Iruñeko Udalak ‘LGTBSI / LGTBAI’ kanpaina abiatu du sexu- eta genero-aniztasunarekiko errespetua eta aintzatespen positiboa sustatzeko

Iruñeko Udalak ‘LGTBSI / LGTBAI’ kanpaina abiatu du sexu- eta genero-aniztasunarekiko errespetua eta aintzatespen positiboa sustatzeko
Siglekin egindako jolasaren bidez, leloak LGTBI pertsonen aintzatespen positiboa bilatzen du, gizarte-balio eta -aberastasun gisa
LGTBSI - LGTBAI

 

Iruñeko Udalak ‘LGTBSI / LGTBAI’ kanpaina abiatu du sexu- eta genero-aniztasunarekiko errespetua sustatzeko xedez. Lelo horrek kolektiboaren ohiko inizialekin jokatzen du, baina gehigarri positibo horrekin: aniztasuna aitortzea eta onartzea sexu-orientazioari, genero-adierazpenari, sexu- edo genero-identitateari, harreman afektibo-sexualei eta familia-harremanei dagokienez.

LGTBIfobiaren kontrako kanpaina honen bidez Udalak Iruñean LGTBI pertsonak ikusarazten eta haien benetako berdintasuna sustatzen laguntzen du. Lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen (LGTBI+) eskubideak garatu eta bermatzea eta pertsona horiek diskriminazio- eta indarkeria-egoerak pairatzea saihestea gizartearen zein erakundeen erantzukizuna da, hartara ziurtatzeko aniztasun afektibo eta sexuala askatasun osoz bizi daitekeela. Kanpaina, batez ere, sare sozialen (Facebook, Twitter eta Instagram), komunikabide digitalen eta kalean bertan dauden euskarrien (mupiak eta Gazteluko Plazako informazio-pantaila) bidez eginen da. Halaber, kanpainaren ezaugarriak jasotzen dituen eskuorri bat argitaratu da. Kanpaina Errea Comunicación enpresak egin du, Iruñeko Udalaren diseinu- eta publizitate-estrategiako lanak egiteko esparru akordioarekin bat.

Udalak egindako Iruñeko LGTBI populazioaren errealitateen diagnostikoan atal espezifiko bat dago, LGTBI populazioaren diskriminazioa eta eskubide-urraketa eta indarkeria LGTBIfobikoak jorratzen dituena, hiriko sexu- eta genero-aniztasunari buruzko politika publikoak garatzeko lan-eremu garrantzitsu gisa. Iruñeko Udalak ere badu LGTBI+ pertsonen kontrako erasoei erantzuteko eta haietan koordinatzeko protokoloa.

Hiruhilekoko programazioa Harrotun

Kanpaina hau abian jartzea bat dator Harrotu Zentroaren urteko lehen hiruhilekoko jarduera-programarekin. Martxora bitarte, 15 bat ikastaro, lantegi, hitzaldi eta topaketa antolatu dira, herritar orori irekita eta doan. Jarduerak, nagusiki Harrotun (San Gregorio k. 28) eginen dira, baina beste gune batzuetara ere helduko dira, hala nola, Gaztediaren Etxera eta Nafarroako Antzerki Eskolara.

Harrotuko programazioa hainbat programatan banatzen da. Norberaren ahalduntze-programan bi lantegi eginen dira, arte-workshop bat euskaraz eta crossdressing-ari buruzko beste bat. LGTBI kolektiboaren ahalduntzea sustatzeko programan, letra-topaketak eginen dira, ‘T’ transena, ‘L’ lesbianena eta ‘B’ bisexualena; eta topaketa intersekzionalak LGTBI migratzaileekin, LGTBI pertsonen senideekin eta LGTBI pertsona helduekin. Sentsibilizazio-programen barruan, honako hauek eginen dira: rap lantegiko ‘Con fuerza’ bideokliparen aurkezpena, Dom Campistronen ‘Bekatorosak’ liburuaren aurkezpena, LGTBI+ poesia-jokoa eta ‘Pride’ antzezlanaren taularatzea, Plaza de la Cruz BHIko antzerki-taldearen eskutik. Sentsibilizazio-programen barruan ‘Eraikuntza identitarioak’ argazki-erakusketa eta ‘Mujer trans: mi realidad migrada’ mahai-ingurua antolatu dira. Azkenik, ‘Harrotu adi duzu’ boluntarioendako programa dago, LGTBIQ+ pertsona eta kolektiboek batera lan egiteko sareak sortzeko espazioa.

Hiruhileko honetan, halaber, honako efemeride hauek ospatuko dira: Kiroleko Homofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna (otsailak 19), Emakumeen Nazioarteko Eguna (martxoak 8) eta Trans Ikusgaitasunaren Nazioarteko Eguna (martxoak 31). Informazio osoa berdintasunari eta LGTBri buruzko udal webguneko Harrotu zentroari eskainitako atalean eskuragarri dago.

¿Te ha sido útil esta página?