omendu eta aitortu nahi dira.

Lanbide irekia izeneko bigarren ardatzaren xedea da herritarrek modaren inguruko prozesuak eta tresnak ezagutzea 22 lantegi eta jardueraren bidez; gaika eta taldeka antolatuko dira jarduerak, hileko aste bakoitzaren arabera. Lehenengo astea, azaroaren 2tik 8ra bitarte, prestakuntzari eskainiko zaio. Ikastetxeek, eskolek eta hezkuntzako profesionalek lanbidea eta modaren sektorean lan egiteko beharrezko gaitasun teknikoak eta sormen-gaitasunak erakutsiko dituzte. Azaroaren 3an (asteartea) hasiko da, 17:30ean, Nafarroako Unibertsitatean eginen den topaketa batekin: Marta Torregrosak bideratuko du eta arropari buruzko istorioak eta horrek dituen esanahiak aztertuko dira. Astean zehar, hiriko hainbat pertsona, kolektibo eta enpresak beren lokaletan bertan prestakuntza-saioak eginen dituzte honako gai hauei buruz: joskintza industriala, patroigintza, materialak, artisautza, sorkuntza eta esperimentazioa.  

Azaroaren 9tik 14ra bitarteko astean hornitzaileek eta lanbideari lotutako guneek hartuko dute lekukoa. Hiriko saltokiek zein enpresa espezializatuek ateak irekiko dituzte jendeari sorkuntza-prozesu bakoitzean erabiltzen diren ehunak, makinak, materialak eta tresnak erakusteko. Azkenik, azaroaren 16tik 19ra bitarteko astean, modaren sektoreko enpresak izanen dira protagonista. Hainbat saiotan, diseinatzaileek, lantegiek eta beste enpresa batzuek beren lan-prozesua erakutsiko dute: jatorrizko ideiatik eta materialen aukeraketatik hasi eta beren proposamenak egin eta aurkeztu arte. 

Jarduera guztiak doan dira, baina aldez aurretik izena eman behar da, eta gehienez ere hirutan ematen ahal da izena, 010 telefonoan.

Topaketak, loturak eta komunitatea
Janzten duen hiria izeneko hirugarren ardatzaren barruan lehiaketa bat eta lau topaketa eginen dira azaroaren 19tik 21era bitarte, ideiak trukatzea eta loturak sortzea sustatzeko xedez. Iraganetik orainera erakusketa azaroaren hirugarren astean bisitatzen ahalko da, 14tik 23ra, Pompelo Civivoxeko irakurgelan. Erakusketa modaren adierazpen ezberdinak ezagutzeko eta sektorearen parte direnen lana ezagutzeko erakusleiho gisa sortu da.

Topaketen programa azaroaren 19an (osteguna) hasiko da, 18:00etan, Maria Clè Leal-ek gidatuko duen Moda jasangarria jardunaldiarekin. Sortzaileak ardi latxaren artilearekin izandako esperientziatik abiatuta, materialen, berrerabilpenaren eta kontsumo arduratsuaren inguruko proiektuak ezagutzeko eta iritziak trukatzeko aukera izanen da jardunaldian. Hurrengo topaketa Modan ekintzaile izatea izanen da, azaroaren 20an (ostirala), 14:30ean: La tienda de la vecina dendako Sonia Romero marka bat sortzeari buruz eta marka hori jendeari hurbiltzeari eta proiektu bideragarri bat lortzeari buruz arituko da.

Azken jardunaldia azaroaren 21ean (larunbata) eginen da, bi topaketa hauekin: Goizez, Patroiak apurtu eta loturak sortu saioa eginen dute Aitor Acilúk eta Marta Bariáinek: parte hartzeko lantegi bat izanen da eta elkarren artean ezagutzeko eta sektoreko pertsonen artean esperientziak partekatzeko diseinatuta egonen da. Arratsaldean, programazioari amaiera emateko, ekitaldi bat eginen da Daniel Chong eta Guillermo Décimo diseinatzaileekin. Azaroan gertatutako guztia biltzeaz gain, hiru ikuspegi eskainiko dira: marka baten garapena eta marka horrek publikoarekin duen harremana; jantzi bat eraikitzen duen sorkuntza-prozesua eta lanbidea, eta modaren ondarea kontserbatzearen eta hedatzearen garrantzia. Fran Mezcua irratiko kazetariak aurkeztuko du ekitaldia eta Nafarroako modan berezia den pertsona bati aintzatespena eginen zaio.

Topaketetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da azaroaren 3tik aurrera, 010 telefonoan.

¿Te ha sido útil esta página?